'XIX. mendeko emakume bertsolariei ahotsa eman nahi diegu'
Historian izandako emakume bertsolarien lanak zailtasun handiak izan ditu guregana heltzeko; beraien bertsoak erre, gorde, isildu… egin dira, baina batzuk, trabak traba, gorde egin dira, eta “Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia” lana bertso galdu horien oihartzuna anplifikatzera dator.
Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena, Xenpelar zenaren iloba, abiapuntu hartuta, gaur, apirilak 24, Imanol Larzabal aretoko (Lugaritz Kultur Etxea) agertokiak isilduriko emakume bertsolarien lana eguneratuko du, musikaren, narrazioaren eta, noski, bertsoaren bultzadaz. "Gaur egun ezagutzen ez dugun historiaren parte hori ezagutarazi eta zergatik ezagutzen ez dugun galdetzea" da ikuskizunaren helburua.
Ikuskizuna 21:00etan hasiko da, eta Jokin Labayen bertsolariak haren inguruko zertzelada batzuk eman dizkigu elkarrizketa honetan:
Zer eszenografia du “Bertsolaritzaren sekretuak” lanak? Nola taularatzen duzue ikuskizuna?
XIX. mendeko emakume bertsolariei ahotsa eman nahi dien ikuskizun bat da. Horretarako, mende hartara salto egingo dugu, eta haietako batzuen bizimoduak, anekdotak eta bertsoak eskainiko ditugu, ordubetean. Horretarako, narrazio bidez, emakume horiek aurkeztuko dira, musikarekin lagunduta, eta bi aktorek haien anekdotak antzeztuko dituzte.
Jokin Labayen narratzaileak testuingurua jarriko du, Idoia Noble akordeoilariak girotuko du eta Hodei Unzuetak eta Jokin Muruak aktore lanak egingo dituzte. Unzueta emakume horien larruan sartuko da, eta Murua, haien inguruan izan ziren gizonen larruetan.
Nola hartu dute ikusleek aurreko saioetan bertsolaritzaren arlo ezezagun honen berri?
Ikuskizunera gerturatu direnek oso ondo jaso dute. Harritu egin dira, barre egin dute, kezkatu egin dira eta, bereziki, zer pentsatua eman die. Hori da, gainera, gure helburuetako bat; gaur egun ezagutzen ez dugun historiaren parte hori ezagutarazi eta zergatik ezagutzen ez dugun galdera egitea. Alde horretatik, pozik gaude.
Proiektuaren abiapuntua Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena “Xenpelar”en istorioa argitara ateratzea izan zen. Nor izan zen?
Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena “Xenpelar” Errenteriako bertsolari bat izan zen, 1865ean jaioa. Bizimodu gogorra izan zuen, haurra zela ama galdu zuen, bizitzan lan asko eta ongi egin zuen, lanaren ondorioz ikusmena galdu… Eta bertsotan ongi egiten zuen. Hari buruzko hainbat bertso eta anekdota gorde dira. Horretaz guztiaz gain, Xenpelar bertsolari ezagunaren iloba zen.
XIX. mendean bat-batean aritu ziren emakumezko bertsolariak hartu dituzue ardatz zuen ikuskizunerako. Zergatik ordukoak?
Joxepa Anttoni izan zen gure abiapuntua. Eta, bila genbiltzala, garai hartako beste hainbat aurkitu genituen. Batez ere, Auspoa Sailean hasi ginen bila, bertan, bertsolaritzaren eta bertsolari askoren informazioa biltzen delako. Han ohartu ginen XIX. mendean izan zirela emakume bertsolari gehiago, bat-batean zein idatziz, leku desberdinetan eta maila onean aritzen zirenak. Eta susmoa dugu gehiago izan zirela, baina ez dela haiei buruzko informaziorik jaso. Batzuei buruz aurkitu genuen nahikoa informazio. Beste batzuen inguruan, berriz, ez hainbeste. Dena den, ez dugu ezer deskubritu. Lehen zegoena bildu dugu, lehen ere beste batzuek egin izan duten bezala.
Ziur asko, XIX. mendeko emakume horien bizimodu eta bertsoek asko erakarri gintuzten, eta hori izan zen garai hura aukeratzeko arrazoi nagusia.
Zein emakume jardun ziren garai hartan bertsotan, aurreiritzien kontra? Bazeukaten ezaugarri komunik ia sekretupean eginiko bertso haiek?
