Emakume bat labankadaz hil dute Antequerako etxebizitza batean
Gorpua aurkitu baino ordu batzuk lehenago haren bikotekideak bere buruaz beste egin du eta Polizia Nazionala bi gertaerak lotuta ote dauden ikertzen ari da.
30 urteko emakume bat hilda aurkitu dute Antequerako (Malaga) etxebizitza batean, arma zuriz egindako zauriekin, 14:00ak aldera. Polizia Nazionala gertatutakoa ikertzen ari da, hilketa emakumearen bikotekidearen (35 urte, gizona) suizidioarekin lotuta ote dagoen argitzeko.
Gorpuak indarkeria zantzuak zituela eta, Polizia Zientifikoko espezialistak eta segizio judiziala joan dira etxebizitzara frogak biltzera.
Gorpua aurkitu aurretik, ordu batzuk lehenego, 11:50 aldera, 35 urteko gizon bat suizidatu egin da bere burua herriko harresitik botata, eta Polizia krimena suizidioarekin lotuta ote dagoen ikertzen ari da.
Ikerketa iturriek zabaldu dutenez, bikote ziren, eta hipotesien artean genero-indarkeria darabilte.
Kasua hilketa matxista gisa baieztatuz gero, 30 emakume izango lirateke aurten genero-indarkeriaren biktima; zenbatzen hasi zirenetik, 2003tik, 1.371.
Malagan bakarrik, uztailean lau emakume hil dituzte indarkeriaz: uztailaren 1ean 35 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Rincon de la Victoriako putzu batean. 49 urteko gizonezko bikotekide ohiak krimena aitortu zuen. Astebete geroago, 61 urteko emakume bat eta 31 urteko alaba aurkitu zituzten Mijasko etxebizitza batean. Ustez labankadaz hil zituen amaren mutil-lagunak, eta ondoren su eman zion etxebizitzari, krimenak ezkutatzen saiatzeko.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera