Bizirik dauden migratzaileak eta hildakoen gorpuak aberriratzeko eskatu dio Marokok Espainiari
Marokoko Justizia ministroak Espainiarekin akordio bat sinatzeko eskatu du, eta ziurtatu du Maroko prest dagoela autobusak Ceutara bidaltzeko, bizirik dauden migatzaileak hartzeko.
Migratzaileak, Ceutako hondartza baten ondoan. Argazkia: Europa Press.
Marokoko Justizia ministro Abdellatif Ouahbik Espainiari eskatu dio Marokora bidaltzeko uztailaren 30ean Tarajaldik Ceutako Hiri Autonomorako igarobidea zeharkatzeko saiakera egin ostean bizirik dauden migratzaileak eta itota hil zirenen gorpuak.
Hildakoei dagokienez, Ouahbik esan du Espainiak ez diola bere herrialdeari aurkitutako gorpuen kopuruari buruzko informaziorik eman. "Ez dugu historia medikorik eta ez dugu gorpu horien identifikaziorik. Ezin dira gorpuak eman pertsona horiek nortzuk diren jakin gabe ", azaldu du.
Bizirik daudenei dagokienez, Ouahbik esan du Maroko prest dagoela autobusak bidaltzeko haiek jaso eta Marokora eramateko bueltan. "Ez dugu bereizketarik egiten hildakoen eta bizirik daudenen artean. Denak nahi ditugu. Zergatik bereizketa hori? (...) Hildakoak onartzeko bakarrik eskatu digute. Ez du zentzurik", argudiatu du.
Al Arabiya arabiar kateari emandako elkarrizketa batean, Ouahbik Espainiarekin akordioa sinatzeko eskatu du izapide horiek kudeatzeko, baita bi herrialdeen artean migrazioari heltzeko ikuspegi integral bat lantzeko ere.
Biktimen identifikazioa
Ostiralean, 18 etorkin lurperatu dituzte Ceutako hilerri musulmanean, eta hilobi bakoitzari zenbaki bat jarri diote, gorpuzkiak errazago aurkitzeko. Guztira, 82 pertsona hil dira.
Bestalde, agintariek biktimak identifikatzeko lanean jarraitzen dute, baina prozesu hori poliki-poliki doa aurrera.