Eusko Jaurlaritzak istiluak gaitzetsi ditu eta elkarrizketa sozialaren alde egin du gutxieneko soldata propioa lortzeko
Maria Ubarretxena bozeramailea bat etorri da gutxieneko soldata propioa lortzeko aldarrikapenarekin, baina ez konfrontazio bidearekin.
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Maria Ubarretxena, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Foto: EFE
Eusko Jaurlaritzak adierazi du elkarrizketa soziala dela gutxieneko soldata propioa lortzeko bidea, eta ez konfrontazioa, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorraren harira.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Maria Ubarretxena bozeramaileak greba eskubidea errespetatu egiten duela adierazi du, baina protestak eta mobilizazioak modu baketsuan egitea eskatu du.
Ubarretxena bat etorri da gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenarekin, baina gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak gaur-gaurkoz ez duela horretarako eskumenik. Adierazi du hori lortzeko bidea elkarrizketa soziala dela, eta ez konfrontazioa.
Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, bere aldetik, une "zehatz" batzuetan gertatu diren istiluak gaitzetsi ditu.