Hauteskunde orokorretarako hautagaitzak argitaratu dituzte: hauek dira EAE eta Nafarroako zerrendak
Azaroaren 29ko hauteskundeetarako hautagai-zerrendak argitaratu dituzte Estatuko Aldizkari Ofizialean. Hego Euskal Herrian 50 hautagaitza onartu dituzte: kontsultatu izen guztiak.
EAE eta Nafarroan 50 zerrenda aurkeztu dira.
Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) azaroaren 29rako hautagaitza guztiak argitaratu ditu gaur. Guztira, 895 zerrenda onartu ditu (534 Kongresurako eta 361 Senaturako). Horietatik, Kongresurako 50 zerrenda eta Senaturako 34 Hego Euskal Herrian aurkeztuko dira.
Hauteskundeak aurreratzearen ondorioz, alderdiek bizkortu egin behar izan zituzten hautagaiak izendatzeko prozesuak. Ordutik, euskal alderdiek hautagaiak publikoki aurkeztu dituzte: EH Bilduk, EAJ-PNVk eta PSE-EEk urri erdialdean egin zituzten aurkezpenak, eta Fronte Zabalak atzo aurkeztu zituen bere zerrendaburuak.
Berritasunen artean dago PPk Gipuzkoan Senaturako hautagaitza aurkeztu ez izana, Voxen mesedetan. Bestalde, PSOE eta Fronte Zabala elkarrekin aurkeztu dira Senatura, zerrenda bakarrean. Hautagaitza horiek guztiak gaur argitaratu dituzte.
Estatu osoan 32 hautagaitza baztertu dituzte, horietako hiru Hego Euskal Herrian: bi Kongresurako, Feministas al Congreso (Bizkaian) eta Justicia y Ley (Araban); eta beste bat Senaturako, Eguzkilore (Nafarroan).
Hautagaitza-kopurua lurraldez lurralde
Hautagaitzak lurraldez lurralde aurkezten dira. Hego Euskal Herrian, guztira, 50 hautagaitza aldarrikatu dituzte Kongresurako, eta beste 34 Senaturako.
- Araba: 14 zerrenda Kongresurako eta 9 Senaturako. Kontsultatu Arabako hautagai-zerrenda guztiak.
- Bizkaia: 12 zerrenda Kongresurako eta 8 Senaturako. Kontsultatu Bizkaiko hautagai-zerrenda guztiak.
- Gipuzkoa: 11 zerrenda Kongresurako eta 9 Senaturako. Kontsultatu Gipuzkoako hautagai-zerrenda guztiak.
- Nafarroa: 13 zerrenda Kongresurako eta 9 Senaturako. Kontsultatu Nafarroako hautagai-zerrenda guztiak.