Olaso Dorrea Fundazioaren funtsak handituz doaz, dohaintza baliotsuei esker
Olaso Dorrea Fundazioa bere artxiboak eta Monzon-Olaso Etxe Museoaren bilduma (Bergara) handitzeko eta aberasteko lanean ari da. XX. mendetik gaur arteko historian sakondu nahi du Fundazioak, bai eta ezagutarazi ere, eta, bide horretan, hauek jaso dituzte: Telesforo Monzonek gordetako Sabino Aranaren mikrofilmatutako obraren kopia bat, Lauaxetaren gabardina eta gurutzea, Karmele Urrestiri eta Txomin Letamendiri (Karmele filmeko protagonistak) Agirre lehendakariaren Gobernuak emandako dokumentazioa, Otaegi eta Garmendiaren aldeko pankarta, bala tiroz zulatutako Txomin Iturberen alkandora eta Txillarre baserriko lehen akordioaren originala.