Mundaka Festival: musika, surfa eta gastronomia hiru egunez
Mundaka Festival jaialdi jaioberriak hurrengo hiru egunetan, uztailaren 30etik abuztuaren 1era, emango ditu lehen pausoak, euskarri gisa musika, nola ez, surfa eta gastronomia hartuta. Hori guztia, gainera, euskal kostaldeko toki paregabean eskainiko du jaialdiak.
Programazioa, musikari dagokionez, The Uski?s taldearen kresal usaineko rock klasikoak zabalduko du, eta horien ostean, itsaso gustuko doinuetatik gehiegi urrundu barik, Smile getxoztarren doinu alaien txanda helduko da.
Jarraian, 23:00etan, Anti-Flag estatubatuar ezkerzaleen punk rock kantuak, Rural Zombies eta Belakoren, eguna joan eguna etorri diskoz disko eta, batik bat, kontzertuz kontzertu bere bilakaeraren sabaia koska bat gorago jartzen duen mungiar taldearen, proposamenak entzungo dira. Kontzertuen arteko tarteak, Optigan 1 disko-jartzaileak girotuko ditu.
Belako, 2014ko Bilbao BBK Live jaialdian zuzenean
Ostiralean, musika, gastronomia eta surfa hirukoaren azken bi elementu hauei toki egingo diete Mundakan eguerdira arte: dastatze saioak, produktu azoka, gazteentzako surf eskolak eta beste egongo dira gozagai. Iluntzetik aurrera, baina, Santa Katalinako agertokian atondutako bozgorailuei bezperatiko atsedenaldia bukatuko zaie.
Mobydick getxoztar kantugile eta musikariaren doinu akustikoek emango diete ongietorria bisitariei, eta Sinnerdolls eta Cactus bermeotar taldeek hartuko diote lekukoa algortarrari. Horien ostean, Bermeotik Getxora itzuliz, Dead Broncok hartuko du agertokia: Matt Horan buru duen country bortitzeko taldeak Penitent man diskoa aurkeztuko du, ohi duten bezala seguru sutsua izango den kontzertuan. Datorren astean, Sziget Budapesteko jaialdi erraldoian arituko da taldea, mugak zabaldu eta zabaldu ari den erakusgarri.
Dead Bronco: "Big city mama"
Horien ostean, rockaren ikur batek aurkeztuko ditu bere kantuak, Loquillok; Codigo rocker Nu Niles taldearekin grabatutako kantu bilduma da bere azken lana. Eta azken diskoa grabatu dute, hain zuzen ere, aste honetan, Norvegian, gaueko hurrengo protagonistek, Travellin' Brothers taldeak: Europako blues talde onenaren sariaren irabazleak etxeko lanak eginda, Eskandinavian kontzertu bat eman eta zazpigarren diskoa izango denaren grabazioa besapean dutela, helduko dira Mundakara.
Travellin' Brothers: 'Creole Queen'
Unclosek, Split 77 pop rock talde dotorearen hondarretatik jaiotako taldeak, itxiko du larunbateko eskaintza. Taldeen arteko tarteak betetzea eta jaiaren amaieran doinuak proposatzea DJ Nashen eginbeharra izango da.
Larunbatean, jaialdiaren azken egunean, eguerdira arte kostaldearekikoak (itsasertza garbitzeko auzolanerako deialdia dago, besteak beste) eta sabelarekikoak (dastatze saioak eta roduktu azoka egongo dira berriz) kitatuta, 20:15etan hasiko da watt erauntsia ostera ere. Smoke Idolsek eta Peachy Jokek hautsiko dute izotza, eta, horien ostean, Echo & The Bunnymen klasikoak helduko dira Santa Katalinara: ?Lips like sugar??
Liverpoolekoen ostean, The Sonics estatubatuarrek garage doinu zaratatsuak zabalduko dituzte, eta We Are Standard getxoztarrek itxiko dute jaialdiaren lehen edizioa.

We Are Standard
Zure interesekoa izan daiteke
Bigsound jaialdi berriak Myke Towers, Juan Magan, Omar Montes eta Ben Yart eramango ditu Barakaldora
Valentzia, Sevilla eta Pontevedran ere egiten den jaialdia Ansioko azoka eremuan, Barakaldon, egingo dute 2026ko uztailaren 3an eta 4an, Euskal Herrian lehenengoz.
Iñigo Etxezarreta: "Disko berri batekin eta aurkezpen ekitaldi berezi batekin gatoz bueltan"
Urtebeteko "atseden kreatibo" baten ondoren, Iñigo Etxezarretak (ETS) taldearen itzuleraz hitz egin digu, disko berriaz (Konkista, abenduaren 5ean salgai) eta lan horren aurkezpen jai bereziaz: azaroaren 30ean izango da, Gasteizko Buesa Arena pabiloian.
Euskadiko Orkestra, 132 abeslari ez-profesionalen bila
Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren bigarren edizioan izena emateko epea abenduaren 4ra arte egongo da zabalik. Kontzertuak martxoan izango dira, Bilbo, Donostia eta Iruñean, eta izena ematen dutenek “gutxieneko musika prestakuntza izan eta partiturak irakurtzen jakin beharko dute”.
Bulego eszenatokietara itzuliko da 2027ko martxoaren 6an, Bilbao Arenan
Euskaldunan hiru kontzerturekin bira amaitu ostean, atseden hartuko du 2027ra arte. Sarrerak azaroaren 13an (komunitateko kideentzat) eta 14an (gainerakoentzat) jarriko dira salgai.
Karmele Jaio BOSi batuko zaio Xostakovitxen "Leningrad" interpretatzeko
Gasteiztar idazleak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Vasily Petrenkok gidatuta, Dmitri Xostakovitxen "7. sinfonia" interpretatuko dute Euskaldunan, azaroaren 6an eta 7an.
Joaquin Sabinaren agurra, euskal publikoaren txalo artean
Ostiralean euskal publikoari behin betiko agur esan aurretik (egun horretan kontzertua du, BECen ostera ere), “Hola y adiós” Joaquin Sabinaren azken bira BECera iritsi da bart. Lágrimas de marmol kantua aukeratu zuen emanaldia abiatzeko.
Su Ta Garrek “Jaiotze basatia” diskoaren 35. urteurrena ospatuko du 2026an
Eibarko metal taldeak kontzertu berezi batzuk joko ditu estudioko bere lehen diskoaren urtebetetzea gogoan, lehenengoak Bilbon eta Gasteizen.
Anastaciak Donostian eta Iruñean joko du
Kantari estatubatuarrak "Our songs" diskoa aurkeztu, eta bere errepertorioko abesti nabarmenetako batzuk eskainiko ditu emanaldiotan. Kontzertuetarako sarrerak (urriaren 22an Kursaaalen eta urriaren 25ean Baluarten) azaroaren 7an jarriko dituzte salgai.
Maurice Ravel musikari ospetsuaren omenezko eskultura inauguratu dute Donibane Lohizunen
Ziburun jaio bazen ere, denbora asko igaro zuen bere bizitzan zehar Donibane Lohizunen. Artista euskaldunaren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi egin dituzte urte osoan; larunbat honetan, eskultura bat inauguratu dute, eta bertan izango da ikusgai hemendik aurrera. Romain Tiercin egilearen esanetan, Ravelen ondareak "mundua argitzen segitzen du".
Delaware Choral Scholars abesbatzak irabazi du Tolosako 56. Abesbatza Lehiaketa
AEBko abesbatzak lau sari eskuratu ditu: polifonia saileko eta folklore saileko lehenengo sariak, Kutxaren sari nagusia eta euskal abesti baten interpretazio onenaren saria.