Elkarrizketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eñaut Elorrieta: “Disko honetan, nire orain arteko bide guztiak biltzen dira”

Musikaria bueltan da “Festina lente” bakarkako bere laugarren diskoarekin. Berarekin luze eta zabal hitz egin dugu, Bryce Dessner The Nationaleko kideak eta David Chalminek ekoitzi duten disko distiratsu eta sakonaz.
Iragarkia
18:00 - 20:00

Azaroaren 6an, ostiralarekin, kalean izango da Festina lente Eñaut Elorrieta musikariaren bakarkako laugarren disko luzea. Hamar kantuko bildumarekin oso pozik da Elorrieta, Bryce Dessner (The National, Bon Iver, Nick Cave, Bruce Springsteen, Taylor Swift) eta David Chalmin (Triple Sun, Labeque Ahizpak, Madonna) ekoizleen eskutik inoizko sormen prozesu atseginena burututa.

Abenduaren 28an Iruñean abiatuko duen aurkezpen bira prestatzeko lanetan murgilduta hartu gaitu Elorrietak, abegi ederrez, bere lokalean, eta solasari ekin diogu.

"Festina lente", mantso bizkortu

Kalean da Festina lente. Zer gorputzaldirekin egiten diozu aurre zeurea bakarrik izan den zerbait publikoari zabaltzeko uneari?

Gogo handia neukan, hilabete batzuk pasatu baitira diskoa grabatu genuenetik. Askatzeko beharra neukan, askatu dut eta egia da: jada ez da nirea, zuena da.

Nolako harremana duzu zure musika editatuarekin eta publikoaren iritziarekin?

Orain kuriositate, arreta eta interesa dauzkat, nola jaso duzuen ikusteko. Niri gertatzen zait diskoa hainbeste entzun dudala, lanerako, eta hainbeste buelta eman dizkiogula, ez dudala gehiago entzuten. Aurreko diskoekin ere gauza bera gertatu zait.

Zuzenekoak prestatzeko ere ez?

Ez, entseguetarako lokalean grabatzen ditugu gauzak, eta horren gainean egiten dugu lan. Grabazio originaletara ez naiz bueltatzen. Uste dut nazka-nazka eginda bukatzen dudala.

Festina lente da diskoaren izenburua, “mantso bizkortu” edo “soseguz aurrera” ordainekin itzul dezakeguna. Ez dakit zure asmoen aldarrikapena den edo musikarekin ote dagoen zuzenean lotuta…

Biak, esango nuke. Gehien interesatzen zitzaidana da aurkako bi indar ikustea ez aurkari bezala, baizik eta elkarrekin oreka baten bila bezala, oreka bila ari diren bi polo bezala.

Iruditzen zait hor sortzen den tentsioa kantu askotan dela agerikoa, oso nabarmena da The Nationalen lanetan eta “Aira nazazu” nire diskokoan adibidez. Zerbait gertatzear den momentua azpimarratzen da, olatua apurtzear dagoen une hori. Kantua gorantza doa, ez da lehertzen, baina tentsio bat mantentzen da.

Tentsio horretan, nire musikarako oso gako interesgarria dago, nire ustez.

Eñaut Elorrieta "Festina lente"
Eñaut Elorrieta. Argazkia: Lander Garro.


Eta bizitzara ere lerratzen da metafora hori…

Bai, iruditzen zait bizitzan ere tira egiten digutela kontrako indar horiek. Bizitza oreka baten bila joatea da: yina eta yanga, espirituala dena eta lurtarra dena… Uste dut oso kontzeptu sakona dela, eta niri, behintzat, oso inspiratzailea suertatzen zait.

Eta gero, egia da: gaur egun dena doa gero eta azkarrago. Nire sentsazioa da gero eta abiadura handiagoan goazela; kantuak segundo batzuetan entzuten dira, ikus-entzunezko guztiak denak dira laburragoak eta dena jokatzen da lehenengo hamabost segundoetan, lehenengo minutuan…

Uste dut ez dugula denbora hartzen gauzei begiratzeko. Hori da nire kezka. Eta hor galtzen ez ote ditugun gauza batzuk, zertzelada batzuk. Gauzei denbora eskaintzen diezunean, bat-batean beste gauza batzuk ematen hasten dira. Eta Festina lente gelditzeko gonbidapen bat da, horren ildotik.

Bitasun hori eraiki duzuen unibertso musikalean ere ageri da, nire ustez. Pop kantuen lelo gozagarriak daude, berehalako gozamenerako ateak, baina entzunaldi patxadatsuak saritzen dituen altxor musikal franko ere bai. Nola zaintzen da oreka hori?

