BEROALDIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Muturreko beroaren ondotik, ekaitza: abisu horia ezarri dute, euriteengatik

Barnealdean giroak bero jarraituko du, eta termometroak 35ºC-tik gorakoak izan daitezke. Kostaldean, berriz, 30ºC-tik ingurukoak izango dira egunaren erdiko orduetan. Egunaren bigarren partean hodeiak ugaritu eta ezegonkortasuna areagotu egingo da, eta ekaitzak jo dezake.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Bero-bolada

Kantauri itsasoko ura 25,2 graduan dago, inoiz baino epelago
Osakidetzak 50 pertsona artatu ditu asteazken honetan, beroak jota
Sodupen eta Zizurkilen, 44 graduko maxima historikoak

Euriteak arratsaldean

Atzo muturreko beroa, eta gaur ekaitza: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du 15:00etan, eurite handiak espero baitira. Hain zuzen ere,  baliteke 15 litro pilatzea merro karratuko.

Gainera, 2-4 zentimetroko txingorrar ere eror daitezke, 60-100 km/h-ko haizeteekin.

Larrialdi fasearen amaiera

LABIk bertan behera utzi du Babes Zibileko planaren larrialdi fasea, eta alerta fasera pasatu du, plana guztiz deseaktibatzeko aurreko pausoa.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, tenperaturek modu mailakatuan egingo dute behera, eta hurrengo egunetan  aurrekoetan baino baxuagoak izango badira ere, bero 

Tenperaturak behera; 35 gradu artekoak barnealdean eta ekaitzak arratsaldean

Tenperaturak behera egiten hasi dira, baina giroa oso beroa da oraindik eremu zabaletan.

Barnealdean, termometroak 35 ºC-tik gorakoak izan daitezke, eta kostaldean, berriz, 30 ºC-tik ingurukoak egunaren erdiko orduetan.

Une horretatik aurrera, giroa nabarmen freskatuko da ipar-mendebaldeko haizearen sarreragatik. Bizkaian hasiko da aldaketa eta arratsaldean barnealdera zabalduko da.

Horrela, egunaren bigarren partean hodeiak ugaritu egingo dira eta trumoi-ekaitz handiak agertuko dira, txingorrarekin eta haize-bolada gogorrekin batera.

Euskalmeten aurreikuspena

OSTEGUNA

Beroa arintzen hasiko da, baina, hala ere, barnealdeko hainbat tokitan 35 ºC-ak gaindi daitezke, hego-ekialdeko haizearekin. Kostaldean, maximoak 30 ºC-tik gora geldituko dira, baina eguerdi inguruan ipar-mendebaldeko haizea sartuko da, Bizkaitik hasita, eta freskatu egingo du. 

Egunaren bigarren partean hodeitza ugaritu egingo da eta ekaitzak jotzeko probabilitatea handitu egingo da; zenbait lekutan zaparrada mardulak bota ditzake, txingorra eta haize-bolada gogorrekin batera. 

OSTIRALA

Giro nahiko argia izango da. Goizaldean, hodeiak ugariagoak izango dira, baina gainerako orduetan ostarteak izango dira nagusi, kostaldean tarteka behe-hodei batzuekin. Tenperatura apur bat jaits daiteke, baina, oraindik ere, beroenak 30 ºC-tik gorakoak izango dira, kostaldean izan ezik. 

Arratsaldean iparraldeko haizea barnealdera hedatuz joango da eta hegoaldeko haizea ordezkatuko du; Nafarroa hegoaldean soilik jarraituko du hego-haizeak.

 

Kantauri itsasoko ura 25,2 graduan dago, inoiz baino epelago

Iragarkia
18:00 - 20:00

50 pertsona artatu ditu Osakidetzak

50 pertsona artatu ditu Osakidetzak asteazken honetan EAEn, beroak eragindako arazoengatik. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez, 16 eta 98 urte artekoak dira artatutako herritarrak. Horietatik, 35 osasun-zentroetara eraman dituzte, jarraipena egiteko. Denak kasu arinak izan dira. 

