Gipuzkoako Foru Aldundia Bernedo auzian akusazio gisa aurkeztuko da
Arabako Foru Aldundiak, bere aldetik, "erabat onartezinak" diren jarrerak argitzeko informazioa biltzeko dei egin du, eta orain arte erakunde bakar batek ere zergatik ez duen esku hartu galdetu du. Hori dela eta, amaieraraino ikertzea aldarrikatu du.
Bernedo. Artxiboko argazkia: EFE
Gipuzkoako Foru Aldundia akusazio partikularra izango da Bernedo auzian. Maite Peña Gizarte politikako diputatuak azaldu duenez, "ohi bezala", aldundiaren tutoretzapean adin txikikoak dauden neurrian emango du pausoa.
Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak eginbideak abiatu ditu, eta hiru biktima (adin txikikoak) lekuko gisa deklaratzera deitu ditu. Ertzaintzak, bere aldetik, Bernedoko udalekuetan gertaturikoa ikertzen jarraitzen du, eta salaketa jartzeko deia egin die biktima izan daitezkeen adin txikikoen senideei.
Peñak nabarmendu duenez, Gizarte Politikako departamentuak babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoekin lan egiten du eta horregatik ez du Bernedo auziari lotutako xehetasunik emango. Edozein kasutan, azpimarratu du aldundiak eman beharreko pausoak eman dituela "lehen unetik bertatik" eta horrela egiten jarraituko duela.
Garrantzitsuena gertaturikoa argitzea eta adin txikikoak babestea dela nabarmendu du, ohar bidez, Peñak. Ildo horretan, dei egin die familiei eta adingabeei (izan direnei edo direnei) informazioa agintari judizialen esku uzteko.
Peñak berak aurreratu du urriaren 8rako duela Aldundiak hitzordua epaitegietan, eta bere tutoretzapean dauden adin txikikoen interesak defendatuko dituela.
Halaber, Peñak nabarmendu du gaia arretaz jarraituko dutela Diputaziotik gertaturikoa ez ezik erantzukizunak ere argitzeko.
Ramiro Gonzalez, kritiko
Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak salatu duenez, urteetan egin dira udalekuak Bernedon, "erabat onartezinak diren jardunbideekin". "Kasu batzuetan, eta azken egun hauetan ezagutu duguna ikusita, delitu izan daitezke", gaineratu du.
"Erakundeak familiei ematen dien babesa" helarazi du Gonzalezek, eta gai horretan "zuhurtziak "izan behar duela lehentasuna adierazi du, "adingabeei eragiten dielako eta haiek babestea beharrezkoa delako", Alderdi Popularrak eta Voxek "Araban kriminalitateak izan duen gorakada kezkagarriari" buruz egindako galderei erantzunez, Arabako Batzar Nagusietako kontrol saioan.
Senideei babes osoa helarazi ondotik, zuhurtziaz jokatzeko dei egin du Gonzalezek tartean adin txikikoak daudelako.
Arabako Batzar Nagusietako kontrol saioan azaldu duenez, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol departamentuak gaia aztertzen ari dira. Ildo horretan, informazioa biltzearen beharra nabarmendu du.
Azkenik, galdetu du nola den posible "erabat onartezinak" diren jarrerak urteetan errepikatu izana, inork ezer egin gabe. Hori dela eta, amaieraraino ikertzea aldarrikatu du.
Ça pourrait t'intéresser
Le covid permanent d'un gardien a été déclaré maladie professionnelle après avoir été infecté dans un hôpital