Abisu horia Ebro ibarrean eta Nafarroa ia osoan, 35 eta 38 gradu arteko maximoak izango baitira
Eguzkia nagusituko da eta eguraldia egonkorra izango da egunotan. Asteak aurrera egin ahala, tenperaturek gora egingo dute, progresiboki.
Kontxako hondartza, aurtengo udan. Argazkia: EFE
Astea udako giro bete-betean hasiko da Euskal Herrian; eguzkia izango da nagusi, eguraldia egonkorra izango da eta tenperaturak pixkanaka gora egingo du. Giro beroena Ebro ibarrean izango da, eta asteazkenetik aurrera termometroak 35 ºC-en bueltan izango dira.
Hori dela eta, Euskalmetek abisu horia aktibatu du Ebro ibarrean (13:00etatik 19:00etara) tenperatura maximoak 35 gradu ingurukoak izan daitezkeelako inguru horretan. Halaber, Aemetek abisu horia ezarri du Nafarroa ia osoan, ipar partean izan ezik, 13:00etatik 21:00etara. Nafarroaren kasuan, beroenak 38 graduren bueltan kokatuko dira.
Udako giroa astelehean
Astelehenean asteburuko udako giroak jarraitu egingo du, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Goizaldean lainoa eta behe-hodei batzuk sor daitezke, baina berehala desagertuko dira, eta egunaren gainerakoan zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da.
Haizea ahula eta aldakorra izango da goizean; arratsaldean iparraldetik finkatuko da eta indar pixka bat hartuko du. Barnealdeko leku askotan tenperatura maximoak 30 ºC baino beroagoak izango dira; kostaldean, berriz, epelagoak. Bero handiena Ebro ibarrean egingo du.
Asteartea, hodeirik gabe
Asteartea ere erabat udakoa izango da. Eguna eguzkitsua izango da, ia hodeirik gabe. Haizea goizean ahul eta aldakorra izango da, eta arratsaldean iparraldetik joko du, zertxobait indartsuago. Tenperatura maximoak 30 ºC ingurukoak izango dira barnealdean, eta zertxobait baxuagoak kostaldean. Ebro ibarrean, berriz, maximoak 35 ºC-ra hurbilduko dira.
Asteazkenean, maximoek gora
Asteazkenean ere udako eguraldia izango dugu. Eguzkia izango da protagonista, eta hodei gutxi batzuk baino ez dira izango. Haizea goizean ahul eta aldakorra izango da, baina arratsaldean iparrera egingo du, eta indar handiagoz joko du. Tenperatura maximoek apur bat gora egingo dute: barnealdean 30 ºC-ak gaindituko dituzte, eta kostaldean balioak zertxobait baxuagoak izango dira. Bero handiena Ebro ibarrean egingo du, eta termometroak 35 ºC-en bueltan ibiliko dira.