Gainerako guztiak, tokian bertan artatu dituzte. 

Lurraldeka, Bizkaian izan dira kasu gehienak, 30; Gipuzkoan, 16; eta Araban, 4. 

 

 

Bilboko metroan, gaur ere, atzerapenak

Atzo bezala, tenperatura altuek matxura bat eragin dute Metro Bilbaon eta, ondorioz, atzerapenak ari dira izaten sare osoan. 

Bolueta-Etxebarri eta Plentzia-Urduliz zatian izan da arazoa. 

 

 

Eguneko maximoak Nafarroan

AEMET agentziak 18:00etan bildutako datuen arabera, gaur ere, Foru Erkidegoko tenperatura altuena Kasedan jaso dute: 

  • Kaseda 42,6 ºC
  • Baztan 41,8 ºC
  • Larraga 41,4 ºC
  • Bardeak 41,3 ºC
  • Iruña 41,2 ºC
  • Bera  41 ºC
  • Los Arcos 40,4 ºC

Eguneko maximoak EAEn

40 gradutik gorako tenperaturak erregistratu dira gaur EAEko toki askotan. Euskalmet agentziaren estazioetan 16:00etan bildutako datuen arabera, Sodupen eta Zizurkilen jo dute goia termometroek, 44 graduko tenperaturekin. 

Erregistroak daudenetik, ekainean inoiz izan diren tenperatura altuenak dira hauek:

  • Sodupe  44 ºC
  • Zizurkil 44 ºC
  • Muxika 43,3 ºC 
  • Laudio 43,2 ºC 
  • Lasarte 41,9 ºC
  • Miramon 41,1 ºC
  • Punta Galea 40,8 ºC

Europa ere, bero

Euskal Herriaren zati bat alarma gorriaren eraginean jarri duen beroaldia Europa ere estutzen ari da.

TENPERATURAK

Europa itolarrian, beroaren ondorioz

EITB

Kontinenteak egunak daramatza ezohiko tenperatura altuak jasaten. Beroari aurre egiteko egokituta ez dauden herrialdeak dira gehienak eta herritarrak ahal duten moduan ari dira egun hauek igarotzen. Okerrena, gainera, etortzeko dago herrialde horietan. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Baztertu dute atzoko heriotza bero-kolpe baten ondorioz gertatu izana

Bizkaiko Aldundiak baztertu egin du atzo zaharren egoitza batean hildako 90 urteko gizonezkoaren heriotza bero-kolpe baten ondorioz gertatu izana, hasierako hipotesia hori izan bazen ere.

Erakundeak azaldu zuenez, gizonak "hainbat patologia" zituen, eta goizetik ondoezik zegoen. Haren egoerak, gainera, okerrera egin zuen orduek aurrera egin ahala.

 

Alerta meteorologikoen eguneraketa

Segurtasun Sailak eguneratu egin ditu hurrengo egunetarako alerta meteorologikoak. Hori horrela, Euskadin gaur amaituko da alarma gorrian, 20:00etan hain zuzen ere, eta ondoren alerta laranjan izango da ostiralera arte. Hauxe da aurreikuspena, hain zuzen ere:

- Osteguna: alerta laranja 00:00etatik 18:00etara.

- Ostirala: alerta laranjan barnealdean 00:00etatik 24:00etara.

Ez dago suterik Oiz mendian

Ertzaintzak baztertu egin du Oiz mendian sutea piztu izana. Galdakaoko eta Durangoko hainbat auzokidek larrialdietara deitu dute, mendian ke zutabe luzeak zeudela ohartarazteko, baina helikoptero bat bertaratu da, eta ez du su arrastorik ikusi.

Bizitu da Zalduondo eta Galarreta arteko sutea

Asteartean ia mendean hartuta bazuten ere, astelehenetik Galarreta eta Zalduondo artean piztuta dagoen baso-sutea bizitu egin da atzera goizaldean, Ertzaintzak jakinarazi duenez eta itzaltze lanetarako taldea indartu egin da. 

