Tenperatura atseginak asteburua baino lehen; larunbatetik aurrera, berriz ere 40 graduren bueltan
Kostaldean, maximoak 30 gradutik behera mantenduko dira bihar arte, baina larunbatean nabarmen igoko dira.
Termometroak 30 gradutik behera mantenduko dira kostaldean gaur eta bihar, asteburuaren atarian. Barnealdean, berriz, tenperaturek altu jarraituko dute, eta 35 gradutik gora iritsiko dira Gasteizen eta Iruñean. Asteburuan, ordea, bero sargoria berriro itzuliko da Euskal Herri osora.
Eguraldiak aste hasierako joerari eutsiko dio ostegun honetan, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Iparraldean udako giroa izango da, bero handiegirik gabe, eta tenperaturak 30 ºC-tik behera geratuko dira. Hegoaldean, aldiz, bero handia egingo du, eta toki askotan maximoak 35 ºC-tik gorakoak izango dira.
Arratsaldetik aurrera, garapen-hodeiak ugarituko dira, eta litekeena da trumoi-ekaitzak sortzea, bereziki barnealdean. Zenbait lekutan ekaitzak indartsuak izan daitezke, eta haize-bolada oso gogorrek lagunduko dituzte.
Ostirala
Ostiralean hodei gehiago agertuko dira, eta zaparrada trumoitsuak izango dira, batez ere arratsaldetik aurrera. Hodeien ondorioz, eguneko tenperaturak zertxobait jaitsiko dira, baina beroak nabarmena izaten jarraituko du hegoaldean, bereziki Ebro ibaiaren ardatzean. Arratsaldean ipar-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, Euskalmeten iragarpenaren arabera.
Larunbata
Larunbatean berriro egingo dute gora eguneko tenperaturek. Maximoak nabarmen igoko dira, eta egun oso beroa izango da, bai iparraldean, bai hegoaldean.
Eguna iparraldean behe-hodei batzuekin hasiko da; gainerako orduetan, berriz, eguzkia izango da nagusi. Ekialdeko edo hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean ipar-ekialdera aldatuko da isurialde kantauriarrean, nahiz eta beroa ez arindu.
Igandean bero sargoriak bere horretan jarraituko du, eta termometroak berriro ere 40 gradu ingurura hurbilduko dira, bai kostaldean, bai barnealdean.