Greba orokorrak oihartzun handia izan du Hego Euskal Herri osoan, gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestazioekin
Greba deitu duten sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde) lortutako "jarraipen zabala" baloratu dute, eta Eusko Jaurlaritzak "elkarrizketa" eskatu du, eskumenen esparrua errespetatuz, lanbidearteko gutxieneko soldata propioa lortzeko bitarteko gisa.
Gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorrak "jarraipen zabala" izan du astearte honetan, ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuen arabera. Azaldu dutenez, industrian erregistratutako jarraipena oso zabala izan da, eta goizean zehar Hezkuntza, zerbitzu publiko eta beste sektore batzuetako langileek ere bat egin dute grebarekin.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zabaldutako datuen arabera, grebaren jarraipena % 49koa izan da EAEko ikastetxe publikoetan. Haur-eskoletan eta ikastoletan grebaren jarraipena % 80koa izan da eta % 60koa, berriz, hezkuntza publikoko irakasleen artean, LABen arabera. Halaber, hezkuntza berezian % 50en bueltan kokatu da, eta EHUn ere jarraipena "oso zabala" izan da.
Ohar bidez azaldu dutenez, grebaren eragina "oso zabala" izan da, bereziki industrian. Gipuzkoan, esaterako, ekoizpena gelditu dute Ampo, Arcelor Bergara, CAF, Indar, Irizar, Korta eta Orona lantegietan. Gauza bera gertatu da Bizkaian (Cementos Lemona, Cikautxo, Ingeteam, Alstom, Gestamp, etab.), Araban (Cementos Letona, Laminaciones Arregui, Maderas de Llodio, Tubos Reunidos, Tubacex eta Inausa) eta Nafarroan (Torraspapel, Arcelor Lesaka eta Ingeteam).
Deitzaileen arabera, "Gutxieneko soldata hemen erabaki. 1.500 euro. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko" aldarriak "jarraipen garrantzitsua" izan du Nafarroan, enpresa askoren "xantaiaren" eta erakundeek ezarritako "gehiegizko" gutxieneko zerbitzuen gainetik.
Aipaturiko sindikatuek azaldu dutenez, grebaren jarraipena ia erabatekoa izan da Nafarroa iparraldean (Bortziriak, Sakana, Leitza) eta Iruñerrian eragina sektore guztietan da nabarmena. Aitzitik, aitortu dute Erriberan, enpresa batzuetan greba egin badute ere, jarraipena txikiagoa izan dela.
Manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE
Eguerditik aurrera egindako mobilizazio jendetsuak "arrakastatsutzat" jo dituzte sindikatuek, eta jakinarazi dute 105.000 inguru izan direla Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako, Eibarko (Gipuzkoa) eta Tuterako (Nafarroa) manifestazioetan.
Bilboko mobilizazioan, Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiak eta Igor Arroyo LABen koordinatzaile orokorrak greba orokorra arrakastatsua izan dela azpimarratu dute.
ELAren idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die bi erkidegoetan soldata propioaren aurkako jarrera zuzentzeko, eta Confebask patronalari esan dio "oso erratuta" dagoela gai honetan "orrialdea pasako" dutela uste badu. "Greba honek atzo baino indartsuago egiten gaitu", esan die.
Bere aldetik, Igor Arroyo LABen koordinatzaile nagusiak esan du greba orokorra "euskal langileen indar erakustaldia" izan dela, eta "aberastasuna eta boterea esku gutxi batzuetan metatzea eragiten duen eredu bidegabearen aurrean planto" egin duela.
Halaber, Steilasek esan du ezinezkoa dela "duintasuna irakastea" eskoletan, "bizitza eta soldata prekarioak onartzen baditugu". Sindikatu horren arabera, "hezkuntzak gizartean eragiten du" eta "prekarietateak eta soldata arrakalek ikasgelak zeharkatzen dituzte".
Arratsaldean, gutxieneko soldata propio baten aldeko aldarrikapenak herriz herri entzun dira, mobilizazio ugari egon baitira Hego Euskal Herri osoan zehar, tartean, Donostian eta Iruñean.
Jaurlaritzaren eta alderdien erreakzioak
Greba deialdiari "errespetua" agertu ondoren, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak gogoratu du Gasteizko Gobernuak bat egiten duela gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenarekin, baina ez borrokaren formekin. Bere hitzetan, "elkarrizketa" da tresna, eta "ez konfrontazioa". Zentzu horretan, protestak "modu baketsuan" egitea eskatu du, "koakziorik gabe".
