'Argia'k jai 'herrikoi eta parte-hartzailea’ eginez ospatuko du mendeurrena
“Deskoloniza gaitezen” lelopean, larunbatean, urriak 12, ‘Argia’ aldizkariaren mendeurrena ospatuko dute, egun osoko festa batekin, Donostiako Alde Zaharrean. Ez da gutxi, 1919an ‘Zeruko argia’ kaputxinoen aldizkaria kaleratu zutenetik, “euskaraz eta Euskal Herri osorako balore eraldatzaileekin egiten den aldizkari batek” ehun urte betetzea, eta tamainako egitaraua prestatu dute horretarako.
Estitxu Eizagirre ‘Argia’ko lantaldeko kideak ETBri azaldu dionez, denetarikoak dira aldizkariaren irakurleak (ikasleak, langileak, herrietakoak, hirietakoak, euskaldun berriak, paperean irakurtzen dutenak, Internet bidez kontsumitzen dutenak…), eta, hartara, denontzako jarduerak prestatu dituzte larunbaterako. Guztiak ere, gainera, doakoak eta libreak izango dira, “Argia-ren edukiak bezala”, Eizagirreren esanetan.
“Deskoloniza gaitezen” jaia
Bezperan bertan hasiko da egitaraua, eta “Ataun of the dead” film trilogia eskainiko dute ostiralarekin, 21:00etan hasita, Trinitate plazan.
Larunbatean, eguraldia gorabehera (euria eginez gero, karpa egongo dela iragarri dute), ‘Zomorro bila Urgullen’ ekimenak abiatuko du ospakizun eguna, 11:00etan, Trinitate plazan bertan, eta ibilbide historikoa egingo dute ordubete geroago Alde Zaharrean, Urko Apaolaza historialaria eta Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak lagun dituztela.
13:00etan, sokadantza egingo dute Konstituzio plazan, eta dantza horren funtsak ikasteko bideoa ere prestatu dute, hankei eragiteko aitzakiarik egon ez dadin. Indarrak berreskuratzeko, herri-bazkaria antolatu dute 14:00etarako: upel bat sagardo, mahaiak eta aulkiak paratuko dituzte antolatzaileek, eta jatekoa etxetik edo inguruko ostatuetatik eramateko deia egin dute, “kontsumoa ez bultzatzeko”, Eizagirrek azaldu duenez.
Bazkaldu ondoren, festan jarraitzeko aukera ugari izango dira: “Pobresiak” emanaldia (16:00, Trinitate plaza), Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoak (17:00, Zuloaga plaza), NAN arrotzen jaurtiketa lehiaketa (18:00, Trinitate plaza) eta kalejira (19:00, Trinitate plazatik abiatuta).
20:30ean, abesti lasai eta mugituez gozatzeko aukera izango da Trinitate plazan, talde eta artista hauen eskutik: Amaren Alabak, Mursego, Balerdi Balerdi eta Niña Coyote eta Chico Tornado.
Aurrera begira
Dena, ‘Argia’ aldizkariak duela ehun urtetik egin duen bidea ospatzeko, jatorri elizkoitik hasi 1980an langileek aldizkariaren jabetza hartu zuten une funtsezkotik pasatu eta gaur egunera arte, nola paperezko orrietan hala webgunean.
Aurretik duten bideari dagokionez, Estitxu Eizagirrek adierazi du munduari egokitzen jarraituko dutela (aldizkariaren bilgarrian, esaterako, plastikoa baztertu eta material konpostagarria erabiltzen hasi dira) informazio burujabetza bultzatzeko, “gure pentsamendua elikatze aldera”.
“Badago jende masa kritiko handi bat, komunikazio independentea behar dela uste duena, iritzi kritikoa izateko”, Eizagirreren hitzetan, eta, horiei begira, apustu digitalean sakontzen jarraituko dute, lizentzia libreak erabiliz, eta mende bateko edukien artxiboa digitalizatu eta jendearen esku jartzea dute hurrengo erronka.
