Hegazti gripea Bizkaian
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Fauna basatia sendatzeko Gorlizko zentroak abeletxeko hegazti guztiak hil ditu, eta inguruko udalerrietan prebentzio-neurriak ezarri dituzte

Zentroak hegazti gripearen bi kasu atzeman ditu, eta, iragarri dute, ondorioz, zentroa bera kutsatu egin dela. Hala, alde batetik, abeletxeko hegazti guztiak hil dituzte, eta, bestetik, inguruko herrietan prebentzio-neurriak ezarri dituzte. 

Kaio baten artxiboko irudia

Azken orduan atzemandako hegazti-gripearen bi kasuak Gorlizen dagoen fauna basatia sendatzeko zentroan atzeman dituzte, eta astearte honetan jakinarazi dutenez, zentroa bera kutsatu egin da. Ondorioz, "berehalako eutanasia" egin zaie bertako hegazti guztiei.

Hegazti-gripea duten kaioen kasuak ez direla "ezustekoak" eta gizakientzako arriskurik ez dagoela adierazi ondotik, Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu du hegaztiak hiltzeaz gain, "beharrezkoa” dela 10 km-ko erradioan hegaztientzako prebentzio neurriak hartzea. Aldundiak adierazi duenez, fokua ezabatu eta ondorengo 30 egunetan egongo dira indarrean. 

Ezarritako babes- eta zaintza-eremuek udalerri hauei eragiten diete: Lemoiz, Bakio, Gorliz, Barrika, Sopela, Mungia, Maruri, Plentzia, Urduliz, Getxo, Berango, Gatika, Laukiz, Leioa, Erandio, Loiu eta Derio.

Hauek dira ezarritako neurriak:

- Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan inskribatu beharko dute hegaztiak dituzten abeltegi guztiek.

Hegazti-ustiategiak ixtea eta hegaztiak babes- eta zaintza-eremutik sartzea eta irtetea debekatu da.

- Albaitaritza-zerbitzua indartuko da.

Zaintza pasiboa areagotu eta heriotza arraroen aurrean arreta gehiago jarri beharko da.

- Debekatu egingo da aire zabalean etxeko hegaztiak haztea.

- Debekatuta dago hegaztiei basa-hegaztiak sar daitezkeen lekuetatik datorren ura ematea, tratatu ezean.

- Azoketan eta kontzentrazio-zentroetan debekatuta dago etxeko hegaztiak eta bestelako hegaztiak edukitzea.