Ingelesak maitemindu dituen ilustratzaile bizkaitarra
Angel Dominguez (Galdakao, 1953) Londresera heldu da, Mamen emaztearekin, Through The Looking-Glass (Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena) azken lana aurkeztera. Denis Hall editorea zain dauka, eta aireportuaren kanpoaldean atseden hartzen ari den auto txikian sartzeko keinua egin dio Dominguezi. Liburuek hartuta duten autoan sartu da eta Mamen non sartuko ote den galdetu dio editoreari: "Zure altzoan" , erantzun dio. "Eta gerrikoa?" galdetu dio Angelek ingurua arakatuz, "Zure besoekin besarka ezazu", editoreak.
Bere bizitzako azken pasarte honek Angelen bizitza labur dezake. Izan ere, duela lau hamarkada Galdakaoko etxean komikiak marrazten hasi zenetik, milaka kilometro egin dituzte ilustratzaile bizkaitarraren marrazkiek. Milaka kilometro eta kilometro halako pasadizo. Euskal Herritik Estatura lehenengo eta New Yorkera, Errusiara, Jordaniara, Japoniara eta Ingalaterrara gero. Ingalaterra, bizkaitarraren bigarren etxea. Eta Carollen Alicia, bere pertsonaiarik maitagarrienetakoa.
Dennis Hall Inky Parrot Press etxeko 89 urteko editore apartak eman dio ilustratzaile galdakarrari Aliciari buruzko Carrollen bilduma amaitzeko aukera, duela 19 urte New Yorken Alice?s adventures in wonderland argitaratu ostean. Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena nazioartean sona handia duen ilustratzaile autodidakta, arduratsu, umoretsu eta batez ere apal honen lanik neketsuena eta zorrotzena da. Amaigabea da Angelek irudiztatu dituen argitalpenen zerrenda: Precisamente así (Juventud, 1999), Dioses y héroes de la Grecia antigua (2000), Altxorren bilatzaileak. Piraten ipuinak (Juventud, 2004), Mila eta bat gauen gauak (Juventud, 2006), Oihaneko liburua (Juventud, 2009), Aliceren abenturak lurralde miresgarrian (Artisan-Workman, New York, 1996)-, Printzipe zoriontsua (Japonian argitaratu zuen), Diary of a Victorian Mouse (Michael O?Mara Books-London 1991), The Twelve Days of Christmas (Michael O?Mara Books-London), Classic Animal Stories (Michael O?Mara Books-London) eta The King's Gift (Michael O?Mara Books- London 2000), besteak beste.
Ingalaterratik etorri berri, Laredoko etxean hartu gaitu Angel Dominguezek. Eta, begirada bi solairuko eraikin grisean soilik jarrita, Londresen gaudela ematen du. Behin barrura sartuta, begi bateko katu batek hartu gaitu, Angelek Alicen liburuko lehen kapitulura eraman duen katua hain zuzen. Izan ere, ingurukotik abiatuta sortu du bizkaitarrak bere lan berriaren unibertsoa. Liburuek hartutako saloian, eta Londresko bidaiaren oroitzapenekin abiatu du Dominguezek hizketaldia. "Astebete izan naiz, baina oso bidaia intentsua izan da. Gastonburyko azoka ezagunean izan naiz, eta Alan Lee (Eraztunen jauna) eta Brian Froud (Maitagarriak) ezagutu ditut. Alan Lee hotelera bila etorri zait eta atzera eta aurrera eraman nau. Ingalaterran miresten duten marrazkilaria da eta haren apaltasunak harritu nau. Nire lana gustuko duela esan dit eta elkarrekin zerbait egiteko gonbita luzatu diot".

Ilustratzaile lanak munduko ilustratzaile, idazle eta editore askorekin harremana izatea ahalbideratu dio. Jordaniako Rania erreginak ere Dominguezen marrazkiekin egindako liburua du bere etxean. Husein erregearen omenez Erregearen oparia liburua egiteko enkargua eman zion ilustratzaile bizkaitarrari, eta Jordaniara bidaiatu zuen erreginak gonbidatuta. Zinema ere liluratu du; "Geraldine Chaplinekin harremanetan izan nintzen, Alicen lehen liburuarekin filma egin nahi zuelako. Baina, azkenean ez zen proiektua mamitu".
Alicen istorioak esanahi berezia du euskal ilustratzailearentzat: "Arthur Rackhamengatik egin nintzen ilustratzaile, The Mad Te Party Alicen lehen libururako egin zuen marrazkiarengatik. Marrazki horrek duen artea erabakigarria izan zen niretzat. Carrollen liburuak irudiztatzeaz gain, marrazki ederrak egiteko beharra sortu zitzaidalako. Fantasiaren txokorik ederrena iruditu zitzaidan".
Inspirazioa begiak itxita etortzen zaio: "Lo egitea, amets egitea, amesgaiztoak izatea?.Fantasiaren laguntzaz Lurra deitzen diogun espazio-ontzian egiten dugun bidaia hobea da. Amets egitea da bizitzaren gakoa".

