Nafarroako Erribera bere onera etortzen ari da
Normaltasuna pixkanaka berreskuratzeko lanean ari da Nafarroako Erribera. Bitartean, Ebroren kudeaketak administrazio eta entitate ezberdinen arteko eztabaida piztu du; izan ere, aste honetako ur-goraldiak uholde historikoak eragin ditu. Espainiako Gobernua kaltedunei laguntzeko neurriak prestatzen ari da.
Tutera ?pixkanaka-pixkanaka? normaltasunera itzultzen ari da kaleen eta etxeen garbiketa lanekin. Hala ere, Erriberako hiriburuan ?datozen egunetan lana gogotik? egin beharko dute, Maribel Echave Blanco (UPN) Industria eta Enplegu zinegotziak adierazi duenez.
Ura kaleetatik ?ia guztiz? desagertu dela erantsi du Echavek. Eguerdian etxera bueltatzerik ez zuten tuterarrak zeuden oraindik, baina kaleak zabaldu ahala itzuli dira.
Buñuelen ere bizilagun guztiak euren etxeetara bueltatu dira, Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak jakitera eman duenez. Kaleak eta etxeak garbitzeari ekin diote berehala.
Nafarroako Erriberan, alerta gorria Mendabian bakarrik mantentzen du Ebroko Konfederakunde Hidrografikoak (CHE). Ibaiak segundoko 676 metro kubiko daramatza eta 3,5 metroko altuera du.
Diru-laguntzak lortzeko prozedura bizkortzea Gobernuaren ?lehentasuna? dela adierazi du gaur Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Zaragozan. Zentzu horretan, kaltedunei laguntzeko dekretua ostiralean onartuko dutela aurreratu du.
Bitartean, UAGN sindikatuak elkarretaratzea deitu du datorren asteazkenerako Zaragozan, Ebroko Konfederakunde Hidrografikoaren egoitzan. Konponbideak eta premiazko kalte-ordainak eskatuko dituzte protestan.

Garbiketa lanak Tuteran. Argazkia: EFE
Txosten juridikoa
Ur-goraldiak saihesteko eta ibaiak zaintzeko orduan administrazio bakoitzaren eskumenak zehazteko txosten juridiko bat eskatu du Nafarroako Parlamentuak. PSNk aurkeztutako ekimena izan da.
Isabel Garcia Tejerina Nekazaritza eta Ingurumen ministroak eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak zonaldea bisitatuko dute astearte honetan.
Bestalde, azken egunetako uholdeen kaltedunei laguntzeko bi finantziazio mekanismo onartu ditu Caixabankek Nafarroan. Uholdeek kalteak batez ere Erriberan utzi dituzte.
Finantziazio mekanismo berezi bat partikularrei eta enpresei laguntzeko izango da. Lokaletan, tresnerian, ibilgailuetan eta makinerian kalteak izan dituztenei laguntzeko mekanismoa izango da.
Entitateak agiri batean jakitera eman duenez, Nafarroako edozein bulegotan baldintza horietan diru-laguntza jasotzeko aukera izango dute kaltedunek, baina aldez aurretik Aseguru-etxeen Ordain Partzuergoari igorritako agiriaren kopia aurkeztu beharko dute.
Era berean, nekazariei eta abeltzainei laguntzeko beste finantziazio mekanismo berezi bat ezarri du entitateak. Alde batetik, maileguak baldintza berezietan eskuratzeko aukera izango dute nekazari zein abeltzain kaltedunek, eta bestetik, Landa-aseguruaren aurrerakin bat jasotzeko aukera izango dute, kalte kopuruaren % 80ra arte, alegia.

Babes Zibileko kideak Tuteran. Argazkia: EFE
Izagirre: "2011ko uholdeenak baino txikiagoak izango dira kalteak"
Joan den asteko euriteen ondorioz izandako uholdeek Donostiako Martutene eta Txomin-Enea auzoetan utzitako kalteak 2011n egindakoak baino txikiagoak izango direla uste du Juan Karlos Izagirre alkateak. Izan ere, orain lau urte jazotakoak kalte larriak egin zituzten, azken hamarkadetako handienak.
Izagirrek prentsaurrekoa eskaini du gaur otsailaren 25 eta 27ko uholdeen balorazioa egiteko. Urumea ibaiak gainezka egin ostean, bi auzootako egoera bideratzeko Krisi Mahaiak hartutako erabakiez mintzatu da alkatea. Agerraldian Krisi Mahaia osatu zuten gainerako kideekin batera agertu da, hala nola, Babes Zibila, suhiltzaileak, Gurutze Gorria, DYA eta kaltetutako bizilagunen bozeramaile bat.
Alkateak aurreratu duenez, oraingoz ez dago kalteen estimazio ofizialik baina, bere ustean, 2011n izandako uholdeek egindakoak baino txikiagoak izango dira. Orduko hartan, Urumearen maila 5,5 metrora heldu zen, eta oraingo honetan, berriz, 4,9 metroa igo da.
Horrez gain, 2001ko uholdeek egun gehiago iraun zuten, eta horregatik ere, litekeena da kalteak txikiagoak izatea.
Lanak Urumean
Urumea ibaiaren ubidean egin beharreko lanen inguruan ere aritu da Izagirre. Beharrok 30 hilabeteko epean egingo dituela hitzeman du Eusko Jaurlaritzak eta epea "beteko" den itxaropena du alkateak.