Ez dakit. Gustatzen zait hori antzeman baduzu.

Nik uste dut kantuak, melodiak, harmoniak eta hitzak oso landuak direla disko honetan, baina grabazio prozesua oso berezia izan da, oinarri guztiak bost egunetan grabatu ditugulako; beraz, badago lanketa oso sakon bat. Beharbada gauzak inoiz baino landuago eraman ditut estudiora, baina, aldi berean, estudioan gertatu dena bost egunetan gertatu da, eta kantuek freskotasun hori daukate.

Nik uste dut horrek eragina duela, eta ematen duela aipatzen zenuen sentsazio hori.

Luxuzko ekoizpena

Hamar kantu sartu dira azkenean, diskoan

Hamar sartu dira, bai. Kantu bat grabatuta gelditu da hor, eta aurrerago argitaratuko dugu, beharbada.

Eta behin estudioan sartuta, nola moldatu zineten?

Brycek bere konfiantzazko musikariekin grabatu nahi zuela esan zidan, eta The Nationaleko kide batzuk eta musikari lagun bat gonbidatu zituen, Ben Lanz eta Raph Séguinier.

Kantu bat aukeratzen genuen, nik gitarraz eta abeste egiten nien, eta melodia eta harmonia partitura batzuetan transkribatzen genituen, baita kantuaren gutxieneko egitura bat ere. Eta horren gainean hasten ginen jotzen.

Eta nola komunikatzen zineten elkarrekin?

Bada, oso kuriosoa da. Gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten genuen, baina, batez ere, irudien bidez komunikatzen ginen. Beraiek etengabe galdetzen zidaten “zertaz hitz egiten du kantuak zati honetan?”, eta hori zen sorkuntza guztiaren oinarria. Zatika, esaldika, egiten genuen aurrera ia.

Nik eszena bat, emozio bat, deskribatzen nien orduan, eta horren gainean beraiek musika tresna aukeratzen zuten eta moldaketa proposatzen zuten. Gero, hori josi egiten genuen, eta, azkenean, ikuspegi orokorrago batez begiratzen genion guztiari, kantuari lotura emateko.

Baina atalez atal joan gara, artisauak bezala. Zoragarria izan da.

Zergatik aukeratu zenituen Dessner eta Chalmin? Zer soinuren bila zindoazen?

Nik aspalditik ezagutzen dut The National, eta asko gustatzen zait, Ken Zazpiren garaitik jarraitzen nituen. Garai batean, zenbait kontzertu eskaini nituen Labeque Ahizpekin, Katia eta Marielle Labequerekin, eta beraien etxean ezagutu nuen Bryce, afari batean.

Kezka batzuk zituen Espainiako Gerra Zibilaz, euskarari buruz eta Euskal Herriari buruz, garaiak pasatzen baitzituen tarteka berton, semeak euskara ikastea nahi zuen… Eta hor hasi zen harremana.

Oso pertsona jatorra iruditu zitzaidan, eta bat egiten genuen maila artistiko eta musikalean. Pentsatu nuen asko erakutsi ziezadakeela eta berarengandik asko ikas nezakeela.

Azkenean, asko kostatu da, egutegi ezinezkoak dituelako jende honek, baina oraintxe izan da posible, orain lerrokatu dira izarrak.

Nik beste plan batzuk nituen disko honetarako, hiruzpalau ideia nituen, beste jende batekin grabatu behar nuen eta estudioak begiratzen hasita nengoen. Baina, Brycek idatzi zidanean momentua “orain” izan zitekeela esateko, plan guztiak aldatu nituen eta beraiekin lan egitea lehenetsi nuen.. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Eta denak beste martxa bat hartu zuen

Bai. Hemen lokalean gauza batzuk grabatu nituen, baina estudioaren zati bat etxera eraman nuen, konposatzen hasteko, eta hilabete oso intentsua izan zen.

Egia baten bila

Aldatzen da konposizio moldea, kantugaiak nork ekoitziko dituen jakindakoan?

Ez, nire kasuan ez. Motibazioa aldatzen da, beraiekin lan egiteko nahi horrek barrutik pizten zaitu bat-batean, eta beste ezer ez duzu izaten buruan.

Inpultsua eman zidan, nahi baduzu, energia dosi estra bat. Barruan nuen guztia ematen hasi nintzaion lanari, baina berdin konposatu ohi dut disko guztietarako. Gitarra hartzen dut, eta ateratzen zaidan horri erreparatzen diot. Ez noa zerbaiten bila lan egingo dudan pertsonaren arabera.

Eta zer izan behar du ideia batek, melodia batek, arpegio edo akorde segida batek, landu egin behar duzula sinesteko?