Une honetan Aguraingo eta Iruña Okako suhiltzaile guzti-guztiak ari dira lanean, sugarrei eusteko, zabal ez daitezen. 

Gertaerarik ez da izan piztu diren San Joan su gutxietan

Iragarkia
18:00 - 20:00

Ezingo da Gaztelugatxeko San Joan baselizara joan

Gaur, San Joan egunean, debekatuta egongo da Gaztelugatxeko San Joan ermitara joatea egunaren erdiko orduetan (12:00-18:00 tartean), beroa dela eta.

Tenperaturen markak apurtzen jarraitzen dugu

Adineko pertsona bat hil da, bero kolpe batengatik

90 urteko pertsona bat hil da, bero-kolpeagatik, Bizkaiko adinekoen egoitza batean.

Osasun sailak esan duenez, 19:00ak arte, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak 44 pertsona artatu ditu beroarekin lotutako arazoengatik.

Bilboko metroan beroak eragindako arazo teknikoak, konponduta

Metro Bilbaok jakinarazi du  zerbitzua bere onera etortzen ari dela, eguerdian sortutako arazoak konpondu eta gero.

Beroak arazo teknikoak eragin ditu sisteman, eta ondorioz, atzerapenak egon dira linea guztietan hainbat orduz. 18:00k aldera lortu dute arazoa bideratzea, eta "pixkanaka" ari dira zerbitzua berrezartzen.

Ekaineko tenperatura errekor historikoak

  • Laudio 43,6 ºC
  • Baztan 42,9 ºC
  • Igorre 42,8 ºC
  • Elorrio 42,6 ºC
  • Alegia 42,3 ºC
  • Kaseda 42,3 ºC
  • Beasain 41,8 ºC
beroa calor bilbo bilbao

Noiz arte jarraituko du muturreko beroaldiak Euskal Herrian?

Sute bat piztu da, Eskoriatzan

Sute bat piztu da Eskoriatzan, autobidearen eta Fagor Ederlan enpresaren arteko mendi-kaskoan.

Ertzaintzak jakitera eman duenez, AP-1a zabalik dago —tarte batean itxita egon da bi noranzkoetan—, baina autobiderako sarrerak itxita daude Eskoriatzan. 

15:15 inguruan jaso dute abisua larrialdietarako zerbitzuan, eta suhiltzaileak itzaltze lanetan ari dira. 

Atzerapenak, Bilboko metroan

Bilboko metroaren zerbitzu guztietan atzerapenak ari dira izaten, azpiegituraren sarean beroak eragindako arazo teknikoen ondorioz. 

15:15 inguruan eman du Metro Bilbaok arazoaren berri. Esan duenez, Boluetako eta Etxebarriko zatian izan dira arazoak.

Emandako azalpenaren arabera, sisteman izandako gorabeherak direla eta, trenen joan-etorria ez da automatikoa eta metroko langileak banan-banan ari dira bagoi bakoitzaren ibilbidea kontrolatzen. 

Baso-sutea Zalduondon

Zalduondoko (Araba) Galarreta mendian, suhiltzaileak baso-sute bat itzaltzeko lanetan ari dira.

Arabako Aldundiak azaldu duenez, sua ostiralean piztu zen, tximista batek eraginda, eta larunbat goizean amatatu zuten. Gaur goizaldean, baina, berriro piztu da beroaren ondorioz.

Inguruan ez da inor bizi, eta, beraz, ez dute inor ebakuatu behar izan.

Bilbon, 5 su aurreikusita

Bilboko Udalak 8 su baimendu ditu San Joan gauerako, eta ordu honetan horitako 5 daude aurreikusita: San Inazio, Abusu, Iturrigorri-Peñascal eta Loruri.  

Edozein kasutan, antolatzaileek dute azken hitza. Beraz, gerta liteke orduek aurrera egin ahala horietako batzuk (edo denak) bertan behera geratzea.

