Albiste da
Superabita
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskadik 530 milioiko superabita izan du 2019ko irailera arte

Ogasun Ministerioak argitaratutako datuen arabera, EAEko BPGaren % 0,69 da. Nafarroak ere izan du superabita, 39 milioikoa.
Hainbat herritar, Bilboko kale batean, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Hainbat herritar, Bilboko kale batean, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Euskadik 530 milioi euroko superabita izan du bere kontuetan 2019ko irailera arte, hau da, Barne Produktu Gordinaren % 0,69; epe horretan, autonomia-erkidegoek, guztira, 3.684 milioi euroko defizita izan dute. Nafarroan, halaber, superabita izan da, 39 milioikoa, BPGaren % 0,18.

Estatuko lau erkidegotan izan dute superabita, euren kontuetan, urteko lehen bederatzi hilabeteetan; EAEz eta Nafarroaz gain, hauek erregistratu dute superabita: Kanariek (525 milioi) eta Balearrek (48), Ogasun Ministerioak ostegun honetan argitaratutako datuen arabera.

Euskadik, gainera, iaz epe horretan bertan izandako superabita gainditu du; orduan, 493 milioikoa izan zen, BPGaren % 0,67.

Estatuan, bederatzi hilabete horietan, urtetik urterako defizit publikoa % 20,7ra murriztu da, 6.303 milioikoa izanda; hau da, BPGaren % 0,50. Diru-sarrerek gastuek baino gehiago egin dute gora, % 2,5 eta % 1,4, hurrenez hurren.

Lehen mailako terminoetan, hau da, zorraren interesen kostua kontuan izan gabe, Estatuak 14.374 milioiko superabitarekin itxi du urria; 2018ko garai bereko datuekin alderatuta, % 5,5 igo da, BPGaren % 1,15, hain zuzen.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi