Jaialdia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Getxo, munduko musiken hiriburu

Hilaren 4tik 7ra, hamaika kontzertu izango dira kostaldeko herrian: Hasteko, Ara Malikian, Oreka TX eta Kalakan batera aritu ziren; Chambao, Capercaillie eta Osibisa taldeen txanda da orain.
Lamari Chambaoko burua, Txilen emandako kontzertu batean. Argazkia: Efe.

Ara Malikian biolin-jotzaileak eta Oreka TX eta Kalakan taldeek Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia zabaldu zuten ostegunean "Sustraiak"ekin, musikaldirako beren-beregi prestatu duten ikuskizunarekin. Areetako Geltokiko Plazan, Erdialdeko Europako eta Ekialde Erdikoko musikak, flamenkoa eta tangoa uztartzen dituen ikuskizuna taularatu zuten. Horiei, esan gabe doa, txalaparta eta perkusioa gehitu zizkieten euskal ordezkariek.

Bigarren jardunaldian, Chambao Malagako taldea aritu zen. Flamenkoa eta chill out musika nahasten abiatu zuten ibilbidea, eta, 12 urteko bide arrakastatsuan, Mediterraneo aldeko eta Andaluziako doinuak gehitu dizkiete beren sormen lanei.

Hilaren 6an, Osibisa Karibeko eta Afrikako soinuak uztartzen aitzindari izan zen taldearen txanda izango da. Afrikar musikarien belaunaldi askotan izan dute eragina beren doinuek, eta afrikar sustraiei beste musika batzuen erritmoak gehitzen dizkete: rhytm and bluesa, rocka…

Kontzertu nagusien zerrenda Capercailliek, musika zeltako talde handienetako batek, itxiko du. Eskoziar taldeak gaelikoz kantatzen du, eta, kantu modernoetan, tresna akustikoak ez ezik, soinu elektrikoak eta ekoizpen teknika garaikideak ere erabiltzen ditu.

Arratsalderoko kontzertuetan, Euskal Herriko, Gaztela eta Leongo, Iberiar Penintsula barrualdeko eta Argentinako tango doinuak proposatuko dituzte Garikoitz Mendizabalek, Hexacorde eta Vanesa Muelak, La Bazancak eta Fernado Valsega eta Exilio New Tangok.

 

Zure interesekoa izan daiteke

Neomak taldea
18:00 - 20:00
Zuzenean
Duela  min.

Neomak: "Beldurrek eragiten dizkiguten zalantzei abestu diegu"

Euskal folklorea eta elektronika uztartzen dituen proiektua laukote bilakatuta dator "Lazturak orbain" bigarren diskoa aurkezteko. Alaitzek, Garazik, Iratik eta Leirek, nolanahi den, Etxahun Urkizu (bateria) eta Eider Villalba (teklatua eta ahotsak) musikarien laguntza izango dute zuzenekoetan.  "Orbainak ezkutatu beharrean, erakutsi nahi izan ditugu", esan diote Asier Otegui kazetariari "Egun On" saioan, "eraldaketa agerian utzi; indargune direla azpimarratuz, ahultasun gisa hartu beharrean, hausturak eta konponketak historiaren parte baitira".

18:00 - 20:00
Zuzenean
Duela  min.

"Kanthoria eta Auto-tunea", euskarazko musikaren historia entzungai eta ikusgai, Bilbon

Azaroaren 6tik abenduaren 4ra, Bilboko Abando Udaltegiak "Kanthoria eta Auto-tunea" Musika Bulegoak paratutako erakusketa hartuko du. Xabier Erkizia ikertzaile eta soinu-sortzaileak komisariatu du erakusketa, eta bidaia bat proposatzen du ahozko tradizioan jasotako lehen kantuetatik hasi eta musika sortzeko forma hibrido eta digital berrietara arte. Erakusketak material dokumentalak, irudiak eta entzuteko gailuak konbinatzen ditu.  Musika; Bereterretxeren khantoria (Kalakan + Euskadiko Orkestra), Bertso Hop (Negu Gorriak), Tesla bat sutan (Merina Gris + Gorka Urbizu).  

Gehiago kargatu
Publizitatea
X