Albiste da
Heriotza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lou Reed musikari eta The Velvet Underground taldeko liderra hil da

71 urte zituela hil da New Yorken, eta rock munduan itzal handia zuen pertsona zen.
18:00 - 20:00
Lou Reed Long Islanden hil da, 71 urte zituela

Lou Reed musikaria eta The Velvet Underground taldeko liderra hil da igande honetan New Yorken, Rolling Stone aldizkariak bere webgunean iragarri duenez. Ez dute heriotzaren zergatiaren gaineko xehetasunik zabaldu. Maiatzean gibeleko transplantea egin zioten.

Abeslari, gitarrista eta konposatzaile gisa jardun du, eta azken 50 urteetako musika estatubatuarraren baitan itzal handiko pertsona izan da. Bere ibilbidean hainbat norabide aldaketa egin ditu, eta bera gabe zaila da glam, punk eta rock alternatiboa ulertzea.

Lewis Allan Reed 1942an jaio zen, Brooklyn auzoan, eta ikasketak amaitu orduko musika talde batean jotzen hasi zen. Talde hori aldatuz joan zen, gero The Velvet Underground taldea izango zena sortu arte. 1967 eta 1970 artean, lau disko grabatu zituzten, eta bere garaian kritikaren eta publikoaren aitorpena izan ez bazuten ere, ondorengo belaunaldientzat inspirazio iturri izan dira.

Musikariak rock-and-rollaren hizkuntza berritu zuen bere abestiekin, eta kantuetan zarata eta melodia uztartzen zituen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako New Yorkeko bizimodua kontatzen zuen bere  lirikotasun eta gordintasun handiko abestietan.

The Velvend Underground & Nico estreinako diskoa (1967) musikaren historiako erreferentzietako bat da.

1970ean, Lou Reedek The Velvet Underground taldea utzi zuen, eta bakarkako bideari ekin zion. Rockaren mito bihurtu zen, eta alkoholarekin eta drogarekin arazoak izan zituen. Bakarlari gisa, Transformer (1972), Berlin (1973), Metal Machine Music (1975) eta New York (1989) diskoak argitaratu zituen, eta guztiek ere kritikaren babesa jaso zuten.

Bere burua behin eta berriz berrasmatzen eta musika estilo propioa sortzen jakin du. Gerora, The Velvet Underground taldearen bilera batera joan zen, eta, 1994an, bira bat egin zuten Europan barrena. Berak eginak dira 'Walk on the wild side', 'Transformer', 'Sweet Jane', 'The heroine' eta 'Rock 'n Roll' abestiak, esaterako.

2007an, Hudson River Wind Meditations diskoa argitaratu zuen, eta Metallicak 2011n argitaratu zuen Lulu diskoan kolaboratu zuen.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ruper Ordorika: “Kantuen bitartez antolatzen dut neure anabasa”

Oñatiar musikari erraldoiak, herri honen bizitza emozionalaren kronikari nekaezinak, Lurra ikutu barik diskoa (Elkar, 2025) argitaratu du, sasoi zail batean “hautatu gabe, gainetik, etorri zaizkidan gai batzuk” musikatzeko ariketa zirraragarria. Lan hori ontzeko ahaleginaz, sortzeaz, musikariekiko harremanaz, ikaran ari den mundu batean kokatzeko moduaz eta musikaren industriaz hitz egin dugu Ordorikarekin, Durangoko Azokaren atarian. 

Gehiago ikusi