Barrua ukitu behar dit. “Honek badauka zer edo zer” esan behar dit. Kantu baten zatitxo bat izan daiteke, eta askotan zati horri tiraka ere ez duzu asmatzen eta etsi egiten duzu.

Baina, batzuetan, “hemen egia bat dago” esaten duzu. Hitzez ez du izaten akaso esanahi konkretu bat, baina nonbaitetik badabil mugiarazten zaituzten gauzak esaten. Hori da niretzat gakoa. Ezin da hitzez esplikatu, baina gorputzak adierazten dizu. “Hemen dago, hau da”, esaten dizu.

Egun horretan ezin duzu beste ezertan pentsatu, eraman egiten zaitu berarekin.

Nola bizi izaten da, orduan, hain barrukoa duzun hastapenetako ideia horren eta ekoizlearen eskuetan berorretatik aldentzen ari den kantuaren arteko tentsioa?

Alde horretatik, beraiekin izan dudan hau sekula bizi izan dudan sorkuntza prozesu biziena izan da, baina baita atseginena ere, nahi baduzu.

Ni estudiotik beti itzuli izan naiz falta izan zaidanari begira, zuk diozun bezala, buruan neukana lortzen ari ez nintzen sentsazioarekin. Nahiko dramatikoa naiz horretan, esango nuke.

Baina oraingoan erabat harrituta zeuden etxean nirekin. Estudiotik pozik, gauzak kontatzen, itzultzen nintzen. Esango nuke nolabaiteko magia bat sortu dela bertan.

Oso konprometituta ikusi ditut lanean. Ni erdigunean jarri naute etengabe, dena galdetzen zidaten. Ni musikari batekin lanean ari nintzen bitartean, beste hirurak bere aldetik ari ziren, gero gauzak proposatzeko beharrean…

Oso atsegina izan da, zirraragarria.

Eñaut Elorrieta "Festina lente"
Eñaut Elorrieta. Argazkia: Lander Garro.

Ahotsak zuk zeuk grabatu dituzu, zure lokalean

Davidek proposatu zidan. Hitz guztiak bukatu gabe nituen, eta denboratxo bat eskatu nien dena hemen, lokalean muntatu, eta neuk grabatzeko.

Egia esan, inoiz baino proba gehiago egin ditut horri esker. Koroetan ere asko igarri dut. “Gora begira” abestian, esaterako, bost edo sei ahots kapa grabatu ditut, denak falsetean.

Beharbada, estudio bateko grabazio erritmoan, horiek ez nituen egingo. Horiek gertatu dira hemen grabatzeko aukera izan dudalako.

Halere, faltan bota dut norbaitek halako batean esatea “Eñaut, segi etxera. Nahikoa da, ondo dago”. Momentuan, hobetu eta hobetu nahi duzu, aldatu, eta kontrakora ere irits zaitezke une kritiko batean, okertzera. Bakarrik lan egiteak arrisku hori dauka, eta olatu hori ere surfeatu behar izan dut.

Noiz erabakitzen duzu kantu baten hitzak zeuk idatziko dituzula edo beste inori eskatuko dizkiozula? Kasu honetan, Iñigo Astiz, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Jose Luis Otamendi eta Amets Arzallusekin lan egin duzu. Zergatik?

Lehen esan dizudanaren bidetik, sentitu egiten dudan zerbait da. Melodia entzun, eta esan nahi dudan hau “honek aberastuko luke” pentsatzen dut.

Idazlearekin konfiantza bat behar duzu, berak proposatutakoa probatu, moldatu, aldaketak proposatzeko…

Nola lan egiten duzu beraiekin?

Melodia bat bidaltzen diet, baita sentsazio batzuk ere, grabazioan aipatu genituen irudiak, eszena eta emozioak… Eta beraiek interpretatu egiten dituzte.

Baina horregatik lan egiten dut beraiekin, nire unibertso poetikoa aberastu egiten dutelako. Kasu honetan, bete-betean asmatu dudalakoan nago. Guztiek ere gehitu diote beste dimentsio bat kantuari.

"Festina lente" eta 30 urteko ibilbidea, zuzenean

Orain zuzenekoak datoz. Nola taularatuko dituzu beste musikari batzuek grabatu dituzten kantuok?

Hilabeteak daramatzagu horretan lanean. Grabazioaren pista guztiak banatuta eskatu nizkion Davidi, musikariei pasatzeko. Baina gauza bat argi neukan: musikariek horiek interpretatzea nahi nuen, bakoitzak bere estiloa ematea, hor baitago aberastasuna.