Alde Zaharrean, eutsi egin diote festari, baina surik gabe.

Eta Bizkaian?

Bere aldetik,  Bizkaiko Aldundiak "zuhurtzia zorrozteko" deia egin du, eta surik ez piztea gomendatu du. Dena dela, ez du debekurik ezarri.

Suak, debekatuta Araban

Arabako Aldundiak debekatu egin ditu San Joan gaueko suak,  baso sute arriskua oso handia delako. Barbakoak egitea eta kanpoaldean edozertarako suak piztea ere debekatu du.

Noiz arte jarraituko du muturreko beroaldiak Euskal Herrian?

Goizeko tenperaturak

Ekaineko errekorrak

22 pertsona artatu dituzte EAEko osasun-zentroetan

22 pertsona artatu ditu gaur Osakidetzak, bero-kolpeengatik. Gipuzkoan, 9; Araban, 8; eta Bizkaian, 5.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, 15 eta 88 urte artekoak dira artatu dituzten herritarrak, eta kasu ia guztiak arinak izan dira; 8 portsona eraman dituzte osasun-zentroetara, eta gainerako guztiak ondoeza izandako lekuan bertan artatu dituzte. 

 

Eguneko tenperatura beroenak, 17:00etan

Euskal herriko ia herri guztietan 35 gradutik gorako tenperaturak erregistratu dira. Zizurkil eta Alegia izan dira maxima altuenak izan dituztenak: 41,9 graduraino iritsi dira bi herri horietan termometroak, Euskalmeten estazioetan 17:00etan bildutako datuen arabera. 

Gipuzkoan egin du beroen. Zizurkilen eta Alegian bakarrik ez, Lizartzan, Arrasaten, Beasainen, Azpeitian, Ordizian eta Bergaran.

Bizkaian ere, 40 graduak gainditu dituzte Balmasedan, Elorrion, Igorren, Iurretan eta Orozkon. Araban, berriz, Laudion eta Saratxon. 

Halaber, Nafarroa osoan ere beroa da protagonista. AEMETen datuen arabera, Kasedan jo du goia tenperaturak, 42,3 gradu harrapatuta. Iruritan, berriz, 42,1 gradu erregistratu dira. 

San Joan suak, hiriburuetan: 

  • Gasteizko Udalak ez ditu bertan behera utziko Judimendin eta Arriagan egingo diren suak, baina segurtasun-gomendio zorrotzak betetzeko eskatuko diete erakunde antolatzaileei. Gasteizko landa-eremuko hainbat administrazio-batzarretan aurreikusitako suen kasuan, baso-araudiak arautzen ditu, eta, beraz, administrazio-batzarrek erabakiko dute egingo diren ala ez.
  • Bilbon, Juan Mari Aburto alkateak adierazi du hiriaren egoera landa eremuekin alderatuta bestelakoa dela; izan ere, su gehienak hiri-eremuetan egiten dira, zoladuraren edo zementuzko plaken gainean, eta horrek arriskua gutxitzen du. Hala eta guztiz ere, Aburtok zuhurtzia eskatu du eta ziurtatu du Udala adi egongo dela Jaurlaritzak hartzen dituen ebazpenei.
  • Donostian, Jon Insausti alkateak adierazi duenez, momentuz, baimendutako gune ofizialetan egingo dira suak (aurten 17 kokaleku aurreikusi dira auzoetan), baina hortik kanpoko edozein su guztiz debekatuta dago. Insaustik zuhurtzia eskatu du eta Segurtasun eta Babes Zibilarekin bilduko dela iragarri du aparteko neurriak aztertzeko.
  • Iruñearen kasuan, su guztiak debekatzea erabaki du Udalak, baita su artifizialak eta zezensuzkoa ere. Barbakoak piztea ere galarazita egongo da.