"Badakigu denda, garajea edo etxebizitza urpetzen zaionari 30 hilabete eskatzea askotxo dela, baina herritarrek jakin dezatela denbora horretan eurekin egongo garela eta edozein larrialdiren aurrean, joan den astean bezala jardungo dugula", esan du Izagirrek.
Pasealeku Berria itxita mantentzea erabaki du Udalak; izan ere, Urgull mendiaren hegalean ?ezegonkortasuna? antzeman dute Gipuzkoako Argazki Elkartearen eraikinetik gertu.
Urtarrileko uholdeek kalteak
Zallan (Bizkaia) urtarrilean izandako uholdeek hiru milioi euroko kalte materialak egin zituzten, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak emandako datuen arabera.
Zallako Udalak azaldu duenez, etxejabe eta jabe-elkarteek 357 eskari jarri dituzte; ibilgailu-jabeek, 35; saltoki, biltegi eta trastelekuen jabeek, 106, eta bulego eta industria arduradunek, 14.
Partzuergoak 512 eskari jaso eta 315.376,20 euro aurreratu ditu. Dena den, kalte materialen zenbatekoa ia hiru milioi eurokoa, zehazki 2.864.362,94 eurokoa.
Erreklamazio gehienak (% 75) etxejabeek eta jabe-elkarteek egin dituzte. Bi talde horiei ez diete frankiziarik ezarriko, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak jakinarazi duenez.
Denda, biltegi, trasteleku, bulego eta industriaguneen jabeei % 7ko frankizia ordainaraziko diete.
Zure interesekoa izan daiteke
Pedofilo bat atxilotu dute Gasteizen kautelazko neurriak urratzea egotzita, adingabeei argazkiak ateratzeagatik
Ostegunean atxilotu dute, ikastetxe, haurtzaindegi, haur-parke eta adingabeak biltzen diren beste edozein lekutara hurbiltzeko debekua urratu duela jakin eta gero.
Ainara erreskatatu zuen suhiltzailearen esanetan, "ia ezinezkoa" zen baldintza haietan bizirautea
Julio Revuelta, Santanderko El Bocaleko istripura heldu zen suhiltzaileen lehen taldeko burua, Ainara (bizirik atera zen bakarra) zegoen tokira jaitsi zen lehena izan zen. Biktima zegoen lekura nola heldu zen eta estutasun betean erreskatea nola bizi izan zuen esan digu.
Errejon salatu zuen bigarren emakumeak ez du bere burua berretsi, izu-atake bat jasan ostean
Salatzailearen abokatuak uste du kasua artxibatu egingo dela "beharrezko pauso hori" eman ez duelako, baina "aurrera egiten" saiatuko dela ohartarazi du.
AP-8aren eta AP-1aren arteko lotunea itxiko dute igande gauean Eitzako tunelean mantentze-lanak egiteko
Bilborako noranzkoan, 21:00etatik 05:00etara bitartean egongo da itxita. Bilborako noranzkoan AP-8tik doazenek eta AP-1era sartu nahi duten erabiltzaileek Eibarren atera beharko dira, noranzkoa aldatu, eta handik AP-1era Gasteizko noranzkoan sartzeko adarra erabiltzeko.
Gizon baten gorpua aurkitu dute Bilboko itsasadarrean, Sestao parean
Hilotza uretatik atera eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman dute, autopsia egin diezaioten. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertakariaren nondik norakoak argitzeko eta hildakoa nor den zehazteko.
Realeko zale bati 3.000 euroko iruzurra egin diote, Errege Kopako finalerako sarrerak erosten saiatu denean
Guardia Zibilak eta Ertzaintzak apirilaren 18an Sevillan jokatuko den partidarako sarreren iruzurrezko salmentaren berri eman dute, eta txartelak erosteko bide ofizialak soilik erabiltzeko eskatu dute.
Ikertutako agentea, hiru familia eta Santanderko Udala pertsonatuko dira istripua argitzeko auzian
Istripua ikertzen ari den epaileak diligentzia berriak agindu ditu, eta abisuei erantzuteko protokoloak, bizilagunen kexak eta pasabidearen egoerari buruzko txosten bat eskatu ditu.
Korrikaren hasiera zuzenean Atharratzetik
24. Korrika martxoaren 19an hasiko da Atharratzen. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da 14:30etik aurrera.
La Sallek "barkamena" eskatu die Patxi Ezkiagaren biktima guztiei
Erakundeak gaur bertan publiko egin duen oharrean, biktimek “bizi izandako sufrimendua” aitortu du, bai eta "gertatutakoa prebenitzen edo detektatzen jakin ez izana” ere, eta “zubiak eraikitzeko, topaketa-bideak bilatzen jarraitzeko eta eragindako mina aitortzeko bidean aurrera egiteko” borondate argia erakutsi du.
Osakidetzak bere gain hartu ditu anputatutako gorputz zatien kostuak eta kudeaketa
Euskal osasun sistema publikoak instrukzio berri bat onartu du, eta, horren arabera, bere gain hartuko ditu gorpuzki horiek errausteko kostuak eta tramiteak, betiere pazientearen edo horren senideen baimena izanez gero.