Borroka bikoitza
Bi borroka irabazi behar izan ditu Galdakaoko marrazkilariak bere azken lana egiteko: Sormenarena batetik, eta osasunarena, bestetik. Hamaika aldiz margotutako pertsonaia baten bertsio berria egin behar izan du, eta zailtasun horri beste bat gailendu zaio: urtebetez marrazkigintzatik aldentzera behartu duen burmuin isuria. "Isuriaren ondorengoa gogorra izan da, oso. Hasieran ez nuen ondo ikusten, eta arkatza hartu nuen lehenengoan marra bat egiteko gai ere ez nintzen".
Bi urte pasa dira. Eta azken lanaren emaitza borobila ikusita, ametsa dirudi. Esperientzia horrek marrazkietan eragina izan duela uste du Dominguezek. "Alice ikaratuta dago beti, amesgaizto asko dituelako. Nik ere hori bizi izan dut haren abenturak marrazterakoan. Nire marrazkietan umorea sartzen saiatzen naiz beti; hala egin nuen lehen liburuan, baina konturatu naiz oraingoan ez dudala egin, sormen prozesuan izan ditudan zailtasunengatik. Burmuineko isuria izan nuen eta ama hil zitzaidan. Baina, jausi eta gero zutitzea etortzen da. Horregatik, bigarren zati honek Carrollen kutsu handiago du. Harriduran, alde artistikoan eta dokumentazioan sakondu dut. Lan handia eman dit horrek". Eta lan eskerga hori baloratu dute Carrollen lanean aditu direnek; Selwyn Goodacrek, berbarako.

Zehaztasuna du abiapuntu Dominguezen lanak, zehatzetik, dokumentazio zorrotzetik, hasita eraikitzen baitu fantasiazko unibertsoa. Ilustratzailearen etxeko saloian pilatzen diren liburuei erreparatzea nahikoa da Arthur Rackham ingelesaren lana miresten duen euskal marrazkilaria irakurle eta bildumazale handia dela konturatzeko. "Marrazten hasi baino lehen, ikerketa lana egiten dut, Sherlock Holmesen antzera. Hitz bakoitzaren atzean dagoena aztertzeaz gain, pertsonaiak, jantziak, atzealdeak, mugimenduak ikertzen ditut. Arte munduan dagoen lanik sakonenetakoa da nire ustez".
Hiru urteko lana
Hiru urte eman ditu 160 orrialdeko liburu mardulean ageri diren 50 marrazkiak sortzeko. Bildumazaleei bideratutako hiru edizio landu argitaratu ditu argitaletxe ingelesak.

"Bi Alice agertzen dira nire liburuan: bata, ilehoria, nire lehen liburuko pertsonaia bezalakoa. Bestea, ostera, ile beltz luzekoa, Alice ilehoriak ametsetan amesten duena. Txikitan oso ohikoa den ametsa irudikatu nahi izan dut; alegia, beste bat garela eta beste horren larruan bizi ditugula desio ditugun abenturak". Ile beltzeko Alice, eta Zaldun Zuriaren eta Zaldun Gorriaren arteko borrokan, Carroll eta Domiguez aurrez-aurre, idazlea ilustratzailearen aurka, ilustratzailea idazlearen aurka. Eta hori baino gehiago: "Alicen lehen marrazkilariak, Tennielek, Carrolli esan zion ez zuela The wasp in a wig ( liztorra ileordearekin) kapitulua irudiztatu nahi, gogoko ez zuelako. Bada, kapitulu horrekin liburu bat egin dut nik. Nire ustez, istorio interesgarria da, Aesoporen alegia gogora ekartzen didana. Asto bat duen errotari bat kritikatzen dute, egiten duena egiten duela. Liztorrari gauza bera gertatzen zaio. Ileordea daramalako kritikatzen dute, eta ileorderik eramaten ez duelako ere bai. Lao Tzuk idatzi zuenez, jendearen oniritziaren bila ari bazara, jendearen iritziaren gatibu izango zara". Hitzok tinko itsatsita gelditu zaizkio artistari, ameslari nekaezina eta sortzaile librea baita.


