Lau atxilotu eta zazpi ikertu Munduko Futbol Txapelketako finalaren ostean izandako istiluengatik
Istiluak izan dira Gasteizen, Donostian, Bilbon, Berrizen eta Berriozarren. EAJk eta EH Bilduk deitoratu egin dituzte, eta PPk eta Voxek "terrorismotzat" jo dituzte.
Tentsio uneak, Munduko Txapelketako finalaren aurretik, Casilda Iturrizar parkean, Bilbon.
Ertzaintzak lau gizon atxilotu eta zazpi lagun ikerketapean jarri ditu Munduko Futbol Txapelketako finalaren ondorengo orduetan Gasteizen, Donostian eta Berrizen izandako hainbat gertakariren harira. Partidaren aurretik ere izan ziren beste istilu batzuk.
Gasteizen
Ertzaintzako agenteek hiru gizon atxilotu dituzte goizaldean Gasteizen. 25, 19 eta 18 urteko gizasemeak dira, eta Espainiako selekzioaren elastikoa zeramaten hainbat pertsonari eraso egitea leporatzen zaie. Haietako bi gorroto-delitu baten ustezko egile gisa atxilotu dituzte, eta hirugarrena agintaritzaren agenteen aurkako atentatu-delitu batengatik ere bai.
Gertaerak goizaldeko ordu bata jo berri zela izan ziren, Judimendi etorbidearen inguruan. Abisu baten bidez jakinarazi zioten Ertzaintzari beltzez jantzitako eta aurpegia estalita zeramaten hainbat pertsona beste talde bati eraso egiten ari zitzaiola. Lehen informazioen arabera, biktimetako batek hainbat ostiko jaso zituen, eta elastikoa urratu zioten kentzen saiatzean.
Lekura bertaratutako Herritarren Babeserako agenteek hiru gazte atxilotu zituzten; hirurek Espainiako nazionalitatea dute. Esku-hartzean, atxilotuetako batek ertzain bati eraso egin zion, eta, horregatik, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu-delitua ere egotzi diote.
Horrez gain, atzo arratsaldean, partida hasi aurretik, Ertzaintzak Arabako hiriburuan 22 eta 29 urte bitarteko hiru pertsona identifikatu zituen.
Donostian
Donostian, gizon bat atxilotu dute agintaritzaren agenteen aurkako atentatu-delitu batengatik, eta sei ikerketapean jarrai dituzte Espainiako selekzioaren zaleak mehatxatu eta iraintzeagatik, hertsapen-delitu baten ustezko egile gisa.
Esku-hartzea goizaldeko ordu batak aldera izan zen Portaleta inguruan, Alde Zaharrean. Bertan, talde bat Espainiako selekzioaren elastikoa zeramaten zaleak beldurtzen eta hertsatzen hasi zen, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Biktimen osotasun fisikoa arriskuan zegoela ikusita —une batzuetan inguratuta eta mehatxatuta egon baitziren—, Ertzaintzak esku hartu eta gertakarietan inplikatutako zazpi pertsona identifikatu zituen. 28 urteko gizon bat atxilotu zuten agintaritzaren agenteen aurkako atentatu-delitu batengatik, eta beste sei pertsona —lau gizon eta bi emakume— hertsapen-delitu baten ustezko egile gisa ikertzen ari dira. Ikertuek 25 eta 33 urte artean dituzte, eta horiez gain, 16 urteko adingabe bat ere badago.
Istiluak Berrizen eta Bilbon
Bizkaian, 40 urteko gizon bat gorroto-delitu baten ustezko egile gisa ikertzen ari dira Berrizen goizaldeko 01:30 aldera izandako gertaera baten ondorioz. Ikerketaren arabera, ibilgailuarekin talka egin zuen Espainiako selekzioaren garaipena ospatzen ari ziren bi pertsona zihoazen autoaren aurka. Ondoren, ibilgailutik bandera bat kendu, bidaiarietako bati indarrez heldu eta eskumuturrean lesioa eragin zion. Biktimek, 23 eta 21 urteko bi gizonek, salaketa jarri dute gertatutakoagatik.
Bilbon ez zen gorabehera aipagarririk izan partida amaitu ondoren. Hala ere, atzo arratsaldean Ertzaintzak 21 pertsona identifikatu zituen Munduko Txapelketako finala zela eta ezarritako segurtasun-dispositiboen barruan. Identifikazio gehienak Casilda Iturriza parkearen inguruan eta Indautxu auzoan egin ziren. Pertsona bat arma zuriz mehatxu egiteagatik ikerketapean jarri zuten, eta beste lau Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa urratzeagatik zigortzeko proposatu zituzten.