"Euskadik lanbide arteko gutxieneko soldata propioa izan behar du, eta hori onartzeko eskumenak behar ditu. Gaur gaurkoz, ez dugu halakorik", esan du.
EAJk gaitzetsi duenez, EAEn eta Nafarroan soldata propioa eskatzeko greba orokorraren atzean "motibazio politikoa" dago ELA, LAB eta deialdia egin duten gainerako sindikatuen aldetik, "zarata sortzea baino ez baitute bilatzen", "gaur egun erabiltzen diren moduei esker" lortuko ez den aldarrikapen baten aurrean.
Arkaitz Rodriguez EH Bilduren Ekintza Politikoko idazkariak adierazi duenez, euskal herritarrak lanbidearteko gutxieneko soldata bati "katigatuta" daude, eta soldata hori "Madrilen, modu uniformean, finkatzen da eta ez dio gure errealitate sozioekonomikoari erantzuten". Haren ustez, hori "erabat bidegabea" da eta "ondorio argi bat du, langileen pobrezia".
Azkenik, EAEko PPrentzat gaurkoa bezalako egunek erakusten dute Euskal Herriak "arazo bat" duela "sindikatuekin eta muturreko ezkerrarekin".
Martxoaren 17ko greba orokorra, iruditan
Atxilotuak, ikertuak eta identifikatuak
Greba egun osoan zehar, hiru pertsona atxilotu dituzte, bost ikertzen ari dira eta 165 identifikatu dituzte desordena publikoak egotzita EAEn. Guztira, Ertzaintzak 177 jarduketa zenbatu ditu, gehienak piketeekin eta jakinarazi gabeko ekintzekin lotutakoak. Gainera, lau zauritu izan dira, horietako bi ertzainak.
Tentsio uneak, Bilboko Kale Nagusian
Bilbon tentsio uneak bizi izan dira piketeak Kale Nagusiko saltokietara sartu direnean.
Gasteizen piketeen eragin handiena, Gasteizko Udaltzaingoaren arabera, Mercedes eta Michelin lantegi handien atarian nabaritu da. Horrez gain, edukiontziak eta pneumatikoak erre dituzte hiriko hainbat tokitan.
Piketeek kalteak eragin dituzte Bilboko Kale Nagusiko denda batean
Piketeek hainbat errepide itxiarazi dituzte
Piketeen eragina nabaritu da hainbat industrialde eta errepidetan. Greba orokorreko piketeek N-1 errepidea itxi dute, Andoain parean, eta San Mameseko sarrera ere blokeatu dute Bilbon.
Era berean, N-1 errepidea blokeatu dute Andoainen, 07:00etatik 07:50era, eta 7 kilometrorainoko auto-ilarak eragin dituzte.
Halaber, grebarekin bat egin duten hainbat pertsonak eserialdia egin dute EITBk Bilbon duen egoitzaren parean, eta San Mameseko sarrera-irteerak blokeatu dituzte.
Horrez gain, protesten ondorioz auto-ilarak sortu dira Martuteneko biribilgunean, Donostian, Agirletako errepidean, Bilbon, eta N-634 errepidean Usansolo eta Zornotza artean. Gainera, EHUren Leioako campuserako sarbideak itxi dituzte.
Piketeek Bilboko sarrera errepidea itxi dute, San Mamesen
Nafarroan, Mutiloako industrialdean errepidea blokeatu dute eta Sakanako autobidea (A-10) ere itxi dute, Arruatzun. Halaber, Iruñerriko garraio publikoan ere atzerapenak eragin dituzte piketeek.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), bere aldetik, Aernnova enpresarako eta Bilboko porturako sarrerak itxi ditu, "industria militarraren negozioa" salatzeko.
Halaber, piketeek hainbat errepide itxi dituzte goizeko lehen orduan. Hori dela eta, trafiko eragozpenak izan dira Kanpanzarren (Elorrio), Trabakuan (Mallabia) eta Itziarko igoeran (Deba). Dena den, 06:30erako zirkulazioa bere onera itzuli da hiru puntu horietan.
Azkenik, Renferen aldirietako tren zerbitzua eten dute Andoain eta Hernani artean, Hernaniko geltokian barrikada bat egin dutelako. Hala ere, zerbitzua berrezarri ahal izan dute. Gainera, Laudio eta Urduña arteko aldirietako tren zerbitzua eten dute, Amurrion sabotaje bat izan delako.
