Euskal Encounterrek 5.000 parte-hartzaile inguru eta 4.000 ordenagailutik gora bilduko ditu BECen
Makrohitzordu teknologikoa uztailaren 23tik 26ra egingo da eta arreta berezia eskainiko zaio adimen artifizialari eta ordenagailu kuantikoari.
Barakaldoko BECek Euskal Encounter jaialdiaren 34. edizioa hartuko du uztailaren 23tik 26ra bitartean, eta 5.000 parte-hartzaile inguru biltzea aurreikusi dute antolatzaileek.
Informatika eta teknologiaren gaineko makro-topaketak sareetara konektatutako 4.000 ordenagailu eta ekipo baino gehiago izango ditu, gaitasun handiko azpiegitura bati eta Euskaltelek emandako 70 Gbps-ko internet konexioari esker.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo programak gaur egungo eraldaketa digitala markatzen ari diren bi teknologiatan jarriko du arreta: adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa.
Hitzordu teknologikoak, gainera, 200 bat jarduera, tailer praktikoak eta hainbat arlotako lehiaketak egingo ditu, sormenari, berrikuntzari eta dibulgazio zientifikoari eskainitako guneetan.