Hainbat agenteren aurka Getxon gertatu den eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza
Ohar batean, Segurtasun Sailak erasoak gaitzetsi ditu eta salatu du gazte batzuek objektuak jaurti dizkietela uniformerik gabe zihoazen zenbait agenteri. Irainak ere jaso omen dituzte ertzainek: "zipaioak", "puta semeak" eta "nazkagarriak", besteak beste.
Gaur goizaldean Getxon (Bizkaia) hainbat agenteren aurka izandako eraso berri bat ikertzen ari da Ertzaintza. Antza denez, gazte batzuek patruila bati objektuak jaurti dizkiote eta agenteak iraindu dituzte, oihuka.
Ohar batean, Segurtasun Sailak erasoa gaitzetsi du, eta jakinarazi du Ertzaintzak ikerketa abiatu duela egileak aurkitu eta identifikatzeko.
Gertakariak 05:30ean jazo dira, Ertzaintzaren patruila bat prebentzio lanetan ari zela, bereizgarririk gabeko ibilgailu ofizial batean.
Salatu dutenez, gazte batzuek agenteak identifikatu dituzte, eta objektuak jaurtitzen eta iraintzen hasi dira, "zipaioak", "puta semeak" eta "nazkagarriak" oihukatuz.
Oharrean, Segurtasun Sailak elkartasuna eta babesa adierazi die erasoa jasan duten agenteei, eta gogorarazi du Ertzaintzako agenteek herritarren segurtasuna bermatzeko egiten dutela lan.