Zure interesekoa izan daiteke
LAB: Pradalesen Gobernuak "suspentso atera du" langileen aldeko politiketan
Garbiñe Aranburuk zalantzan jarri du lehendakariarekin egindako bilera-sortaren sinesgarritasuna, eta elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko legea bertan behera uzteko eskatu dio Imanol Pradalesi.
EHUren intersindikalak salatu du Unibertsitate Lege berriak unibertsitate publikoari beharrean, pribatuari egiten diola mesede
Sindikatuok "kezka handia" agertu dute Unibertsitate Lege berriarekin, eta salatu unibertsitate pribatuei diru publikoa jasotzeko bidea errazten diela, publikoaren kaltetan. Hain justu, EHUren "arazo larriena azpifinantzaketa" dela nabarmendu dute.
Greba deitu dute Bizkaiko metal merkataritzan urriaren 7rako, lan hitzarmen berri baten alde
ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek soldatak KPIaren arabera eguneratzea eta lanaldia Bizkaiko merkataritzako beste hitzarmen batzuetan ezarritako urteko 1.725 orduetara murriztea.
Gipuzkoako gasolindegietako langileak kalera atera dira lan-hitzarmen berriaren alde
Gipuzkoako gasolindegietako langileek elkarretaratzea egin dute Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean, hitzarmen berriaren negoziazioen blokeoa salatzeko. Ia bi urteko prozesuaren ostean, langileak kexu dira patronalak ez duelako erakusten elkarrizketarako borondaterik. Akordiorik lortu ezean, iragarri dute datozen asteetan mobilizazioak areagotu ditzaketela.
Inoizko mahats bilketarik goiztiarrena egin dute Arabako Errioxan, klima aldaketak eraginda
Tenperatura altuak izan dira eta ez du ia euririk egin. Horren ondorioz, apenas egon da onddoek eragindako gaixotasunik, eta mahatsaren kalitatea "bikaina" da. Ifrentzuan, baldintza meteorologikoek alkohol graduazioa igoarazi dute; "upategian konpentsatu beharko dute hori", azaldu dute.
Bateriekin izandako intzidentzia batek auto elektrikoen ekoizpena geldiarazi du Nafarroako Volkswagenen
Hornitzaileak arazoa konpondu du eta normaltasunez ekoizten ari da; hortaz, Nafarroako Volkswagenek jarduerari "berehala" ekitea espero du.
CCOOk Pradalesi hainbat eskumenen aurrean dituen "zuhurtziak" azaldu dizkio, langile askori eragiten dietelako
CCOO Euskadiko idazkari nagusi Santiago Martinezek Gernikako Estatutua oso-osorik betetzearen alde egin du lehendakariaren aurrean, baina "zuhurtzia" agertu du eskumen-transferentzia batzuen aurrean, hala nola FOGASAren edo pentsioen ingurukoen aurrean; izan ere, langile askori eragiten diete, eta, azpimarratu duenez, "ondo egin behar dira".
UGTk enpresen irabaziak soldatetara bideratzeko eskatu dio Pradalesi
UGT Euskadiko batzorde kudeatzaileko presidente Jose Manuel «Tximi» Lopezek enpresa handien irabaziak langileen soldatetan islatu behar direla defendatu du Imanol Pradales lehendakariaren aurrean, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bitartekari lanak egin ditzala euskal patronala hitzarmenen bidezko gutxieneko soldata interprofesionala negoziatzera esertzeko.
Ondarroako arraste flota: "Gasolioaren prezioarekin itsasora irteteak diru galera dakar"
Gasolio profesionala % 227 garestitu da otsailetik, eta Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteak salatu duenez, igoera hori arrantzaleek asumitu behar dute, handizkariak finkatzen duelako arrainaren erosketa-prezioa.
Gazteentzako hipotekak: zer hartu kontuan sinatu aurretik eta zer dira Gazteaval laguntzak?
EKA kontsumitzaileen elkarteak gutxienez hiru edo lau banketxeren eskaintzak alderatzea, presarik ez izatea eta Urteko Tasa Baliokideari, lotutako produktuei eta benetako ordainketa-ahalmenari erreparatzea gomendatzen du. Gazteaval programari esker, gainera, zenbait kasutan etxebizitzaren balioaren % 80tik gorako finantzaketa lor daiteke.