Eusko Jaurlaritzaren gaitzespena
Eusko Jaurlaritzak erasoak gaitzetsi egin ditu. "Jokabide mota hauek bateraezinak dira gure herria definitzen duten errespetuaren eta bizikidetzaren balioekin", adierazi du Exekutiboak ohar batean.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak "elkartasuna adierazi die erasotutakoei, eta errespetuan, gizalegean eta edozein indarkeria motaren arbuioan oinarritutako bizikidetzarekiko konpromisoa" berretsi du.
Erreakzio politikoak
EAJk gaitzetsi egin ditu igande honetan izandako eraso "onartezinak" eta "jarrera intoleranteak".
Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, Euskal Selekzioak nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko duen eskubidea defendatu du alderdi jeltzaleak: "Hori da gure selekzioa, baina betiere errespetutik eta bizikidetzatik", nabarmendu du alderdiak.
Gainera, honakoa gehitu du: "Atzo Euskadiko hainbat tokitan gertatutako erasoak eta jarrera intoleranteak onartezinak dira, eta gaitzetsi egiten ditugu".
EH Bilduk ere asteburuan izandako erasoak gaitzetsi ditu, eta, era berean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko duten eskubidea bide baketsu eta demokratikoen bidez defendatzeko deia egin du.
“Herri honek, Euskal Herriak, nazio gisa aitortua izateko eta, beraz, nazioarteko kirol txapelketetan munduko gainerako nazioen baldintza berdinetan parte hartzeko eskubidea duela aldarrikatu nahi du ezkerreko indar subiranistak”, adierazi dute.
Bestalde, Bilboko Udaleko PPren bozeramaile Esther Martinez pozik agertu da Casilda Iturrizar parkeko pergolan Munduko Txapelketako finala ikusteko jarritako pantailak izan duen "arrakasta erabatekoarekin". Bilboko PPk sustatutako ekimen horrek "10.000 pertsona baino gehiago bildu" dituela adierazi du, eta, haren esanetan, erakutsi du "normaltasuna nazionalismoaren gainetik dagoela eta inork ezin diela bilbotarrei eragotzi Espainiaren arrakastak harrotasunez ospatzea".
PPren zuzendaritza nagusia haratago joan da, eta Alma Ezcurra PPren Koordinazio Sektorialeko idazkariordeak "terrorismotzat" jo ditu istiluak, eta Voxek ere bai.
Alderdi ultraeskuindarraren bozeramaile Jose Antonio Fusterrek iragarri du bere alderdiak istiluak salatu egingo dituela, arduradunak "identifikatu, atxilotu eta zigortzeko".
Bere aldetik, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Marisol Garmendiak deitoratu egin du oraindik ere "euskal nazionalismo erradikal intolerantearen zati batek ez onartzea euskal herritar batek Espainiako selekzioaren garaipena ospatzea".
"Zorionez, Euskal Herrian oraindik ere jende askok ospatzen ditu aniztasuna, normaltasuna eta desberdintasuna", azpimarratu du Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Era berean, nabarmendu du "euskal herritarra izatea eta Espainiako selekzioaren golak ospatzea bateragarriak direla".
"Falta izan zaigu Oyarzabalek, Merinok eta Nico Williamsek —ia lortu zuen— golen bat sartzea; hori izango zen gailurra. Zorionekoak gara, eta orain hurrengo erronkari heldu behar diogu", adierazi du.
Berriozarren finala ikusten ari zen militar talde bat eraso dute
Joan den gauean, kaputxadun talde batek Munduko Txapelketako finala ikusten ari ziren Espainiako selekzioaren zale batzuei eraso egin die, Berriozarko taberna bateko terrazan. Aitzoaingo kuartelarekin lotutako militarrak dira zaurituak.
Segurtasun kamera batek jasotako irudietan ageri denari erreparatuta, zaleak mahaietan eserita zeuden, eta bat-batean kaputxadun taldea agertu eta erasotzen hasi zitzaizkien. Iturri batzuen arabera, erasotutako batzuk Nucleo Nacional taldearekin lotuta daude. Talde hori Espainiako erakunde eta alderdi politiko neonazi bat da.
Erasotzaileetako batzuek burdinazko barrak eta bestelako objektuak zeramatzaten erasoa egiteko. Segundo gutxiren buruan, zaleei eraso egin ondoren, lekutik alde egin zuten. Partida ikusten ari ziren hainbat pertsona zauritu ziren, eta tabernako altzarietan ere kalteak eragin zituzten.