Dominguezen etxeko bigarren solairuan, sormenaren lekuko den mahai txiki batean, hamaika marrazki daude: hamaika formako sirenak eta maitagarriak batez ere. Zein da zure hurrengo proiektua? "Euskal mitologiarekin zerikusia duen liburua egin nahiko nuke".

Zure interesekoa izan daiteke
Gatiburen azken agurra, audientzian lider ETB1en
Musikarik, dantzarik eta festa girorik ez zen falta izan atzo bi ordu eta erdiz BECen. Talde bizkaitarra arrakastara eraman zuen 'Musturrek sartunde' kantuarekin amaitu zen askoren oroimenean iltzatuta geratu den kontzertua.
Milaka pertsonak azken agurra eman diote Robe Iniestari, Extremoduroko abeslariari, Plasencian
Ilara luzeak sortu dira Plasenciako kongresu jauregian, jarraitzaile asko bertaratu baitira musikariari agur esatera. Aurrerantzean, Robe Iniesta izena izango du eraikin horrek.
Urrezko domina eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Lourdes Iriondo kantariari
Hilondoko aitortza egin dio Urnietako kantari, idazle eta irakasleari eta bere ahizpek jaso dute Foru Aldundiak emandako oroigarria. Ekitaldia omenaldi hunkigarri bilakatu da. Senide eta familiako kideekin batera, eta euskal kulturgintzaren ordezkaritza zabala bildu da.
Balenciaga museoa “josten duten eskuei” begira
Getariako Balenciaga Museoko Igor Uriak hamar urte eman ditu Cristobal Balenciaga jostun handiaren tailerretan lan egin zuten emakumeen lekukotzak eta objektuak biltzen: irudiak, dokumentuak, lanabesak... Paris, Madril, Bartzelona eta Donostian, 2.000 enplegatu izatera iritsi ziren, eta horietako batzuk Getariako museoan batu dira gaur.
Gaztelurrutia: “Bisitari fidelak edukitzea eta bi heren 45 urtez azpikoak izatea dira arrakastaren gakoetako bi”
2025eko Durangoko Azoka bukatu berritan, ETBri emandako lehen balorazioan pozik agertu da Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko kudeatzeailea. Jendetza ibili dela nabarmendu du, baina erosoa izan dela bai sartzea baita bertan zehar ibiltzea ere. 2026ko Azokak 5 egun izango dituela aurreratu du, eta etorkizuneko erroka kulturaren jaialdi gisa sendotzea izango dela esan du.
60 urteko ibilbidea “borobildu” du Durangoko Azokaren aurtengo edizioak
Lau eguneko topagune oparoa amaitutzat emateko, antolatzaileek aurtengo Azokaren arrakasta nabarmendu dute, baita egitasmoak urte osoan euskal kulturan duen garrantzia ere.
Gazaren aurkako genozidioa, oso presente Durangoko Azokako nobedadeetan
Idazle asko beren nobedadeak aurkezten ari dira egunotan euskal kulturaren plazan, eta horietako batzuek palestinar herriaren aurkako genozidioa jorratu dute, Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena azaltzeko asmoz.
Zuloaren silueta hitzez marrazten
Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez idazleek “Silueta” eta “Dena zulo bera zen” liburuak aurkeztu dituzte Durangoko Azokaren hirugarren egunean, hutsuneak mamitzeko bi ariketa literario zeharo ezberdin.
Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren aurkako geldiunea egin dute Durangoko Azokan
Bisitari, sortzaile eta antolatzaile ugarik bat egin dute protestarekin, Israelgo Estatua Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta elkartasun mezua zabaltzeko.
Durangoko Azokak geldialdia egin du genozidioa salatzeko
Palestinako genozidioa salatzeko geldialdia egin du Durangoko Azokak. Kultura erdigunean jarri eta mugaz gaindiko elkartasun mezua zabaldu dute ehunka kulturazalek Landako Plazan egin duten ekitaldian.