JAIALDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskadik eta Boisek lehen urratsa eman dute Itsas-Gaindiko Campusa sortzeko

Imanol Pradales lehendakariak diaspora biziagotu nahi du, Euskadirentzako elementu diplomatiko funtsezkoa baita, nazioartean "influentzia irabazteko".

Imanol Pradales lehendakaria Boise State Universityn izan da. Irudia: Irekia

Gaur dute egun handia Boisen egiten ari diren Jaialdian; izan ere, ekitaldi nagusi eta jendetsuenak hartuko ditu ostegun honetan euskal kulturaren agertoki denak. Nolanahi ere, dena ez da festa giroa, Euskal Herritik joandako ordezkaritzako kideek bilera eta bisita ugari egin baitituzte azken orduotan. Hala, iragarri dute Euskal Unibertsitate Publikoa (EHU) eta Boiseko Unibertsitatea (BSU) lotuko dituen Itsas-Gaindiko Campusa sortuko dutela.

Beste hitzarmen baten berri ere eman dute: Jaurlaritzak —Etxepare Institutuaren bitartez— eta Boise State Universityk (BSU) ituna berritu dutela, Idahon (AEB) euskara eta euskal kultura irakasten jarrai dezaten, euskara nahi duen orori hurbiltzen jarraitzeko asmoz.

Imanol Pradales lehendakariak egin ditu iragarpenok Boiseko Unibertsitatean egin den galan. Esan duenez, horrelako ekimenek 'Euskadi Globala' estrategiari laguntzen diote, eta euskal herritarrei" hobeto konektatuta egoten "lagunduko dieten" zubiak eraikitzen" jarraitzeko aukera ematen dute. 

Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak Boise State Universityrekin batera sustatuko den eta "nazioartekotze estrategia" indartuko duen elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. 

 

18:00 - 20:00

Gaur-gaurkoz, Idaho hiriburuko unibertsitateak euskal ikasketen zentro propioa du. 1974an sortu eta bultzatu zen, Boisetik euskal ikasketetan espezializatzeko etorritako lehen taldea Oñatira iritsi zenean. Trukearen antolatzaileetako bat Pat Bieter zen, Larrabetzuko Eloisa Garmendiarekin ezkondu eta euskal kultura ezagutu zuen dakotarra.

Pat Bieterren lehen konexio horrek "Boise State's International Education Program" formazioa ekarri zuen, eta John semea inspiratu eta Euskal Ikasketen Zentroa sortu zuen.

Lehendakariak berak egindako hitzaldian gogora ekarri ditu Pat Bieterren bizipenak: "Patek konpromisoa hartu zuen bere komunitatearekin, eta ordezkari politiko gisa jardun zuen bizitzako azken urteetan. Konpromiso hori asko baloratzen dugu", adierazi du Pradalesek.

Hitzarmen horrekin, Etxepare Euskal Institutuak eta Boise State Universityk elkarlan ildoei eutsiko diete, BSUn euskara eta euskal kultura ikasten jarraitu ahal izateko. 

Zehazki, bi hitzarmen sinatu dituzte; bata euskal ikasketen inguruko ikerketari laguntzeko programa berri bat abian jartzeko, eta, bestea, 2015etik martxan dagoen Eloise Garmendia Bieter katedrak bere horretan jarraituko duela bermatzeko.

Lehendakariak diasporako lagunei dei egin die "inoiz baino aktiboago egon daitezen". "Gure asmoa diaspora mugiaraztea da, Euskadirentzako funtsezkoa baita, elementu diplomatiko gisa; eta euskal sare globalekin konektatzen laguntzea. Gure helburua da ahal den tokietan eragina irabazten saiatzea", esan du.