Guardia Zibila eta Nafarroako Foruzaingoa elkarlanean ari dira gertatutakoa ikertzen.
Berriozarko alkateak erasoa deitoratu du
Berriozarko alkate Iker Mariezkurrenak (EH Bildu) erasoa deitoratu du, eta nabarmendu du gertaera horiek ez liratekeela "inoiz gertatu behar gure herrian”.
Ohar baten bidez, alkateak elkarbizitza demokratikorako eta errespeturako deia egin du, “Berriozarko herritarren berezko bi elementu baitira”.
Azkenik, kezkatuta agertu da "udalerrian elementu eta sinbologia neonaziak" agertu direlako, eta adierazi du elementu eta sinbologia horiek ez dutela "lekurik Berriozarren”.
Zure interesekoa izan daiteke
Blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan Gasteizko jaietan
Gasteizko nagusiek blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan. Jardunaldia 09:00etan hasi da, San Migel elizako Andre Maria Zuriaren kaperan egindako elizkizunarekin. Ondoren, beteranoek erroskillak eta ardo gozoa dastatu dituzte, elizako balkoia hartu eta hiriko zaindariari ohiko lore-eskaintza egin aurretik. Guztira, 300 blusa eta neska inguru bildu dira bertan. Ohorezko aurreskua egin ostean, eguneko protagonista nagusiak Artepan okindegira joan dira, txoripanez gozatzera, musika bandaren erritmora.
Ia Nafarroa osoa alertapean egongo da ekaitzengatik; EAE eta Iparraldea, abisu horian
Arratsaldean, bero hodeiak garatu eta zaparrada trumoitsuak, txingorra eta haize bolada gogorrak espero dira, bereziki lurraldearen ekialdean. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi duenez, uholdeak egon litezke euriteengatik.
Beroa eta oporrak oztopo dira Euskadin behar diren odol-emateak lortzeko
Tenperatura altuek eta oporraldiek zaildu egiten dute udan transfusioetarako behar den odol kopuruari eustea.
Amaitu dira AP-8ko Irun pareko eta A-8ko auto-ilarak
Trafiko Sailak amaitutzat eman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko bi puntutan sortutako auto-ilarak.
Meta eta TikTok plataformei kontrola indartzeko eskatu die Europako Batzordeak, Ceutako krisia tarteko
Abuztuaren 15aren aurretik, sare sozialok estu zaintzen ari da Brusela. Izan ere, egun horretan beste migratzaile olde bat espero da hiri autonomoan. Horren ildoan, Europako komisarioa bi plataformetako arduradunekin bildu berri da.
Kanoikadak abiatuko du Donostiako Aste Nagusia larunbat honetan
Artillari nagusiak 19:00etan piztuko du metxa Alderdi Ederreko lorategietan, eta horrela emango dio hasiera zortzi eguneko jaiari. Guztira, 400 ekitaldi baino gehiago daude programatuta.
Elkanok munduari buelta eman eta jaioterrira itzuli zen unea antzeztu dute Getarian
Aurten, lehen aldiz, Mikel Larrañagak egin du Elkanoren papera, eta Saioa Etxeberria izan da tripulatzaile modura irten den lehen emakumea. Lau urterik behin ospatzen du Getariak Elkanoren iritsiera, munduari bira eman ostean.
Alejandrak 2.000 euro galdu ditu Bilboko etxebizitza baten alokairuaren iruzurrean
Kaltetuak salatu duenez, 2.000 euroko iruzurra egin diote hainbat pertsonari aldi berean eskainitako etxebizitza bat alokatzeagatik. Iruzurrez galdutako dirua eta beste bizitoki bat alokatzeko erabili beharrekoa gehituta, galerak 4.000 eurokoak direla azaldu du.
Iraulitako kamioi batek 31 kilometroko auto-ilarak eragin ditu Baiona inguruan
22:00etatik aurrera, A-63 errepidea erabat itxita egongo da 3 orduz, gutxi gorabehera, ibilgailua erretiratzeko.
Gutxienez 12 salaketa aurkeztu dituzte Bilbon etxebizitza turistiko bat alokatuta iruzurra egin zuen gizonaren aurka
EITBk biktimetako biren testigantzak jaso ditu. Iruzurgileak Airbnb bidez alokatu zuen pisua, hiru egunez. Ordu gutxi batzuetan, benetako jabeak ezer jakin gabe, dozena bat pertsonari alokatu zien. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gizona harrapatu eta biktimek galdutako dirua berreskura dezaten.