Zure interesekoa izan daiteke
Igandean hasiko dira aurtengo maskaradak, Irurin eta Ozazen
Urtarrilaren 18tik apirilaren 26ra, 15 saio egingo dituzte Zalgize, Mendikota, Ozaze eta Iruriko gazteek.
Indarkeria matxista "normalizatuta" dago ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen euskal sektoreetan
(H)emen Elkarteak eta EAB Euskal Aktoreen Batasunak bultzatutako ikerketa batek agerian uzten du ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreetan "indarkeria matxista ez dela kasu isolatuen emaitza, baizik eta sektorearen egiturarekin lotutako errealitate sistemikoa".
"Linguae Vasconum Primitiae" euskaraz inprimatu zen lehen liburuak azken eguna du Euskal Herrian
Bernat Etxeparek 1545ean idatzitako lana, euskaraz argitaratu zen lehen liburua, Bordelen izan da ikusgai. Frantziako Liburutegi Nazionalak du liburuaren kopia bakarra, eta azken hiru hilabeteetan Baionako Euskal Museoan izan da ikusgai. Hainbat erakundek eta hautetsik bertan uzteko eskatu badute ere, Parisko liburutegira itzuliko da, hiru urtez ilunpean gordeta edukitzeko.
Errobik azken kontzertua eman du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian
Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru dituen talde lapurtar historikoak bere azken zuzenekoa eskaini du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Errobi taldea euskal rock progresiboaren aitzindari bihurtu zen 70eko hamarkadan. Iaz hasi zuten Errobiren 50. urteurrena ospatzeko agur-bira, eta arrakasta handia izan dute Euskal Herriko hainbat herritan. Astearte honetan, abenduaren 30ean, amaituko dute ibilbide oparo hori, sarrera guztiak agortu dituen kontzertu batekin.
Hauek izan dira kultura arloko urteko albiste nagusiak
2025. urteak sekula ikusi gabeko bideak ireki ditu euskal musika industrian. Bukatzera doan urte hau sold outen eta kontzertu handien urtea izan zela gogoratuko dugu ezinbestean.
“Itzalaldia”, “soldadutza”, “flotilla” eta 2025ean “desiraungi” diren beste hitz batzuk
UZEI terminologia eta lexikografia zentroak bukatzear den urtean ahoz aho ibili diren 25 hitz aukeratu ditu. Joan den astean, “muga-zerga” aukeratu zuten urteko hitz bezala UZEIk berak eta Euskaltzaindiak.
Aitor Etxebarriazarragak jantzi du txapela
Onintza Enbeita izan du lehiakide buruz burukoan, eta puntu erdiko aldea izan da bien artean: 1.163 puntu jaso ditu lehen sailkatuak eta 1.162,5 bigarrenak. Bizkaiko laugarren finala zuen gaurkoa bertsolari gernikarrak.
Pantxoa eta Peioren bigarren agur-kontzertua: 2027ko urtarrilaren 9an BECen!
Bikoteak bere ibilbideari amaiera emango dio bi kontzerturekin BEC!en: urtarrilaren 10ekorako sarrerak ordu gutxitan agortu ziren eta bigarrena iragarri dute orain: 2027ko urtarrilaren 9an.
“Muga-zerga” izan da aurtengo hitza Euskaltzaindiarentzat eta UZEIrentzat
“Atzerriko produktuei aduanan ezartzen zaien zerga” adiera duen izena aukeratu dute Akademiak eta UZEI terminologia eta lexikografia zentroak urteko hitz gisara. “Aduana-zerga” Euskaltziandiaren Hiztegiak jasotzen duen forma baliokidea “askoz gutxiagotan” erabili da.
Goya, Jasper Johns, Steve McQueen, Dan Flavin, Ruth Asawa eta Rosalind Nashashibi, euskal museoetan 2026an
San Telmo Museoak, Artiumek eta Guggenheim Bilbao Museoak datorren urteko programazioa aletu dute.