Beroaldiak ekaineko markak hautsi ditu: 41,5 gradu Elorrion eta 26,4ko minimoak Ordizian
Euskalmetek tenperatura maximo eta minimoen ekainerako errekorrak erregistratu ditu hainbat estaziotan, eta Osakidetzak 22 pertsona artatu zituen atzo tenperatura altuekin lotutako arazoengatik.
Euskalmeten datuen arabera, hainbat estazio meteorologikok ekaineko tenperatura maximo eta minimoen markak hautsi dituzte, kasu batzuetan serie historikoetan inoiz erregistratu gabeko balioekin.
Datu altuena Elorrion (Bizkaia) izan da; bertan, 41,5 graduko tenperaturak izan dira, eta ekaineko errekorra gainditu dute (40,8 gradukoa, 2022koa). Halaber, maximoen markak hautsi dira Ordizian (Gipuzkoa), 40,3 gradurekin; Zegaman (Gipuzkoa), 38,1 gradurekin; Berastegin (Gipuzkoa), 37,9 gradurekin, eta Sarrian (Araba), 37,6 gradurekin.
Gauak ere ez du bero-etenik eman. Ordizian 26,4 graduko tenperatura minimoa erregistratu da, ekaineko errekorra (22,5 gradukoa, 2000. urtekoa) baino altuagoa. Oizen (Bizkaia), 25,8 gradukoa; Agauntzan, Ataunen (Gipuzkoa), 25,4 gradukoa; Agurainen (Araba), 24,8 gradukoa, eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa), 22,8 gradukoa.
Alerta gorriak asteazkenera arte jarraituko du
Segurtasun Sailak alarma gorria ezarri du muturreko tenperaturengatik, eta aurreikuspenen arabera, astearte honetan 40 graduak gaindituko dira Euskal Herriko hainbat tokitan.
Gainera, zerbitzu meteorologikoek aurreikusi dutenez, asteazkena izango da egunik beroena. Ostegunetik aurrera, tenperaturak behera egingo du, eta egoera arinagoa izango da, nahiz eta balioak altuak izaten jarraituko duten.
Osakidetzak 22 pertsona artatu zituen atzo beroagatik
Tenperatura altuak eragina izaten ari dira herritarren osasunean. Osakidetzak 15 eta 88 urte bitarteko 22 pertsona artatu zituen astelehen honetan, beroarekin lotutako gorabeherengatik.
Kasu guztiak arinak izan ziren, baina zortzi pertsona osasun-zentroetara eraman behar izan zituzten anbulantzian.
Agintariek nabarmendu dutenez, beharrezkoa da maiz hidratatzea, egunaren erdiko orduetan eguzkitan egotea saihestea eta arreta bereziz zaintzea adinekoak, adingabeak eta kolektibo kalteberak.
Aldez aurreko itxiko dituzte Haurreskolak eta San Joan suak, bertan behera
Muturreko beroari aurre egiteko hartutako neurrien artean, Haur Eskolen Partzuergoak bere zentroen itxiera aurreratzea erabaki du. Astelehen honetatik aurrera, familiek 13:00ak baino lehen jaso behar dituzte haurrak, eta neurriak indarrean jarraituko du gertakari horrek jarraitzen duen bitartean.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak gomendatu du San Joan suak ez piztea lurralde osoan. Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago jarraibide orokorrik, eta udalak ari dira erabakiak hartzen.
Iruñean, Barakaldon, Berangon, Sopelan, Urretxun, Zumarragan, Gernikan eta Muxikan, esaterako, egun horietarako aurreikusita zeuden suak bertan behera uztea erabaki dute.