Hainbat osasun-zentroetan muturreko beroa dutela salatu du Satse sindikatuak

SATSE erizaintza sindikatuak salaketa jarri du Estatuko Lan Ikuskaritzaren aurrean, EAEko eta Nafarroako hainbat osasun-zentrotan legeak baimendutakoa baino tenperatura altuagoak dituztela salatzeko. 

Ohar batean, SATSEk gogoratu du uda hau ohikoa baino beroagoa izateko arriskua % 70etik gorakoa dela, Aemet Meteorologia Agentziak emandako datuen arabera.  "Halere, hainbat administrazioek ez dituzte aholkuak eta irizpideak betetzen", salatu du sindikatuak. 

Lantokietan tenperatura egokia bermatzeko Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak ezarritako irizpideak betetzea eta osasun-zentroetako langileen baldintzak zaintzea eskatu dute. 

Bi ume hil dira Frantzia hegoaldean auto baten barruan, itxuraz, beroagatik  

Auto baten barruan zeuden 2 eta 4 urteko bi mutil hil dira gaur Frantzia hegoaldeko Carpentras hirian. Aparkaleku batean zegoen ibilgailua, eta, itxura guztien arabera, beroak jota hil dira umeak. 

La Provence egunkariak jakitera eman duenez, 13:00k inguruan jaso dute abisua larrialdietarako zerbitzuek, eta suhiltzaileak eta osasun langileak haurrak suspertzen saiatu badira ere, tokian bertan zendu dira. 

Capentraseko fiskalaren hitzetan, oraindik heriotzen arrazoiak argitzeke dauden arren, lehen ikerketen arabera, beroak jota hil dira.

Antza, autoaren barruan harrapatuta geratu dira. Noiztik zeuden han eta nola sartu diren ikertzen ari dira, baina ez da baztertzen eurak bakarrik sartu izana amaren autoaren barrura. 

Azken egunotako beroaldia gogor ari da astintzen Frantzia ia osoa. Adituen arabera, 2003ko bero bolada historikoan  baino tenperatura handiagoak ari dira erregistratzen; orduko hartan, 15.000 pertsona baino gehiago hil ziren.

 

 

Zer gertatuko da San Joan suekin?

Krisi kabinetea eta alerta gorria ostegunera arte, Nafarroan  

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutoak krisi kabinetea deitu du gaur goizerako, beroaldiaren aurrean zein neurri hartu erabakitzeko. Foru Erkidegoan osasun alerta gorria egongo da ezarrita, gutxienez, ostegunera arte.

Kabinetearen bileran, besteak beste, datozen orduotarako deituta dauden kirol ekitaldi eta kanpamentuak bertan behera uzteko aukera proposatu da, "beharrezkoa" dela irizten den kasuetan. 



Euskalmeten iragarpena, datozen egunotarako

Asteartea

Bihar beroa itogarria izango da, berriro. Maximoak, berriz ere, 35-40 ºC artekoak izango dira; minimoak nekez jaitsiko dira 20 ºC-tik leku askotan. Zerua hodei gutxirekin egongo da, bero-hodei batzuekin, bereziki Pirinioetan. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da.

Asteazkena

Aldaketarik gabe jarraituko dugu, beraz, bero handia egingo du berriro egunez zein gauez. Maximoak 40 ºC ingurukoak izango dira leku askotan, eta minimoak 20 ºC-tik gorakoak izango dira ipar isurialdearen zati handi batean. Zerua hodei gutxirekin egongo da eta barnealdean bero-hodeiak garatuko dira. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean ipar-ekialdekoa nagusituko da kostaldean.

Haurreskolen abisua

Haurreskola publikoek erabaki dute itxiera 13:00etara aurreratzea, beroagatik. Horregatik, gurasoek ordu hori baino lehenago jaso beharko dituzte seme-alabak. Gutxienez ostegunera arte izango da indarrean erabakia, familia kaltedunek azaldu dutenez.

