Alerta laranja asteartera arte luzatu dute, 38 ºC-ko tenperaturarekin barnealdean
Muturreko tenperaturen ondorioz, lurraldearen zati handi bat abisupean jarraituko du; apur bat jaitsiko dira tenperaturak bihar, baina iparraldeko zonalde batzuetan bakarrik.
Eusko Jaurlaritzak kontrako fenomeno meteorologikoengatik ezarritako abisua eguneratu du, eta baieztatu du muturreko tenperatura altuengatik ezarritako alerta laranja asteartean ere mantenduko dela Hego Euskal Herriko hainbat zonaldetan, oraindik ere areagotzen ari den bero boladaren baitan.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren buletinaren arabera, astelehenean alerta laranjak Kantauri barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebroko ardatzean izango du eragina. Bertan, 38 gradurainoko maximoak espero dira. Kostaldean, aldiz, abisu horia ezarriko da, 33 gradu inguruko tenperaturekin.
Gaur, urtzeko moduko tenperaturak izan ditugu eta uztaileko errekorra ere gainditu da Arabako bi estaziotan. Izarran, 39 gradu neurtu dira; orain arteko errekorra 38,6 gradukoa zen. Sarrian, berriz, 38,6 gradu izan dira eta hamarren bategatik bada ere, iazko errekorra gainditu da.
Baina are tenperatura altuagoak ere egon dira, nahiz eta errekorrik ez gainditu. Nafarroan, Bardean 41,3 gradu markatu dituzte termometroek; Laudion, 41,1; Arrasaten, 40,5; Igorren, 40,4; eta Bankan, 40.
20 pertsona artatu ditu Osakidetzak
Astearteko eta asteazkeneko prebisioa
Asteartean, beroa muturrekoa izango da lurraldearen hegoaldean eta erdialdean; izan ere, alerta laranjak jarraituko du trantsizio-zonan eta Ebroren ardatzean, eta 37–38 gradu inguruan izango dira balioak berriz ere. Kantauri barnealdean abisu horia ezarriko da, 33 gradu inguruko maximoekin, eta kostaldea 26 gradu inguruan kokatuko da.
Asteazkenera begira, tenperaturak apur bat jaitsiko dira ipar partean, baina bero handiak jarraituko du hego-ekialdean, 35 ºC-tik gora egon baitaitezke.
Beroaldia iraunkorra izango dela konfirmatu dute, Hego Euskal Herriko iparraldearen eta hegoaldearen artean inpaktu ezberdina izango duen arren eta Ebroren ardatzean eta trantsizio-eremuan kontzentratutako erregistro muturrekoenekin.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.