Iranek AEBren su-eten proposamena baztertu eta gerra behin betiko bukatzeko eskatu du
Iranek hamar puntuko proposamen bat helarazio dio AEBri, Pakistanen bitartez, gatazka erabat bukatzeko helburuarekin. Trumpen arabera, "ez da nahikoa", eta Iran osorik suntsitzeko mehatxua bota du, berak jarritako epea betetzen bada.
Irango Gobernuak ez du ontzat eman Ameriketako Estatu Batuek mahai gainean jarritako su-eten proposamena. Herrialde persiarrak behin betiko konponbidea nahi du, eta, besteak beste, zigor ekonomikoak bertan behera uztea, Ormuzko itsasarterako protokolo berria zehaztea eta herrialdea berreraikitzeko plana eskatu ditu.
Donald Trump AEBko presidenteak astearterainoko epea eman dio Irani. Egun horretarako Ormuzko pasabidea zabaltzen ez badute, zibilen aurkako eraso masiboak egingo dituztela iragarri du buruzagi estatubatuarrak. "Infernua izango da", esan du.
IRNA Irango albiste-agentzia ofizialak jakinarazi duenez, Pakistanen bidez helarazi dio Iranek kontraproposamena Etxe Zuriari. Hamar puntu biltzen dituen dokumentuan dago Islamiar Errepublikaren erantzuna.
Irango agintariek behin eta berriz eskatu diete Estatu Batuei eta Israeli "erasoak eta hilketak" amaitzeko, eta gerra horretan eragindako kalteak konpontzeko.
Hartu-emanak ofizialak ez badira ere, bi aldeek elkarrekiko kontaktua daukate, eta Ekialde Hurbileko hainbat herrialdek euren burua eskaini dute bitartekari lanak egiteko. Besteak beste, Pakistan, Turkia eta Oman ari dira bide diplomatikoak zabaltzen, gerrari amaiera emateko.
Trumpek Iran osoa suntsitzeko mehatxua egin du, epea agortzen bada
Berehala iritsi da Trumpen erantzuna. Iraniarrek helarazitako proposamena "urrats garrantzitsua" dela aitortu arren, haren ustez, "ez da nahikoa". "Urrats oso garrantzitsua da, baina ez da nahikoa", esan du Etxe Zurian, Pazko eguneko ohiko ekitaldian kazetarien aurrean egindako agerraldian.
Berriz adierazi du "gerra berehala amaitu daitekeela". "Badakite zer egin behar duten. Hainbat baldintza bete behar dituzte. Badakite zeintzuk diren”, azaldu du.
Buruzagi estatubatuarrak nabarmendu du “gerrari esker Irango erregimena aldatzea" lortu dutela. "Denak hil ditugu, denak ero hutsak (...) Orain negoziatzen ari direnak ez dira hain muturrekoak. Uste dut askoz bizkorragoak direla", adierazi du.
"Nire esku balego, zer egingo nukeen? Petrolioaren jabe egingo nintzateke. Horretarako dago, hartzeko (...), Diru asko irabaziko nuke eta Irango herritarrak hobeto zaindu nituzke", erantsi du.
Ondoren emandako prentsaurreko batean, Trumpek esan du Iran osoa "gau batean txikitu" daitekeela, astearte gauean (asteazken goizaldean, Euskal Herrian) amaituko den ultimatumari erreferentzia eginez.
"Herrialde osoa gau bakar batean suntsitu daiteke, eta gau hori bihar bertan izan liteke", esan du.
Gainera, su-etena adostuz gero, Irango herritarrek Gobernuaren aurka "altxatu" beharko luketela azpimarratu du.