Alarma gorria luzatu egin dute

Eusko Jaurlaritzak alarma gorria mantendu du asteazkenera arte Kantauri barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebroko ardatzean. Gainera, baso-suteen arrisku handiak bere horretan dirau. Iragarpenen arabera, asteartean termometroak 40 ºC-ren bueltan ibiliko dira Hego Euskal Herriko barnealdean, eta kostaldean alerta laranja ezarriko dute 12:00etatik 18:00etara muturreko tenperaturengatik.

Beroarekin batera, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du eguneko 24 orduetan baso-suteak izateko arriskuagatik, bai astelehenean, bai asteartean. Agintariek ohartarazi dute arriskua handia dela tenperatura altuengatik eta hegoaldeko haizea dagoelako.

Europa osoan pairatzen ari da beroaldia

Iragarkia
18:00 - 20:00

Euskadiko Lan Ikuskaritzak 3.000 enpresa baino gehiagori ohartarazi die bero-boladek eragindako lan-arriskuez

Euskadiko Lan Ikuskaritzak jakinarazpenak bidali dizkie 3.063 euskal enpresari, azken egunotan Euskadin izan diren bero-boladek eta tenperatura altuek langileen segurtasunean eta osasunean eragin ditzaketen arriskuez ohartarazteko.

Euskadik LABIren 0. egoera ezarri du beroagatik ezarritako alerta gorriaren aurrean

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astelehen honetan, 12:00etatik aurrera, LABIren Larrialdi Faseko 0. Egoera (Babes Zibileko Plana) ezarriko du Euskadin, egun horretarako ezarritako beroaren alerta gorriaren ondorioz.

Astelehen honetan tenperatura oso altu eta muturrekoengatik alerta gorria aktibatuko da Euskadi osoan, lurralde osoari eragingo dion beroaldi oso gogorra aurreikusten baita.

Alerta gorria 12:00etatik 20:00etara egongo da indarrean. Denbora tarte horretan, gehieneko tenperaturak 37 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 40 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 40 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.

Egoera horren aurrean, Segurtasun Sailak astelehen honetan 12:00etatik aurrera LABIren Larrialdi Faseko 0. Egoera ezarriko du. Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren bidez, egoeraren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspenak egingo dira SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan kokatutako Mahai Tekniko baten bitartez.

Alerta gorriaren eremua zabaldu dute Frantzian

Beroaldiak Penintsulako iparralde osoan eragingo du

Beroaldiak gaur, astelehena, Penintsula astintzen jarraituko du, eta tenperaturek 40-42 graduak gaindituko dituzte Euskal Herrian, Kantabrian eta Ebro, Tajo, Guadiana eta Guadalquivir ibaien haranetan. Horrez gain, ekaitz eta zaparrada bortitzak ere izango dira Penintsulako erdialdean eta iparraldean, Espainiako Meteorologia Agentziaren (Aemet) iragarpenaren arabera. Egoera asteazkenera arte luzatuko da, eta egun hori ere oso beroa izango da.

Aemetek eguraldi egonkorra eta hegoaldetik aire beroaren sarrera aurreikusten ditu; zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da, nahiz eta goizean behe-hodeiak ager daitezkeen Kantauri itsasertzeko mendebaldean eta Galizian. Azken horretan, zaparradak eta ekaitzak izan litezke Atlantikoko kostaldeetan.

Penintsulako erdialdeko zenbait gunetan ekaitz isolatuak gerta daitezke, haize-bolada oso gogorrekin batera; iparraldean, berriz, ekaitzak eta zaparrada handiak espero dira, txingorrarekin lagunduta, Kantauri itsasoko mendebaldean eta Pirinioetan.

Tenperatura maximoek gora egingo dute ipar-ekialdeko laurdenean eta Kantauri aldean, eta minimoek ere igoera arina izango dute. Penintsulako iparraldean, Balearretan eta Ebro, Tajo, Guadiana eta Guadalquivir ibaien haranetan 40 gradu inguruko edo hortik gorako tenperaturak espero dira.

