Epaitegi batek Leire Diezen aurkako auzia ireki du, ustezko influentzia-trafikoagatik
PSOEko militante ohiak UCOri buruz hitz egiten duen audioen berri izan ondoren, Guardia Zibilaren elkarte batek haren aurkako salaketa jarri du eta bertan beste delitu batzuk ere aipatzen ditu, hala nola, eroskeria eta justizia oztopatzea.
Madrilgo 2 zenbakidun Instrukzio Epaitegiak eginbideak ireki ditu Leire Diez PSOEko militante ohiaren aurka, ustezko influentzia-trafiko delituagatik.
Guardia Zibilaren ofizialordeen elkarteak (ASESGC) salaketa jarri zuen Diezen aurka, honek UCOko edo Fiskaltzako kideei buruzko informazioaren truke mesedeak eskaintzen zituen audio batzuk argitara eman ondoren. Salaketa horren ondorioz zabaldu da auzia.
Epaitegiak Delitu Ekonomikoen Fiskaltzari helarazi dio salaketa, txostena egin dezan. Iturri juridikoek adierazi dutenez, ez dute baztertzen beste delitu batzuk leporatzea eginbideen ondoren, salatzaileak eroskeria eta justizia oztopatzea ere aipatzen baititu.
ASESGCren salaketa beste hiru pertsonaren aurkakoa ere bada: Jacobo Teijelo, Santos Cerdanen abokatua, eta Javier Perez Dolset eta Alejandro Hamlyn, iruzur delituagatik Auzitegi Nazionalean ikertzen ari diren hainbat kasutan inplikatutako enpresariak.
Elkartearen esanetan, Antonio Balas teniente koronelaren aurkako informazio konprometigarria lortzeko “helburu argiarekin” aritu zen Diez, ustez, "PSOEko karguen izenean".
Era berean, gogorarazi du, informazioaren truke, enpresaburuek prozedura penaletan onurak izatea espero zutela.
Hori horrela, salatuei deklarazioa hartzeko eta Guardia Zibilaren Kriminalistika Zerbitzuak aurkeztutako audioa aztertu dezala eskatu du ASESGCk, "audioaren osotasuna egiaztatzeko eta mozketarik edo gehigarririk ote duen jakiteko”, bai eta ahotsak modu frogagarrian identifikatzeko ere.
Elkarteak adierazi du "Guardia Zibilaren independentzia eta sinesgarritasuna ahultzeko saiakera" geldiaraztea dela salaketaren helburua, baita polizia talde horretako "kide guztien profesionaltasuna" defendatzea ere.
Madrilgo epaitegi batek militante sozialista ohiaren aurkako auzia ireki duen lehena da salaketa hau. Horrez gainera, beste elkarte batzuk, tartean, Hazte Oir eta Manos Limpias, kereilak aurkeztu zituzten, baina epailearen ebazpenaren zain daude momentuz.