Eñaut Elorrietaren “Festina lente”, disko eraginkor bezain agorrezina
Berritasunaren aurreko lilurak itsutu egiten gaitu, zenbaitetan; bide berrietan aurrera eta aurrera, gehiegi urruntzen gara etxetik, noiz edo noiz, konturatzen garenerako. Musikaz ari garela, arrisku hori egoten da, gure kantuak noranahi eramateko gaitasuna duen norbaiten esku jartzeko aukera gauzatzen denean.
Eñaut Elorrieta musikariak (Gernika-Lumo, 1975) eta Bryce Dessner (The National, Bon Iver, Nick Cave, Labèque Ahizpak, Taylor Swift) eta David Chalmin (Triple Sun, Thom Yorke, Madonna) ekoizleek, baina, saihestu dituzte tentaldiaren bagak, eta kantuen alde jarri dute bere jakintza oparoa Festina lente diskoan (Elkar, 2026), Elorrietak sortutako doinuak noiz anparatzeko noiz bultzatzeko baina inoiz ez zamatzeko edo estaltzeko.
Dessnerrek, Chalminek, Ben Lanzek eta Raphael Seguinierrek teklatuz, gitarra harmonia hipnotikoz, pianoz, elektronika sotilez, baxuz, bateriaz eta, epikarako gidari gisara, haizez (“Otsaila” kantuaren bigarren erdiko metal horiek!) jantzi dituzte, La Fabrique des Ondes Senpereko estudioan, Eñauten gitarra akustikoak eta ahots melodia argitsuak.
Zure tokia uzten dizun eta, beti alboan egonagatik, inoiz zure gainetik jartzen ez den adiskide maitea bezala, konponketa zoragarriok lagun nekaezin eta eskuzabal dituzte diskoko hamar kantuek, “Ahal” lehen kantuko sarrera jazzkara iradokitzailetik hasi eta “Aulki bat” Amets Arzallusen hitz zintzo eta kartsuak (“Alda ezinik ez dago ezer. / Egia bat da, higatu arte”) dituen azken kantuko outro gogo-bahitzailera iritsi arte.
Batetik besterako bidean, rockaren pultsuak bizi ditu “Erreka” diskoko bigarren singlea, tinbalen erritmora, eta “Putzua”, isilaldiek eta metalek gidatzen duten pieza, biak ere kortxea pausoz aurrera; “Aira nazazu” gelditasunaren aurkako aldarrikapen atmosferikoa da (“Gehiengo isilak babesten banau / nire zaurian geratzen banaiz / aira nazazu); eta “Ostiral poz bat” single biribila, melodia zoragarri batekin kantu aberats eta hunkigarri bat idazten ikasteko gidaliburu gisa balio dezake.
Horien ondoren datoz “Ilargipean” iparramerikar folkaren oihartzunak zabaltzen dituen pieza; Irteera argiak eta Fantasia Elorrietaren aurreko lanekiko zilbor-heste modura funtziona dezaketen “Madre vieja” eta “Otsaila” paregabea (metalek altxatzen dute kantua orain, aurreko lanetan, esaterako, hariek bete duten zereginean); eta “Gora begira” Eñaut geruzaz blai den lurralde elektroniko eta etereoagoetara daraman kantua.
Disko eraginkor bezain agorrezina da Festina lente; melodia gogoangarri eta erakargarriak ditu, baiki, baina zenbanahi ertz gehiago ere, entzule jakin-nahiarentzat Dessnerrek, Chalminek eta Elorrietak sortutako unibertso musikalean.
Eñaut Elorrieta. Argazkia: Lander Garro.