SEPI Talgo erosteko operazioan sartuko da, Ministroen Kontseiluak oniritzia eman dio eta
75 milioi euroko aportazioa eginda sartuko da operazioan Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatea (SEPI). Sanchez eta Pradales Madrilen bildu eta bi astera askatu da Talgoren finantziazioaren korapiloa.
Gaur, Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman dio operazioari, eta Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatea (SEPI, gaztelaniaz) Talgoren kapitalean sartuko da, kapital-handitze baten bidez. Espainiako Gobernuaren menpeko erakundeak 75 milioi euroko ekarpena egingo du: kapitalaren % 7,8 (45 milioi euro) kontrolatuko du, eta, gainera, 30 milioi euroko zor-jaulkipena harpidetuko du.
Joan den astean, Talgok Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinarazi zion SEPIri bi tresna horien bidez birkapitalizazioan sartzeko "gonbidapena" egin ziola: 10,58 milioi akzio erostea (4,20 euro titulu bakoitzeko), kapital-hedatzea itxitakoan horren % 7,87 kontrolatzea ahalbidetuko diotenak, eta 30 milioi euroko zor-jaulkipenaren harpidetza.
Horrez gain, Talgok beste jaulkipen bat egingo du, 75 milioiren truke, eta honako inbertitzaileek sinatuko dute: Ekarpen (Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, hiru foru aldundiak eta Mondragon); Clerbil taldea, Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidentearena; eta BBK eta Vital kutxen fundazioak.
Talgoren akziodunen batzarrak aldaketa horiek onartu behar ditu, konpainia 150 milioi eurorekin birkapitalizatzeko aukera ematen baitute. Fabrikatzailearen banku hartzekodunak baldintza hori eskatzen du, 400 milioi eurotik gorako zorra metatzen baitu.
Korapiloa, askatuta
Kapitala indartzeak bidea erraztuko dio Jainaga buru duen konpainiari Talgoren % 29,77 erosteko: egun, portzentaje hori Pegaso sozietate instrumentalaren esku dago (Trilantic funtsa eta Oriol familia).
Euskal partzuergoak tituluak akzioko 4,15 eurotan erostea eskaintzen du (SEPIren prezioa baino bost zentimo gutxiago), eta horri 0,65 euro gehituko litzaizkioke, 2027an eta 2028an zenbait finantza-helburu betetzez gero.
Operazio horren ondoren, Sidenor izango litzateke akziodun nagusia (ia % 29,8), Pegasok % 7,5 baino zertxobait gehiago mantenduko luke, eta Torrealek (Abello familiarena eta hasieran Pegason sindikatua), % 5. Kapitalaren % 53,2k Burtsan kotizatzen du.
Erosketaren aurreakordioa joan den otsailaren 14an itxi zen, baina etenda egon da, Talgoren banku hartzekodunak eskatutako birkapitalizazioaren zain.
Talgoren finantziazioaren korapiloa Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Imanol Pradales lehendakaria Madrilen bildu eta bi astera askatu da.