Euskaldunak Ameriketan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskal artzainen ahotsa bildu du 'Artzainak' film laburrak

Jacob Griswald eta Javi Zubizarreta errealizadoreek zuzendutako 'Artzainak: Shepherds and Sheep' film laburrak Idahoko muinoetan bizi ziren artzain etorkinen bizimodu gogorra deskribatzen du.

Dagoeneko ez dago euskal artzainik Idahoko muinoetan, edo baldin badaude oso gutxi dira. Hala ere, euren esperientziak bizirik dirau ehun urte geroago. Mende bat igaro da lehen euskaldunak Euskal Herria utzi eta bizimodu hobe baten bila Ameriketara abiatu zirenetik.

Duela hilabete gutxi, Boiseko Basque Museum & Cultural Center delakoak ekoitzitako Hidden in Plain Sight: the Basques emanaldia estreinatu zen New Yorkeko Ellis Uharteko Museoan. Emanaldiak AEBetara heldu ziren lehen euskaldunak omendu nahi izan zituen eta bide batez, horien bizimodu gogorra aitortu. Oraingoan, AEBetako Notre Dame Unibertsitateko Jacob Griswold eta Javi Zubizarreta ikasleei esker, euskal artzainen ahotsa eta bizimodua entzun eta ikusi ahal izango da.

Griswold eta Zubizarreta ikasleek Dokumentalen Produkzioa ikastaroaren baitan, Notre Dameko Zine, Telebista eta Antzerki Departamentuarentzako Artzainak film laburra ekoitzi dute. Seihileko batean film laburra, produzitu, grabatu eta editatu dute. "Hasieran nahiko beldurtuta nengoen, gidoirik eta aktorerik gabe ez baitakizu zerekin egingo duzun topo, Hala ere, istorioren bat sortzeko esperantza neukan. Azkenean, Jacob eta ni oso gustura gelditu gara emaitzarekin", dio Javi Zubizarretak eitb.com atariari esklusiban eskainitako elkarrizketan.

Javi Zubizarreta errealizadoreak Gernikan ditu sustraiak eta Idahoko euskal komunitatearen babesean hazi da. Betidanik liluratu izan du artzainaren irudiak eta euren bizimodua idealizatu izan du. "Betidanik liluratu izan nauen gaia da eta beti izan dut gai hori buruan. Bakardadean bizi zen artzainaren irudi idealizatua erreala zen ala ez frogatu eta bere benetako esanahia ezagutu nahi nuen." Jacob ez da euskalduna, Dominikar Errepublikan ditu sustraiak, baina gustuko zuen artzainen istorioa. "Immigrazioa, natura eta aire zabaleko bizimodua elkartze bikaina izan ziren", Javik azaldu duenez.

Artzainak dokumental laburra egiteko Hego Ameriketako 15 artzain baino gehiago elkarrizketatu dituzte. Jose Luis Arrieta abeltzaintza enpresa bateko langileburuarekin ere hitz egin zuten. Aipaturiko gizonak ardiak zaintzen lan egin du duela hainbat hamarkada AEBetara joan zenetik. "Iragan udaberrian hartu zuen erretiroa eta izugarria izan da oraindik lanean zebilela ikustea. Bera da muinoetan geratzen den euskal artzain bakarrenetakoa," Zubizarretak gaineratu duenez.

Artzain gisa lan egin duten beste hainbat euskaldun ere elkarrizketatu dituzte: "Guztiak ere senideak edo senideen lagunak ziren. Gainontzean inoiz grabatuko ez ziren nire osaben eta familiako lagunen testigantzak entzun nituen."

Euskal kulturari gorazarre

Film laburra norbaiti eskaini behar balio, iraganean etxea eta familia atzean utzi eta bizimodu hobe baten bila abiatu zirenei eskainiko lie. Javi Zubizarretaren aitonak ardiak zaintzen lan egin zuen Idahon zenbait urtez eta horri esker sartu ahal izan ziren AEBetan bere aita eta osabak. "Bere indarra, adorea eta esfortzua miresgarriak dira. Ohore bat izan da bere istorioak grabatzea. Benetan, bere ahotsa entzun izana espero dut," dio Javik harrotasunez.

Jacob eta Javi zuzendariek Europako eta AEBetako zenbait jaialditara aurkeztuko dute film laburra eta beren film laburrean interesa agertzen duten toki guztietara heltzea espero dute. "Euskal Herriko jendeak ikustea gustatuko litzaiguke. Euskal immigrazioaren eta diasporaren historia ezagutzea oso garrantzitsua dela uste dut", dio Javik.

Zinegile euskal-amerikarra beti egon da kontaktuan Euskal Herriarekin. Iragan udan Euskal Herria bisitatu zuen euskal zinema ikertu eta hainbat idazle, ekoizle eta historiagilekin biltzeko. Laster, Euskal Herrira itzultzea espero du ikerketa lanarekin jarraitu eta gidoi berri bat prestatzen hasteko.

Zinegile gisa, Zubizarretak bere euskal jatorrian arakatu du. Iaz, bi film labur egin zituen euskal pertsonaiekin euskal gaien inguruan. Laster tesia egiten hasiko da, Idahoko euskal artzainen gaineko fikziozko filma, hain zuzen ere. "Nire esperantza zinegile euskal-amerikarra bihurtzea da. Euskal esperientziaren gaineko filmak egin nahi ditut, euskaraz eta euskal pertsonaiekin. Ahal den neurrian, zinema produkzioaren gune nagusiak saihestu nahi ditut eta Idahon eta Euskadin grabatu. Euskal kultura goratu eta nazioartean ezagun egingo duten filmak egin nahi ditut, adierazi du euskal-amerikarrak.

Zure interesekoa izan daiteke

Patricia López Arnaiz "Singular"
18:00 - 20:00
Zuzenean
Duela  min.

"Singular" Alberto Gastesiren filma azaroaren 28an iritsiko da zinema aretoetara

Patricia Lopez Arnaiz eta Javier Rey dira Alberto Gastesi donostiar zinemagilearen (Gelditasuna ekaitzean, Argi gorriak) bigarren film luzearen protagonistak  "Adimen artifizialaren mugak eta giza dolua aztertzen dituen zientzia-fikziozko thriller honek  EITBren parte-hartzea du, eta azaroaren 28an iritsiko da Hegoaldeko zinema aretoetara, fantasiazko zinemaren Sitgeseko jaialdian estreinatu ondoren. Diana (Lopez Arnaiz) Adimen Artifizialean aditua da, eta udako etxe zaharrera joango da Martin senar ohiarekin elkartzeko, hamabi urtez elkar ikusi gabe egon eta gero. Hasierako giro ona hankaz gora jarriko du, baina, gertakari batek: Andrea batuko zaio bikoteari, bikotearen semea zenarekin antz misteriotsua duen mutikoa.  

Gehiago kargatu
Publizitatea
X