Ce texte a été traduit automatiquement, elle peut contenir des erreurs ou des inexactitudes.
Zinema
Favorite
Remove from my list

Zinemajaletasunak ez du mugarik onartzen

Bada zinemazale ororen arteko elkartasun estrainioa, mugak gainditzen dituena, ozeanoak zeharkatzen dituena.

Eman dezagun ikusi beharreko pelikula ezinbesteko guztiak (Sirat, The Phoenician Scheme, Mission: Impossible - The Final Reckoning, Lilo & Stitch, 28 Years Later, The Last Showgirl, Black Dog, M3gan 2.0…) ikusi dituzuela dagoeneko. Eman dezagun hain zaretela zinemaz gose eta egarri ezen ikusi beharrekoen zerrendatik kanpoko hainbat ere ezagutu duzuen. Zeintzuk? Ba esaterako, Padre no hay más que uno 5 (hori  malnutrizio zuena, hori) edo Jamais sans mon psy (bastante ulergarria zuen jite hori, kariñoa hartzen baitiezu pertsonaiei). Eman dezagun bekatu larria ere egin duzuela eta Bajo un volcán bezalako produktu gaizki eta gehiegi prozesatuak irentsi dituzuela bulimialdi latz batean.

Ados. Akort. Konforme. Zinemajaleok bekatu mortalekin zein bertute altuenekin arintzen ditugu gure gabeziak. Eman dezagun ba ez dagoela  barkamena eskatu beharrik: zinemarekiko gure atxikimendu brutala beste adikzio mota bat da. Beste asko bezain arriskutsua. Beste hamaika bezain laketgarria

Eta mendeko, zaletu oro bezala, elkar ezagutzen dugu. Zinemajaletasunak ez du trabarik, oztoporik, mugarik, mugarririk ezagutzen. Agintariek, politikariek, militarrek, estrategek sorturiko lurren arteko zatiketa marratuak erraz asko gainditzen ditugu, gauez hegan egiten duten banpiroak bagina moduan. Aretoetako ilunpe delizios eta mugagabean elkartzen gara, ilunabarreko konklabetan. Zinemaz elikatzen garenok bat gara galaxian, eta lotzen gaituenak elkarrengandik bereizten gaituena baino sendoago eta trinkoagoa da. Goseak  eta zinema-txurrut amaigabeek  batzen gaituzte.

Frogarik behar? Eder bat eskaini zigun ‘The Guardian’ egunkariak ekainaren azken egunotan. Bukatzear zegoen denboraldiko  kuttunenak zituzten pelikulak aukeratzeko eta defendatzeko eskatu zien irakurleei editore buruak, eta hara non Europako Bizkaiko Golkoan  bizi garenok maite izan ditugun filmen sorta eder kasik bera hautatu zuten iparraldeko Ozeano Atlantikoan bizi diren horiek. Etsenplurik? Sorrentinoren Parthenope zeluloidezko perla higatua, zeinak Napoli hiriarekiko atxikimendu basa bertsua erakusten duen Nicola Pugliseren Acquamala fabula maltzur distiratsua irakurtzera bultzatu gintuen. Beste adibiderik nahiago? Hegoaldean La receta perfecta izenburu traketspean ezagutu genuen  Louise Courvoisierren Ving Dieux! , malenkoniaz gainezka egiten duen komedia, zeinak adore handiz luze iraun duen karteldegian, zeina Comte gaztaren zati bat janez dastatu behar den.

 

‘The Guardian’ek ekainaren 27an kaleraturiko galdeketaren arabera,  Atlantikoak banandurik eta zinemak elkarturik gaudenok beste bi film noraezeko partekatzen ditugu, gure begi eta bihotzetan iltzaturik dauden The Sinners eta Flow, alegia. Biak dira zeharo ezberdinak. Izuzkoa da bata, marraztua eta animatua bestea. Estatu Batuetako hegoalde kartsu eta misteriotsuan gertatzen da bata eta azken uholde erraldoiak ezabaturiko unibertso batean suertatzen da  Letonian eginiko bestea, denon  gozamenerako animaziozko Oscarra jaso zuena. Biak dira, baina, zinemajale gosetu bat sano eta brabo elikatuko luketen zinema puskak.  Biek erakusten dute gure goseak, gure egarriak, gure adikzioak bueltarik ez dutela. Egia biribila uzten dute biek agerian: bada  zinemazale ororen arteko elkartasun estrainioa, mugak gainditzen dituena, ozeanoak zeharkatzen dituena.

Albiste gehiago zinema

Nagore Aranburu eta Jose Ramon Soroiz, "Maspalomas"
18:00 - 20:00
LIVE
De  min.

Premières images du nouveau film des Moriart, "Maspalomas"

Le film réalisé par Jose Mari Goenaga et Aitor Arregi (Marco, La tranchée infinie, Handia, Loreak...) est mis en vedette par Jose Ramon Soroiz et Nagore Aranburu. Il raconte la vie de Vicente qui, profitant de sa vie aux Canaries, devra retourner à Donostia et, lorsqu'il sera enfermé dans une maison de retraite, cacher qu'il est homosexuel. Le film avec la participation d'EITB arrivera au cinéma le 26 septembre.  

Load more