TALGO

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jauregik espero du "bi hilabeteren buruan" Talgoren Akziodunen Batzarrak operazioa onartzea eta prozesua amaitzea

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak azpimarratu du prozesu honetan "abentura asko" egon direla, eta "zaila" eta "espero baino luzeagoa" izan dela, baina nabarmendu du SEPIk parte hartzea onestea "ezinbesteko urratsa" dela Talgoren afera konpontzeko.

18:00 - 20:00
Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, Radio Euskadiko elkarrizketa batean

Espainiako Gobernuak erabaki du Talgo erosteko operazioan sartu egingo dela, SEPIren bidez, 75 moilioi euro bideratuz. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako industria sailburuak uste du Talgo Euskadin sustraitzen laguntzeko "urrats sendoak eta funtsezkoak" eman direla.

Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatea (SEPI, gaztelaniaz) Talgoren kapitalean sartuko da, kapitala handitzeko operazio baten bidez. Espainiako Gobernuaren menpeko erakundeak 75 milioi euroko ekarpena egingo du: kapitalaren % 7,8 (45 milioi euro) kontrolatuko du, eta, gainera, 30 milioi euroko zor-jaulkipena harpidetuko du.

Radio Euskadin asteazken honetan elkarrizketa egin diote, eta sailburuak aitortu du prozesua "zaila" izan dela, "abentura asko" egon direla, baina nabarmendu du SEPI sar dadila onestea "ezinbesteko urratsa" dela Talgoren afera konpontzeko.

"Beharrezko urratsa da, urrats sendoa eta positiboa", adierazi du Mikel Jauregik, eta adierazi du "urrats gehiago" emateke daudela, baina astearte honetakoa Jose Antonio Jainagak eta euskal partzuergoak ezarritako "bide orrian" aurrerapauso bat "gehiago" izan dela. 

Jauregik azaldu duenez, “azken urrats gisa, falta da Talgoren akziodunen batzarrak kapitala handitzea onartzea”. Oraingoz, batzarrak ez du horretarako data zehatzik ezarri, baina Jauregik uste du laster izango dela: "Bi hilabete inguru, akziodunen batzarrak eragiketa onar dezan", esan du. Batzarrak onartutakoan, prozesua itxitzat joko da.