Amets Arzallus: 'Ibrahimaren kontaerak sinpletasunaren magia dauka'
Orokorkeriak oro du zapaltzen: ertzak kamustuta gelditzen dira esaldi biribiletan, uniformitatearen fabore, eta elementuak taldekatzeko joerak gauzak geureganatzea zailtzen digu. “Migranteak” entzuten eta aipatzen ditugu (“etorkinak”, “emigranteak” baino gehiago), “afrikarrak” entzuten eta aipatzen ditugu, eta zertaz ariko garen bageneki bezala, baina, noski, etorkin, afrikar eta pertsona adina istorio daude; are gehiago, kontalari adina istorio daude.
“Miñan”ek galdu ohi ditugun istorio horietako bat du ardatz, Ibrahima Balde ginearraren (Konakry, 1994) bidaiarena, bi kontalarik, Baldek berak ahoz eta Amets Arzallusek (Hendaia, 1983) letraz jarria. Arzallusek bide egiten dio, Susa argitaletxeak publikatutako liburuan, Balderen bizitzako bidaiari, horrek berezkoa duen kontaera soil eta biluzian. Horren ahotan ezagutuko ditugu bere jatorria, beti etortzen ez den etorkizun bat eskuratzeko balentriak, anaia baten bila abiatutako joan-etorriak eta berorietan irekitako zauriak.
Arzallusekin hitz egin dugu, Ibrahima Balde miñan-arekin (“haurride txikia” esan nahi du hitz horrek, pular hizkuntzan) batera idatziriko lanaz.
Liburua “harreman baten istorioa” dela esan duzu: nola gorpuztu da Ibrahimaren eta zure arteko harremana?
Ibrahima iaz iritsi zen Iruna, urri bukaeran. Ni, tarteka, Irungo Harrera Sarera hurbiltzen nintzen, lehenik La Kaxita gaztetxera eta gero San Juan plazara, nezakeen hartan laguntzera. Adibidez, hemen gelditu eta asiloa eskatzen zuten migranteei elkarrizketak egiten hasi nintzen. Batetik, haientzat, asiloaren prozeduran komisarian izango zuten elkarrizketa pixka bat presta zezaten; bestetik, guretzat, guk hemendik pasatzen zen jendearen historia hobeto ezagut genezan.
Ibrahimari ere hala egin nion. Baina lehen elkarrizketa bukatu genuenean, ez dakit zergatik, handik egunetara berriz gelditu ginen, eta beste elkarrizketa bat egin nion. Oharkabe sortu zen gure artean harreman bat edo, Ibrahimak esaten duen bezala, “hitzez esplikatzen oso erraza ez den mugimendu bat”.
Noiz erabaki zenuten liburua egitea?
Ni nahiko azkar ohartu nintzen Ibrahimarengan bazela, istorio bat ez ezik, istorioa kontatzeko modu bat, modu berezi bat, bere poetika propioarekin. Orduan ikusi nuen bazuela Ibrahimak bere baitan liburu bat, eta nik lan horretan laguntzeko proposamena egin nion.
Baina, funtsean, niretzat liburua, bere bizitzaren kontakizuna den arren, migrante batekin eraikitzen duzun harremanari buruzkoa da, eta harreman horretan ikasten duzunaz. Alde horretatik, liburuan dagoen estiloaren bilaketa bizitza errealari lotua da, eta gure harremanaren etengabeko gogoetatik inspiratua.

Ibrahimak berriz bizitzen du esplikatzen ari dena, kontatzen duen bakoitzean, baina liburua egin nahi izan du, horrek eragin dion mina gorabehera. Zeren alde hustu da liburuan?
Ez nuke esango Ibrahimak helburu zehatz batekin lotzen duenik liburua. Liburua, funtsean, harreman eta ariketa baten ondorioa izan da, eta uste dut, bion aldetik, premia bati erantzuten ziola.
Nire aldetik, gertatzen denaz jakin nahiaren premiari, eta haren aldetik, agian, kontatu beharraren premiari, korapiloak askatu beharraren premiari. Baina hori dena nik diot, eta zuzenena litzateke denborarekin berari galdetzea, eta zer dion entzutea.
Mutur-muturreko egoerak, izugarrikeriak, bizi izan ditu Ibrahimak zeharkaldian. Aurrera egiteko zer euskarri izan dituela esango zenuke?
Ibrahimak bizi izan duen guztia bizi izanik ere, miseria ekonomikoa eta humanoa pairaturik ere, duintasun harrigarri bati eutsi dio, jendeari begiratzeko modua ez du aldatu. Bere oinarri etikoa ez du zalantzan jarri.
Hor badu hezkuntza sakon bat, ez dakit etxeko erlijio irakaspenei lotua edo bere gurasoek beste gisa batera emana, baina badu zerbait. Eta zerbait horrekin egin du etengabe aurrera, hain segur, biziraupen sen batek ere lagundurik.
Kontaerari ahozkotasuna dario, Ibrahimaren hitzak ahalik eta garbien papereratzen saiatu zara. Zelakoa da Ibrahimaren estiloa? Zenbat aldiz berridatzi duzu testua, biluzteko?
Agian, definitzen hasiko banintz, zerbait hautsiko nuke, eta nahiago dut Ibrahimaren ahotsa bere horretan utzi irakurle bakoitzak bere gisara har dezan. Esatera ausartzen naizen bakarra da tarteka sinpletasunaren magia hori baduela.
