Gizon bat atxilotu dute Basaurin, bikotekidea hiltzea egotzita
Biktima, 44 urteko emakume bat, ondoezik jarri ostean hil zen. Medikuek egindako lehen azterketen arabera, indarkeria zantzuak zituen. Ikerketaren iturriek EITBri baieztatu diotenez, urruntze agindu bat zegoen indarrean, baina atxilotuak askotan urratzen zuen.
Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu du ostiral honetan Basaurin, Kareaga auzoan, bere bikotekidearen heriotzarekin zerikusia duelakoan. Genero-indarkeriarekin lotutako hilketa bezala ikertzen ari dira.
Biktima, 44 urteko emakumea, ondoezik jarri zen bere etxebizitzan asteazken goizean. Bertaratu ziren osasun-langileak hura suspertzen saiatu ziren, baina bertan hil zen.
Medikuek egindako lehen azterketen arabera, indarkeria zantzuak zituen. Hori dela eta, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen gertatutakoa argitzeko.
Gaur goizean, 09:15 aldera, gizona atxilotu dute Bilbon, genero-indarkeriaren eraginez homizidio-delitua egotzita. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Ikerketaren inguruko iturriek EITBri baieztatu diotenez, urruntze agindu bat zegoen indarrean, baina atxilotuak askotan urratzen zuen.
Basauriko Udalaren hitzetan, Udaltzaingoa gizonaren jarraipena egiten ari zen, polizia-aurrekariak dituelako genero-indarkeriagatik. Segurtasun Sailak baieztatu du atxilotuak aurrekariak zituela genero-indarkeriagatik.
Basauriko Udala
"Gure gaitzespenik irmoena ustezko hilketa matxista honengatik"
Udalak "irmo gaitzetsi" du ustezko hilketa matxista. Horrekin batera, Asier Iragorri alkateak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea egingo dutela iragarri du, eta baita adierazpen instituzionala ere, Bozeramaileen Batzordearen bitartez.
Iragorrik ohartarazi du "jasanezina eta oso kezkagarria" dela honelako kasuak berriro errepikatzea, eta indarkeria matxista ez normalizatzeko deia egin du.
Basauriko alkateak azpimarratu du "eskutik helduta" jarduteko beharra dagoela jarrera horiek desagerrarazteko, batez ere hezkuntzan arreta jarriz.
Halaber, indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoen gorakadaz ohartarazi du, eta "gaitz" horri esparru guztietatik aurre egitearen beharra aldarrikatu du.
Honakoa aurtengo genero-indarkeriaren lehen biktima litzateke Euskadin, hilketa matxista izan dela berretsiz gero.
Basauriko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak eta Berdintasun Kontseiluak elkarretaratzea deitu dute larunbaterako, 12:00etan, Azaroak 25 plazan. Horien esanetan, deialdi honen helburua da publikoki kasu honen aurrean gaitzespena adieraztea eta indarkeria matxista salatzea, gizarte osoak ikusarazi eta gaitzetsi behar baitu.
Basauriko mugimendu feministek elkarretaratzea egin dute ostiral arratsaldean
Basauriko Asanblada Feminista eta Emakumeok Bat Koordinadora talde feministek elkarretaratzea deitu dute ostiral arratsalderako, 18:30ean, Azaroak 25 plazan, "amorrua eta mina" publikoki adierazteko.
Ohar batean adierazi dutenez, 2026an 2 dira jada Euskal Herrian hildako emakumeak, eta horrek agerian uzten du, euren ustez, indarkeria matxistak jarraitzen duela gizartean gaitz nagusietako bat izaten. Mugimendu feministak azpimarratu du krimen horiek emakumeen desberdintasuna, kontrola eta deshumanizazioa betikotzen dituen sistema baten ondorio direla.
"Erabateko gaitzespena"
Bizkaiko Foru Aldundiak ere erabat gaitzetsi du Basauriko hilketa matxista.
Aldundiak bat egin du Basauriko Udalak deitutako gaitzespen-bilkurarekin, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu.
Emakunde: indarkeria matxista kasuetarako protokoloa
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak indarkeria matxista kasuetarako erakundeen arteko protokoloa aktibatu du gaur goizean, Basaurin emakume bat hil ostean.
Emakundek gertaera gaitzetsi du, eta elkartasuna eta babesa adierazi dizkie biktimaren senide eta lagunei.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan; beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagunek harrera egin diote Freedom Flotillako ontziari Euskadin
Asteartera arte (hilak 8), Euskadin egoteko asmoa du. Egun horretan, Vigora abiatuko da, eta, ondoren, Mediterraneoko beste hainbat gunetara jarraituko du. Ontziak Bilbon egingo duen egonaldian, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, emanaldiak, Palestinako azoka eta flotillako aktibistekin prentsaurrekoa.
25 urteko emakume bat atxilotu dute Eltziegon, bikotekidea harrapatzea leporatuta
Etxeko indarkeriaren esparruan hilketa-saiakera delitua egotzi diote. Gertaera larunbat goizean jazo da, 07:30ak aldera. Atxilotua polizia-etxera eraman dute eta, eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utziko dute.
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.
Datorren astean hasiko dira Topoaren lurpeko pasanteko trenen probak
Azpiegitura Gabonetan egongo da erabiltzaileko prest, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.
Azpeitiko hilketaren ustezko egilea atxilotu dute Ondarroan
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, gaur goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.