Disko hau grabatu duten musikariekin joko banu, beste gauza bat izango zen. Baina beste musikari batzuekin egin behar dut, eta grabatuta dagoena bere egin behar dute. Orduan, gakoa oreka horretan dagoela uste dut.

Gainera, aurten nire ibilbidearen 30. urteurrena ospatuko dugu zuzenean, eta nahiko nuke disko honek kantu zaharragoen soinua ere kutsatzea.

Nortzuk izango dituzu alboan?

Buffalo taldekoak, Ander (gitarra) eta Joanes (baxua) Ederra eta David Gorospe (bateria); Txus Aranburu teklatuetan; Imanol Iribarren tronboian eta teklatuetan; eta Nerea Quincoces perkusio-jotzailea.

Atzera begira jarri zara, beraz, errepertorioa osatzeko eta kantuak berreskuratzeko. Zer pentsatuko luke “Ezer ez da betiko” Lugarriren kantua konposatu zuen Eñautek, Festina lente entzungo balu?

Ez dakit zer pentsatuko lukeen. Suposatzen dut pozik egongo litzatekeela. Musikan bide bat egitea amesten zuen, kantuak egiten jarraitzea… Eta ikusita hamarkada batzuk geroago hor jarraitzen dudala, pozik egongo zelakoan nago.

Eta zer pentsatu du egungo Eñautek behinolako kantu zahar horiek entzun dituenean?

Kantu horiek beste gorputz batetik, beste esperientzia batetik, kantatzen ari naiz. Egia da kantu batzuk hobeto zahartzen direla, eta oraindik ere ukitzen zaituztela nonbait, beharbada, gainera, sortu zenituenean ukitzen ez zintuzten tokietan.

Adinarekin, begirada konplexuagoa lortzen duzu, eta arreta beste gauza batzuek ematen dizute. Zure kantu zahar bat hortik interpretatzen duzunean, sorpresak deskubritzen dituzu, eta hori oso atsegina da.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zuzeneko musikaren panorama goitik behera aldatu da euskal eszenan: makrokontzertuak, publiko oso gutxiko kontzertuak, aretoak saturatuta… Zein joko zelaitara irtengo zara kantu sorta berri honekin?

Sentitzen dut disko honetan nire orain arteko bide guztiak biltzen direla: Ken Zazpiren giro gitarrazaleagoa eta bakarkako ibilbidean landu ditudan giro intimoagoak. Disko hau katebegi antzeko bat da, horiek biltzen dituena.

Eta zuzenekoetara begira jarri ginenean, sentitu nuen horretan ere pauso bat emateko garaia zela. Hamarkadak daramatzat jendea eserita dagoen aretoetan bidea egiten: Victoria Eugenia, Principal, Arriaga, Gayarre… Eta gogoa nuen, aspalditik, beste areto batzuetara itzultzeko. Disko honekin garbi ikusi dut.

Ez da kasualitatea bira abiatzeko toki horiek aukeratu izana: Kafe Antzokia, Zentral, Jimmy Jazz, San Agustin, Atabal… Hautaketa artistiko bat da, nahi baduzu, iruditzen zaidalako toki horiek egokienak direla aurkezpen horiek egiteko.

Baina bestelako hautaketa bat ere bada, ezta? Gaur egungo panoramari begiratuta, horra joan nahi izan dugu disko honen lehen kontzertuak egitera.

"Obra oso bat"

Libre den honetan, Festina lente nora airatzea nahi duzu, zer opa diozu?

Desiratuko nioke jendeak osorik entzutea eta, ahalko balitz, behin baino gehiagotan entzutea. Diskoak lantzen ditugunean, detaile guztiak lantzea gustatzen zait: kantuen ordena, kanturik kanturako tartea, dena-dena neurtzea. Obra oso bat bezala hartzen ditut besteen lanak, eta nireak ere horrela lantzen eta prestatzen saiatzen naiz.

Gaur egun, ez diogu eskaintzen denborarik gauza entzuteari. Gainera, arreta oso zatikatua daukagu, eta aldi berean bi edo hiru gauzatan ari garela entzuten dugu musika. Uste dut hor gauzak galtzen ditugula.

Gertatuko zitzaizun zuri ere, disko bat entzun eta arreta ematen ez zizuten kantu batzuk bat-batean hastea indarra hartzen eta hasieran oso erraz sartzen zitzaizkizunak hastea jaisten… Horrek beste pausa bat eskatzen dizu, arreta bat, eta deskubritzen joatea.

Nik disko honi opa diot egotea batzuk behintzat zirrikitu horiek jasoko dituztenak eta disfrutatuko dituztenak. 

Eñaut Elorrieta bira
Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X