Gainera, gau tropikalak (20 gradutik gorako tenperatura minimoekin) edo baita gau sargoriak ere (25 gradutik gorako minimoekin) izango dira erdialde-hegoaldeko zenbait tokitan, hego-mendebaldean, Ebro haranean, Balearretan eta Mediterraneoko kostaldeetan.

Piztuko ote dira San Juan suak?

Bero boladarekin batera, abisu horia ere aktibatu da baso-suteen arriskuagatik. Aurreikuspen horien aurrean, gaur udalek aztertuko dute biharko aurreikusitako San Joan suak mantendu daitezkeen edo mugatuko diren.

Gaueko tenperaturak

Alarma gorria EAEn

Egoerak okerrera egingo du astelehenean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alarma gorria ezarriko du astelehenean EAE osoan muturreko beroagatik, termometroak 40 graduraino iritsiko baitira.

Alarma gorria (alerta maila gorena) eguerditik 20:00etara egongo da indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Maximoak 37 gradu ingurukoak izan daitezke kostaldean; 40 gradukoak, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta Arabako hegoaldean, eta 39koak, Arabako barnealdean. 

Tenperatura minimoak ez dira 21 gradutik gorakoak izango kostaldean, ezta 20tik gorakoak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, 19tik gorakoak Arabako barnealdean eta 22tik gorakoak Arabako hegoaldean ere.

Gainera, abisu horia izango da indarrean, baso suteak izateko arriskuagatik, tenperatura altuak eta hegoaldeko haizea batuko baitira.

Alertaren aurrean, Segurtasun Sailak LABIren Larrialdi Fasea (0 egoera) aktibatuko du astelehenean, 12:00etatik aurrera. Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planak egoeraren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egingo ditu SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egongo den mahai tekniko baten bidez.

EAEn 2023ko abuztuaren 23an ezarri zuten azkenekoz alarma gorria. 45,6 ºC neurtu zituzten egun hartan Sodupen, EAEn inoiz izan den erregistrorik altuena. 

Asteartean, 12:00etatik gauerdira alerta laranja izango da indarrean, bero handia dela-eta, 35 eta 39 gradu arteko maximoak espero baitira, eremuaren arabera, eta 19 eta 22 gradu arteko minimoak.

Astelehenean bezala, abisu horia izango da basoan suteak izateko arriskuagatik.

Nafarroan, muturreko sute arriskua

Nafarroan ere egingo du bero handia, eta, hori dela eta, abisu laranja egongo da indarrean lurralde osoan, astearte iluntzera arte gutxienez. Erdialdean eta Erribera aldean, termometroak 40 graduren bueltan ibiliko dira, eta hortik gora ere helduko dira leku batzuetan.

Halaber, AEMET Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziak muturreko sute arriskua iragarri du, eta, badaezpada, nekazaritza-ustiategietan makineria ez erabiltzeko aholkatu du.

Aurreikuspenen arabera, asteazken goizaldetik aurrera hasiko dira tenperaturak jaisten, ez askorik hala ere. 

Alerta gorria Iparraldean

Ipar Euskal Herrian ere beroa izan da protagonista igandean: Nabarrengosen (Biarno) 39,3 ºC harrapatu dituzte termometroek, eta 36,6 ºC Biarritzen. Ez du alferrik ezarri alerta gorria (abisu metereologikoen sisteman maila gorena) Meteo-Francek 16:00etatik gauerdira, eta astelehenean ere egun osoan egongo da indarrean. 

Neurri zorrotzak ari dira hartzen Iparraldean bero bolada honen aurrean arriskuak saihesteko, eta Baionan, esaterako, 22 eskoletatik 11 (zaurgarrien izan daitezkeenak) itxi egingo dituzte astelehenean eta asteartean. Eskola orduetan, Jean-Dauger estadioan bilduko dituzte haurrak, berotik babesteko. 

Hainbat igerilekutan, bestalde, sarrera doan izango da egunotan, beroari aurre egiteko behin-behineko neurri gisa.