SAN JUAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Muturreko beroak San Juan suak kolokan jarri ditu, alerta gorria ezarrita dago eta

Momentuz ez dago Eusko Jaurlaritzaren agiri ofizial orokorrik, eta herri bakoitza bere kabuz biltzen eta neurri zehatzak hartzen ari da. Tolosan arratsaldeko zazpietan elkartuko dira suak piztu ala ez erabakitzeko, eta Donostiak baimendutako 17 puntu ofizialak mantenduko ditu.

San Juan sua Gasteizen. EITBren artxiboko irudia

Muturreko tenperaturek eta ezarritako alarma gorriak kolokan jarri dute San Juan gau magikoa Euskal Herriko txoko askotan. Sute arrisku handia dela eta, udalak eta larrialdi zerbitzuak buru-belarri ari dira lanean segurtasuna bermatzeko; ondorioz, herri askotan suak bertan behera uztea edo mugatzea aztertzen ari dira. Momentuz ez dago Eusko Jaurlaritzaren agiri ofizial orokorrik, eta herri bakoitza bere kabuz biltzen eta neurri zehatzak hartzen ari da.

Udaletan mugimendu handiko goiza izaten ari da. Donostian, Jon Insausti alkateak adierazi duenez, momentuz baimendutako gune ofizialetan egingo dira suak (aurten 17 kokaleku aurreikusi dira auzoetan), baina hortik kanpoko edozein su guztiz debekatuta dago. Insaustik zuhurtzia eskatu du eta Segurtasun eta Babes Zibilarekin bilduko dela iragarri du aparteko neurriak aztertzeko.  Tolosan, bestalde, arratsaldean dira biltzekoak Udala eta Jai Batzordea, San Juan suarekin zer egin erabakitzeko.

Andoainen ere jaiak ospatzen ari dira, baina beroak San Juan bezperako egitaraua irauli du. Tenperatura altuak tarteko, Udalak bertan behera utzi ditu arratsaldeko 20:00ak arteko aire zabaleko eta kirol arloko jai-ekitaldiak, baina gaueko hitzordu nagusiei eutsi die. Hala ere, ikusteko dago San Juan sua azkenean egingo ote den, abisu gorriak bihar ere indarrean jarraituko baitu suteen arrisku handiagatik.

Giroa erabat sutan dago Euskal Herrian. Euskalmeten estazioek jada 40 graduak erraz gainditu dituzte hainbat puntutan; Sodupe izan da gailurra 41,6 gradurekin, eta Gipuzkoan Zizurkil (41,3º), Lasarte (40,7º) eta Oiartzun (40,6º) bezalako herriek pairatu dute gogorren bero kolpea.

Gauzak horrela, Segurtasun Sailak LABIaren Larrialdi Fasea (0 Egoera) ezarri du eguerdiko 12:00etatik aurrera. Alarma gorriak arratsaldeko 20:00ak arte iraungo du. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X