Garbi utzi behar da taularatu ditugunak baino emakume bertsolari gehiago izan zirela. Aukeraketa egin dugu, eta mende jakin batekoak taularatu ditugu. Komunean dute emakume bertsolariak izatea, baina bakoitzak mundu ikuskera propioa zuen. Gainera, euren izena eta jarduna gaur egunera iristeak adierazten du ez zirela hain sekretuan aritzen. Hori bai, norbait edo zerbait arduratu da beraien historia gainerako bertsolariena baino isilduagoa izateaz. Bertsolaritzaren historiaren sekretuak dira guztiak.
Zergatik ez zen haien lana behar beste zabaldu? Zelan jaso duzue haien berri?
Beraien lana eta bizipenen gehiengoa Auspoa Sailean bilduta dago, baina orain arte ez da gehiegi nabarmendu. Haien izenak topatzeko, emakume bertsolarien bila hasi behar da, ez dira modu naturalean transmititu, zenbait gizonezko bertsolariren moduan. Bertsolaritzan, gizartean bezala, emakumearen lana eta rola isilpeko lanetan kokatua egon da.
Gaur egun, badago, zuen ustez, zernahi arrazoi tarteko itzalpean gelditzen denik bertsolaritzan edo kultur arloan?
Badaude, noski. Dena den, horiek aldatzeko norberak hausnartu behar du bere inguruan zer gertatzen den eta horren arabera jarrerak aldatzen joan. Prozesua, tamalez, motela da. Ikuskizunarekin ere helburu bera dugu. Guk erantzunak ematea baino interesgarriagoa iruditzen zaigu ikusleak tarte batean, behintzat, gaiaren inguruan gogoeta egitea.
Zure interesekoa izan daiteke
Sei bertsolariak, Xilabako finalerako prest
Urtarrilaren 31n izango da Xilaba Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Bertsolari Txapelketako finala, Donibane Lohizuneko Jai Alain. Maialen Hiribarrenek jarriko dio txapela bost emakumez eta gizon batez osatutako seikoteko bertsolari irabazleari: Miren Artetxe Sarasola, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Irantzu Idoate Funosas, Maddalen Arzallus Antia, Aitor Servier Etxexuri eta Elixabet Etxandi Goienetxe.
Otsailaren 7an hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketa, 18 bertsolarirekin
Martxoaren 28an jokatuko den finalerako sei txartelak eskuratzeko, bi fasetan lehiatuko dira bertsolari arabarrak, eta guztira bost saio eta finala izango dira.
Osatu da Xilaba bertsolari txapelketaren finala jokatuko duen seikotea
Larunbateko saioa irabazita, Maddi Ane Txoperenak eskuratu du finalerako txartela, Aitor Servier eta Irantzu Idoaterekin batera. Finala hilaren 31n jokatuko dute, Donibane Lohizunen.
Miren Artetxe gailendu da Xilaba Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan eta zuzenean sailkatu da finalerako
Baigorrin jokatu den final aitzinetakoan Maddalen Arzallus izan da bigarrena. Datorren larunbatean Bardozen jokatuko da Ipar Euskal Herriko Bertsolari txapelketaren bigarren final aitzinekoa.
Patxi Etxeberria bertsolaria zendu da, 95 urte zituela
Bertsolari oriotarra ia 60 urtez aritu izan da oholtzaz oholtza eta plazaz plaza bertsotan.
Aitor Etxebarriazarragak jantzi du txapela
Onintza Enbeita izan du lehiakide buruz burukoan, eta puntu erdiko aldea izan da bien artean: 1.163 puntu jaso ditu lehen sailkatuak eta 1.162,5 bigarrenak. Bizkaiko laugarren finala zuen gaurkoa bertsolari gernikarrak.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, zuzenean
Zortzi bertsolari ariko dira finalean txapelaren bila.
Zortzi bertsolariak, Bizkaiko finalerako prest
Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Txaber Altube eta Xabat Galletebeitia nor baino nor gehiago arituko dira larunbatean, abenduak 20, Casilla kiroldegian, Bilbon. Arantza Plaza bertso irakasleak jarriko dio txapela eguneko bertsolaririk onenari.
Leitzan hartu gaitu Xabat Illarregik, Nafarroako bertsolari txapeldun berriak
Xabat Illarregi Marzol leitzarra da Nafarroako bertsolari txapeldun berria. Azken txanpan anaiarekin kantatu zuen buruz burukoak txapelak baino poz handiagoa eragin ziola esan digu.
Xabat Illarregik euskarari "zentralitatea" eman nahi izan dio finalean
Nafarroako bertsolari onenaren txapela jaso berritan egindako lehenengo elkarrizketa.