Nor da "Navi" Pillay?
Legelari hegoafrikarra giza eskubideen defentsan eta nazioarteko justizian nabarmendu da. Epailea izan da Ruandarako Nazioarteko Auzitegian eta Nazioarteko Zigor Auzitegian, besteak beste, eta Giza Eskubideen Nazio Batuen Erakundearen goi mandataria ere izan zen.
"Navi" Pillay, 2026ko Bakearen Nobel Sariaren irabazlea. Artxiboko argazkia: EFE
Navanethem "Navi" Pillay legelari eta epaile hegoafrikarrak irabazi du 2026ko Bakearen Nobel saria, "bakearen eta nazioarteko zuzenbidearen alde egindako lanagatik".
Pillay 1941eko irailaren 23an jaio zen Durbanen (Hegoafrika), srilandar jatorriko familia batean.
Zuzenbidean lizentziatua da Nataleko Unibertsitatean eta Hegoafrikako probintzia horretan abokatu bulego bat ireki zuen lehen emakume beltza izan zen. Handik, apartheid garaian epaiketarik gabe atxilotutako preso politikoak defendatu zituen. 1982an Harvard Unibertsitatean giza eskubideetan eta nazioarteko zuzenbidean doktore bihurtu zen.
1995ean Hegoafrikako Auzitegi Nagusiko epaile izendatu zuten, eta karguan egon zen lehendabizikotako emakume beltza izan zen.
Epailea izan zen Ruandarako Nazioarteko Auzitegian 1995etik 2003ra. Garai horretan, genozidioa gertatu zela eta bortxaketa genozidioa izan zitekeela erabaki zuen epai historiko baten buru izan zen.
Ondoren, Hagan egoitza duen Nazioarteko Zigor Auzitegiko epaile gisa jardun zuen 2003tik 2008ra bitartean. Urte horretan Giza Eskubideen NBE Nazio Batuen Erakundearen goi mandataria izendatu zuten eta 2014ra arte jardun zuen.
2021ean, Okupatutako Lurralde Palestinarrei buruzko NBEren Ikerketarako Nazioarteko Batzorde Independentearen presidentetza hartu zuen, eta 2025eko azaroan utzi zuen kargua. Batzordeak iazko irailean adierazi zuen, hain zuzen ere, Israel genozidioa egiten ari zela Gazako palestinarren aurka.
Pillay Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeko buru da gaur egun.
Jaso dituen aitortza edo sarien artean 2025eko Sydneyko Bakearen Saria eta 2026ko Olof Palme Saria daude, John Dugardekin partekatua. Halaber, 2023an Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin saria eman zion 2023an Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeari.