Bi emakume hil dituzte azken 24 orduetan beren bikotekide edo bikotekide ohi gizonezkoek Malagan eta Toledon
Emakumezkoek 30 eta 45 urte bitartean zituzten, eta euren bikotekideek eraso eginda hil dira. Gizon bat atxilotu dute, eta besteak bere buruaz beste egin omen du. Guardia Zibila beste kasu bat ikertzen ari da Malagan. Beste emakume bat hilik aurkitu zuten astelehen gauean Almoradin (Alacant), baina autopsiaren arabera, arrazoi naturalengatik hil zen.
Los Arquerosen (Benahavis) 45 urteko emakume bat hilda aurkitu dute, indarkeria zantzuekin. Argazkia: EFE
Bi emakumezko hil dituzte azken 24 orduetan Espainiako Estatuan. Krimenak Malagan eta Toledon izan dira. Erasotzaileetako bat atxilotu dute eta besteak bere buruaz beste egin du.
Lehen hilketa matxista astelehen honetan izan da, Antequeran (Malaga). 30 urteko emakume bat hil dute, eta etxean aurkitu dute, arma zuriz egindako zauriekin. Hilketa horren eta herri bereko 35 urteko gizon baten suizidioaren arteko lotura ikertzen ari da Polizia Nazionala.
Bigarren krimena astearte goizaldean gertatu da, Toledoko Alameda de la Sagra herrian. 45 urteko emakume bat arma zuriz hil dute, eta ustezko erasotzailea, 48 urteko gizon bat, atxilotu egin dute.
Almoradin hilda aurkitutako emakumea ez zuten hil
Astelehen gauean, beste emakume bat hilik aurkitu zuten Almoradin (Alacant), eta hasiera batean senarrak hil zuela uste zuten. Hala ere, 56 urteko emakumearen gorpuari egindako autopsiaren arabera, heriotza arrazoi naturalengatik gertatu zela ondorioztatu dute, eta, beraz, susmagarria aske utzi dute.
Ikerketa abiatu dute Benahavisen
Bestalde, Benahavisen (Malaga) indarkeria zantzuak zituen emakume baten hilketa ikertzen ari da Guardia Zibila. Biktimaren gorpua astearte goiz honetan aurkitu dute, lepoan labankada batek eragindako zauria zuela.
Lekuko batek eman zuen abisua; etxean oihu izugarria entzun eta gizon bat ibilgailu batean abiadura handian ihes egiten ikusi zuela adierazi du lekukoak.
Guardia Zibilak ikerketa abiatu du, indarkeria matxistako beste kasu bat den ala ez zehazteko.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren baten berri baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ezabatu egin behar da.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera