Uda giroa nagusituko da asteburuan Euskal Herrian, eta igandean 35 gradutik gorako tenperaturak izango dira
Larunbatean udako giroa sendotuko da eta igandean tenperaturek nabarmen egingo dute gora, batez ere barnealdean.
Egun eguzkitsu baten irudia Donostian. Argazkia: EFE
Eguraldiak hobera egingo du apurka-apurka asteburuan zehar. Ostirala oraindik hodeitsua izango da, baina larunbatetik aurrera uda giroa nagusituko da. Igandean beroak gora egingo du, eta barnealdean termometroak 35 gradu ingurura iritsiko dira.
Goiza hodeitsu hasiko da ostiralean, batez ere ipar partean. Behe-hodeiak ugariak izango dira eta zaparrada edo euri txikiren bat utz dezakete han-hemenka. Arratsaldean, ordea, hodeiak gutxituz joango dira, nahiz eta Kantauri isurialdean tarte hodeitsu batzuk mantendu.
Arabako hegoaldean eta Nafarroako erdialdean zein hegoaldean giroa eguzkitsuagoa izango da. Tenperaturek ia ez dute aldaketarik izango, eta haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da goizean, arratsaldean iparraldera aldatzeko.
Larunbatean, 30 gradu inguru
Larunbatean eguraldiak hobera egingo du nabarmen. Goizaldeko lainoak eta behe-hodeiak desegin ahala, zerua ia erabat oskarbituko da, eta hori izango da egun osoan nagusituko den joera. Tenperaturek ere gora egingo dute: kostaldean 26-27 gradu inguruko maximoak espero dira, eta barnealdean 30 gradu ingurukoak. Haizea ahul ibiliko da, eta goizean ipar-ekialdetik finkatuko da.
Egonkortasunak jarraipena izango du igandean. Zerua oskarbi egongo da egun osoan, goizaldeko laino batzuekin. Haizea ahul eta aldakor hasiko da, baina goizean ipar-ekialdetik finkatuko da berriro. Tenperaturek gora egiten jarraituko dute, eta erdialdean zein hegoaldean 35 gradu inguruko maximoak izango dira; kostaldean, berriz, 30 gradu ingurura hurbilduko dira.