Trumpek berriz estutu du Europarekin duen gerra komertziala, eta % 35eko muga-zerga ezarriko diola mehatxu egin dio
AEBko presidenteak mehatxu egin dio Europar Batasunari uztailaren amaieran hitzartutako % 15eko tasa % 35era igotzeko, Bruselak AEBn 600.000 milioi dolar inbertitzeko hartatuko konpromisoa bete ezean.
AEBko presidentea Donald Trump, EFEren artxiboko irudi batean
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Europar Batasunari mehatxu egin dio, eta uztailaren amaieran hitzartutako % 15eko tasa % 35era igoko duela adierazi du, baldin eta Bruselak ez badu betetzen Trumpek Estatu Batuetan 600.000 milioi dolar (5.000 milioi euro inguru) inbertitzeko konpromisoa.
"600.000 milioi dolar ordaindu zituzten. Horregatik, muga-zergak % 30etik % 15era jaitsi nituen", esan du Trumpek CNBC telebista katean egindako elkarrizketa batean. Presidente errepublikanoak esan du Europak AEBn inbertitutakoa "oparia" izan zela. "600.000 milioi emango dizkigute, eta nahi dugun horretan inbertitu dezakegu", ziurtatu du. "Eta hori oparia da, ez da mailegua".
Uztailaren 27an, Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak muga zergen gaineko akordioa erdietsi zuten, gerra-komertzialari amaiera jartzeko asmoz, eta Europako produktuen gainean % 15eko kargak ezarri zituzten. Hogeita zazpi herrialdeek inbertsio gehigarriak egiteko eta energia eta armamentua erosteko konpromisoa hartu zuten.
AEBko presidenteak zehaztu zuenez, akordioak jasotzen du Estatu Batuetan sartzen diren EBko ondasunen gainean % 15eko muga-zerga ezarriko dela, eta, horrez gain, Bruselak konpromisoa hartu du Estatu Batuetako energia erosteko, 750.000 milioi dolarrean (648.000 milioi euro); 600.000 milioi dolarreko (510.000 milioi euro) inbertsioak egiteko, eta Ipar Amerikako ekipo militarraren kopuru "izugarria" erosteko.