Urdaibaiko Guggenheim Museoa Muruetan kokatzea ez dute begi onez ikusten entzute prozesuan parte hartu dutenek
Era berean, jasotako iritziak bat datoz esatean proiektuari buruzko informazio nahikorik ez dela egon. Horiek dira Guggenhiem Urdaibai proiektuaren inguruan Bizkaiko Aldundiak eta Jaurlaritzak Busturialdeko herritarren artean sustatutako entzuketa aktiboaren prozesuaren ondorioetako bi.
Urdaibaiko Guggenheim Museoa handitzeari buruzko eztabaidak puri-purian jarraitzen du. Busturialdeko herritarrek euren iritzia aske azal zezaten entzute prozesu aktiboa sustatu zuten Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak, eta gaur prozesu horren lehen ondorioek argi utzi dute Guggenheim museoaren Muruetako kokalekuak "ezinegon handia" sortzen duela, ez aurka dauden herritarren artean soilik, baita museoa eraikitzearen aldekoak direnen artean ere.
Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Center zentruko zuzendariak adierazi duenez, parte-hartzea "oso plurala eta aktiboa" izaten ari da. Urte amaiera arte luzatuko da prozesua, baina dagoeneko zentroak burutu dituen 500 elkarrizketek agerian utzi dute proiektuaren kokagunea, Muruetako ontziola dagoen lekua, ez dutela begi onez ikusten Busturialdeko bizilagunek.
Agirre Lehendakaria Centerrek ondorioztatu du Murueta balio sinboliko handiko eremutzat jotzen dutela museoaren aldeko zein kontrakoek. Hala, Espiauk esan du beharrezkoa dela museoaren kokapena, dimentsioa eta izaera birpentsatzea.
Informaziorik eza
Txostenak agerian utzi du, halaber, gisa honetako proiektu estrategikoak planteatzerakoan, informazioa eta gardentasuna exijitzen dietela herritarrek erakundeei.
"Alde daudenek eta aurka daudenek, eta batez ere iritzi zehatzik adierazi ez dutenek, uste dute ez dutela beharrezko informaziorik", adierazi du Agirre zentruko zuzendariak, eta gaineratu du herritarrek euskal erakundeei eskatzen dietela informazio hori denbora errealean partekatu dezaten.
Lehenbiziko ondorioak argitaratuta, entzute-prozesua abendurarte luzatuko da. Guztira 1.000 elkarrizketa egitea aurreikusten du Agirre Lehendakaria Centerrek, eta azken txostena urte hasierarako espero du. Nolanahi ere "entzute prozesua", jarrera ezberdinetan kontraesanak ikustea ahalbidetzen duena, ez da loteslea, eta erakundeei dagokie jasotako iritziak baloratzea eta nahi dituzten erabakiak hartzea.