Langile bat hil da Gasteizen teilatu batetik erorita
57 urteko langile bat hil zen joan zen asteartean, uztailaren 15ean, 7 metroko altueratik erorita, ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez.
Lan-istripua 17:30ak aldera gertatu zen Mendiguren herrian, Gasteizko udalerrian.
Langilea autonomoa zen eta enpresa bateko teilatua konpontzen ari zen, estalkiaren zati bat apurtu eta erori zenean. Unean bertan hil zen.
ELAren zenbaketaren arabera, heriotza honekin, 31 langile zendu dira Hego Euskal Herrian 2025ean lanean ari ziren bitartean, bosgarrena Araban.
Bai ELAk bai LABek elkartasuna eta doluminak helarazi dizkiete langilearen senide, lagun eta gertukoei.
LABek langile autonomoek lan osasunaren arloan dituzten zailtasunak gogoratu ditu eta horien lan-arriskuen prebentzioan erakundeek parte hartu behar dutela adierazi du.
ELAk, berriz, Eusko Jaurlaritzari eta Patronalari eskatu die “prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri” ditzatela.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela