IV. Kongresua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Xabi Iraola izango da Sorturen hurrengo koordinatzaile nagusia, ez baita beste hautagairik aurkeztu

Bozketa urtarrilaren 21etik 23ra izango da, eta hurrengo egunean amaituko du Sortuk bere IV. Kongresua. Atzo arteko epea zuten militanteek beste hautagai bat aurkezteko. 

xabier iraola
Xabier Iraola, artxiboko irudi batean. Argazkia: Sortu.

Xabi Iraolaren hautagaitza izango da Sorturen zuzendaritzarako aurkeztuko den bakarra. Atzo amaitu zen alderdiaren Nazio Kontseiluak aurkeztutako proposamenari alternatibak aurkezteko epea, baina ez da halakorik egon. Hala, igeldoarrak bidea libre du alderdiaren koordinatzaile nagusi karguari heltzeko. 

Joan den urtarrilaren 7an aurkeztu zuen Nazio Kontseiluak bere hautagaitza, zortzi emakumek eta zazpi gizonek osatutakoa. "Xabi Iraola Larraia da koordinatzaile orokorrerako proposatutako pertsona, eta hura izango da belaunaldi eta herrialde ikuspegitik orekatua den taldearen gidaria", esan du Sortuk ohar batean. 

Zazpi egun —urtarrilaren 8tik 14ra—izan dituzte sortuko militanteek zuzendaritzaren proposamenari alternatibak aurkezteko. Halakorik egon ez denez, urtarrilaren 21etik 23ra egingo den Nazio Idazkaritzarako bozketan, Iraola buru duen zerrenda bakarrik izango da. 

Halaber, egun horietan bozkatuko dituzte Kontrol eta Berme Batzordea eta Kontuen Batzordea ere, eta biharmunean, urtarrilaren 24an, Sortuk amaiera emango dio bere IV. Kongresuari, Irungo Ficoban egingo duen ekitaldian. Ehunka militante eta Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat eragile-gonbidatu bilduko dira bertan. 

Ekaineko Nazio Konferentzian, Kongresua urtebete aurreratzea erabaki zuen Sortuk, eta udazkenean ekin zioten prozesuari: urriaren 22an 'Herri gogoa’ ponentzia aurkeztu, eta ordutik, 150 batzar baino gehiago egin dituzte, herriz herri. 2.000 lagun inguruk hartu du parte bileretan. 

Zabaldutako oharrean, ezker abertzaleko alderdiak esan du "datozen urteotako bide-orria aberastu eta ondu" ondoren, "urtea hastearekin batera, zuzendaritza osatzeko faseari ekin" diotela. "Hamar egun barru prest izango da Sortu berritua, ‘Herri gogoa’-n jasotakoari ekiteko", erantsi dute idatzian. 

Iraola Ernai gazte erakundearen sortzaileetako bat eta horren zuzendaritzako kide izan zen. Lehen Hezkuntzan graduatuta, Igeldoko Toki Erakunde Txikikoa da jaiotzez, eta oso gaztetatik hasi zuen bere ibilbide militantea. Sortuko Herrigintzako idazkaria da 2021etik, Pello Otxandianoren lekukoa hartu zuenetik.  Orain, Arkaitz Rodrigez ordezkatuko du koordinatzaile nagusi karguan. 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Denis Itxaso Euskadi Irratian
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Denis Itxasok bideratutzat jo ditu Pradales lehendakariarekin izandako desadostasunak

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak adierazi du desadostasunak bideratuta daudela, baina lehendakariak eta biek hitz egin beharra dutela oraindik, eta aste honetan bilduko direla. Bide batez, Aitor Esteban EAJko EBBren bururari gogorarazi dio arazoa konpontzear dagoela eta presio egiteak ez duela mesederik egiten. Donostian azken urteotan etxebizitza babestuarekin izan den arazoaz ere mintzatu da Euskadi Irratian. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X