Gaixorik dauden 5 haur gazatar gutxienez Euskal Herriko ospitaleetan artatuko dituzte
Horietatik hiru Gurutzetako Ospitalera eramango dituzte, eta beste biak, berriz, Donostiako Ospitalera. Hala baieztatu dio Defentsa Ministerioak EITBri. Haurrak eta haien senitartekoak gaur arratsaldean dira Zaragozara iristekoak.
Gazako haur bat Europa Press-eko artxiboko irudi batean.
Gaixorik dauden bost haur gazatar Euskal Autonomia Erkidegora iritsiko dira ostegun honetan, Defentsa Ministerioak EITBri baieztatu dionez. Horietako hiru Gurutzetako Ospitalera eramango dituzte, eta beste biak, berriz, Donostia Ospitalean artatuko dituzte. Nafarroako erietxeetan ere eramango dituzte haurrak, kopururik zehaztu ez duten arren.
Guztira 13 haur iritsiko dira gaur arratsaldean. Jordaniatik datorren hegazkina 18:00a aldera iritsiko da Zaragozako hegazkin-basera. Behin lur hartuta, Espainiako Estatuko hainbat ospitaletara eramango dituzte anbulantzietan, tartean Gurutzetara edo Donostiako Ospitalera.
Defentsa Ministerioan egindako adierazpenetan, Margarita Robles ministroak azaldu du "hainbat herrialdeek hartutako konpromisoa dela gaixo dauden haur gazatarrak lekualdatu eta artatzea”.
"Hegazkinean 13 haur datoz. Batzuk hilabete besterik ez dute, eta gaixotasun larriekin datoz”, azaldu du Roblesek. Ministroaren eskertu egin du Defentsa Ministerioak eta Osasun Ministerioak egindako ahalegina, eta espero du etorriko diren haur horiek guztiek behar duten tratamendua izatea.
Gazan bien bitartean, erasoek ez dute etenik. Palestinako osasun ministerioak eguneratu berri ditu atzo hildakoen kopuruak. Guztira 111 lagun hil ziren erasoetan eta horietatik 91, janari bila zihoazela hil zituen armada israeldarrak. Egun bakarreko zauritu kopurua, 800 lagunetik gorakoa izan zen, Osasun ministeriotik jakinarazi dutenez.