Bestalde, bai, idazketa prozesua bezain luzea izan da berridazketarena, edo zuzenketarena. Dozena bat aldiz berrirakurri eta zuzendu dudala esan nezake. Aldi oro, nire arrasto batzuk kentzen saiatu naiz, ohartu naizelako, askotan, bera bakarrik gai zela eta ni soberan nengoela.
Azkenean, jakina, haren ahoa eta nire eskua, biak daude liburuan, baina saiatu naiz balantza ahal bezainbat haren aldera uzten.
Zer pentsatu du Ibrahimak bertora iritsita, askok helmuga duten lurralde honetan migranteenganako utzikeria eta horien erabilera bertatik bertara ikusitakoan?
Ibrahimak aurreiritzirik gabeko ikuspegi bat eraikitzen du zeharkatzen duen leku bakoitzean, jende bakoitzarekin. Eta Europan ere, lehenik, ezagutu ditu Almeriako guardia zibilak, baina oso azkar Iruna iritsi zen, eta, beraz, batez ere Irungo Harrera Sareko boluntarioak eta lagunak dira Ibrahimarentzat Europa. Hori da zuzenean ezagutu duena.
Orain, bere asilo eskaerari ezezkoa eman diotenetik eta aterperik eta lan egiteko aukerarik gabe utzi dutenetik, beste Europa bat ere ari da ezagutzen, zorigaitzez. Eta bi osagai horiekin, eta berak eransten dituenekin, Europarekiko bere ikuspegi propioa eraikitzen ariko da.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Zer irakurle izan duzue buruan idazten ari zinen bitartean?
Egia esan, ez dut irakurle perfil jakin bat izan buruan idazketa prozesuan. Hurbilenekoekin kontsultatzen nuen idazten ari nintzen bitartean, eta galduta nenbilenean horien aholkuek lagundu didate bidea aurkitzen.
Zer opa diozu liburuari?
Opa diot, noski, irakurria izatea, eta, irakurria izateaz bat, gogoeta eragile izan dadila. Norbait, liburua itxi, eta bizi garen mundu honetaz pixka batean pentsatzen gelditzen bada, nire helburua beterik legoke.

Zure interesekoa izan daiteke
Astiberri Bilboko argitaletxeak Edizio Lan Kultural Onenaren Espainiako saria irabazi du
Astiberrik 25 urteko bidea du atzean, eta “komikigintza goi literaturaren mailara igotzeko egin duen ezinbesteko ekarpena” saritu dio epaimahaiak.
Ramon Saizarbitoria: "'Ene Jesus'en ez dago moderno izan nahirik"
Erein argitaletxeak Ene Jesus Ramon Saizarbitoriak 1976an argitaratu zuen eleberria berrargitaratu du. Joxean Muñozen hitzaurre eta ilustrazio sail batek laguntzen du "amari buruz" diharduen istorioa, Muñozen hitzetan, "zaila baino gehiago, gogorra den kontakizuna".
Marjane Satrapi "Persepolis" komikiaren egilea hil da, 56 urte zituela, "tristurak jota"
Senideek zabaldutako oharraren arabera, Satrapik ezin izan du senarraren heriotza jasan.
Joseba Sarrionandiak "Leturiaren egunkari ezkutua" eleberriaren irakurketa abiatu du
Iurretar idazleak ireki du Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraitua. Leturiaren egunkari ezkutua Txillardegiren liburua irakurriko da aurten.
Zuzenean: Klasikoen XIX. Irakurketa Jarraitua
Bilbo Zaharra euskaltegiaren ekimenez, "Leturiaren egunkari ezkutua" Txillardegiren eleberria irakurriko dute aurten etenik gabe jendaurrean.
Ehunka Joxeba Leturia, ostegunean Arriagan
Hilaren 4an, “Leturiaren egunkari ezkutua” Txillardegiren eleberria irakurriko dute jendaurrean etengabe, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren 19. edizioan.
Literaturia, literaturaren erritmoan dardarka
Euskal Letren Plaza zabalduko da Zarautzen maiatzaren 29tik 31ra, “Dar-dar” lelopean: liburu azoka, aurkezpenak, perfomancea, mahai inguruak, ikastaroak, musika, kontzertuak…
Pamielak "Lehoikumea" berrargitaratu du, 1948an Orixek euskaratuta erbesteko Jaurlaritzaren eskariz
Lehoikumea album ilustratuak Jacques Preverten testuak eta Ylla argazkilariaren irudiak biltzen ditu, eta Nikolas Ormaetxea Orixek euskaratu zuen 1948an. Erbestean zen Eusko Jaurlaritzaren eskariz euskaratu zen, aberritik kanporatutako haur euskaldunek zer irakurri izan zezaten. Ia 80 urte geroago, Pamiela argitaletxeak moldatu eta berriz argitaratu du.
Egileekin topaketak, azokak eta ibilbide literarioak protagonista, Liburuaren Egunean
Liburuaren Egunaren ospakizuna Hego Euskal Herriko plaza, liburutegi eta kultur etxeetan zentralizatuko da, publiko guztientzat pentsatutako ekimenekin.
Espainiako Kritikarien Elkarteak Eider Rodriguez eta Ane Zubeldia sarituko ditu
Gipuzkoar idazleek lortu dituzte euskarazko sariak: Rodriguezek, narratiba atalean, Dena zulo bera zen lanagatik, eta Zubeldiak, poesian, Kontra liburuari esker.