Epaiaren zain gelditu da Beloradoko moja ohien aurkako epaiketa
Bi aldeei entzun ondoren, Briviescako epaileak erlijioso ohiak monasteriotik ateratzeari buruz erabaki beharko du. Kaleratzea atzeratu egin daiteke, epailearen erabakiaren aurka errekurtsoa jar daitekelako. Moja ohiek adierazi dute, kaleratzen badituzte, "komunitatean" erabakiko dutela zer egin, "eutsi ala borondatez alde egin".
Beloradoko monasterioan jarraitzen duten zortzi moja ohiak, gaur, Briviescako (Burgos) auzitegira iristen. Argazkia: EFE
Beloradoko (Burgos) monasterioko moja ohien kaleratzeari buruzko epaiketa epaiaren zain geratu da astearte honetan, Briviescako Lehen Instantziako Epaitegian ahozko bista egin ostean.
Beloradon jarraitzen duten zortzi moja ohien (2024ko ekainean eskumikatu zituzten zisma delitu batengatik) abokatuak ziurtatu duenez, ez ziren emakumeak izan, banaka, Eliza Katolikotik bereiztea erabaki zutenak. Erabakia Beloradoko Santa Klara monasterioko komunitateak hartu zuten. Beraz, komunitate gisa, haiek direla komentuaren jabeak defendatu du.
Bestalde, Burgosko artzapezpikua den Mario Icetaren abokatuak adierazi duenez, erakunde erlijioso batek eliza katolikotik bereiztea "zuzenbide kanonikoaren kontua da".
Bere argudioen arabera, moja ohiek erlijioso izaera galdu zuten 2024ko maiatzaren 8an, manifestu katolikoa sinatuta; beraz, “egun horretan erlijio-komunitateko kide izateari ere utzi zioten”. Erlijio komunitate horrek indarrean jarraitzen duela, eta haren legezko ordezkaria Iceta artzapezpekua dela gehitu du. Bere ustez, erlijioso ohiak “modu prekarioan” daude Burgosko monasterioan eta joan egin beharko lirateke.
Ahozko saioaren ondoren, moja ohiek Beloradoko eraikina utzi behar duten ala ez erabaki behar du epaileak. Kaleratzea erabakitzen badu, irteera hori atzeratu egin daiteke erabakiaren aurka errekurtsoa jar daitekelako.
Zortzi erlijioso ohiek ziurtatu dutenez, kaleratzen badituzte, "komunitatean" erabakiko dute hurrengo pausoa: "eutsi edo borondatez irten".
Moja ohiak ikusmin mediatiko handiaren erdian iritsi dira Briviescako epaitegira, abokatuekin batera. Hedabideei egindako adierazpenetan, "kontzientzia lasai" dutela adierazi dute, eta epaileak auzian arrazoia emango diela espero dute.
Urtebete Eliza Katolikoa utzi zutenetik
Beloradoko Santa Klara monasterioko moja ohiek Eliza Katolikoa uzteko erabakia iragarri zuten 2024ko maiatzaren 13an.
Gerora, ekainaren 22an, Eliza Katolikoak mojak eskumikatu eta bizimodu sakratutik kanporatu egin zituen, eta monasterioan bizitzeko eskubiderik ez zutela jakinarazi zien. Hala ere, bertan jarraitzen dute eta horregatik jo zuen Icetak epaitegietara.
Astearte honetako saioa bertan behera utzi behar izan dute bi aldiz; lehena, abenduaren 19an, eta bigarrena, maiatzaren 13an.