Iranek bere gain hartu du "ontzi estatubatuar" baten aurka Persiar golkoaren iparraldean egindako erasoa
Gainera, Iranek bi petrolio ontziri eta karga ontzi bati eraso egin die Persiar golkoan, Ormuzko itsasartetik gertu. Bien bitartean, Israelgo armadak Libano bonbardatzen jarraitzen du eta azken orduetan erasoaldi berri bat iragarri du Teheranen dituen helburuen aurka.
Persiar golkoa eta Ormuzko itsasartea, mapan. Europa Press
Irango Guardia Iraultzaileak bere gain hartu du Persiar golkoan dagoen "ontzi estatubatuar" baten aurka ostegun honetan egindako erasoa, Ekialde Hurbileko gerraren baitan inguru horretan eta Ormuzko itsasartean egiten ari den erasoen testuinguruan.
Azaldu duenez, egindako ohartarazpenei erantzun ez eta Safesia ontziari eraso egin dio. Irango Guardia Iraultzailearen arabera, Marshall uharteetako bandera du, baina ontziaren jabea estatubatuarra da.
Halaber, Irango Guardia Iraultzaileak nabarmendu du Persiar golkoan eta Ormuzko itsasartean dabiltzan petrolio ontzi eta bestelako ontziek jakin behar dute segurtasun falta hori AEBk eta Israelek Iranen aurka abiatutako erasoaldiaren ondorio dela.
Gainera, azken orduetan Iranek bi petrolio ontziri eta karga ontzi bati eraso egin die Persiar golkoan, Ormuzko itsasartetik gertu.
Israelek bonbardaketa gehiago egin ditu Libanon eta Iranen
Bien bitartean, Israelgo Armadak Libano eta Iranen aurka erasoak egiten jarraitzen du.
Libanon, gutxienez 8 pertsona hil eta 31 zauritu dituzte ostegun honetan Beiruten aurka egindako eraso batean. Iranen aliatu den Hezbollah talde xiitak, berriz, kohete gehiago jaurti ditu Isralelera.
Bestalde, Israelek azken orduetan erasoaldi berri bat iragarri du Teheranen dituen helburuen aurka.