Euskara azterketaren notak USaPen, tarteko mailan; Fisikak du batez besteko baxuena eta ‘zero’ gehien
Euskal Herriko Unibertsitateak aurrekaririk gabeko txostena eskaini du USaPen izandako noten inguruan, gertatutako polemikaren ostean. Euskarako azterketan izandako batez besteko nota 6,33koa izan da; Gaztelania eta Literaturakoa 6,42koa, eta Fisikakoa 3,98koa.
Ohiko deialdiko behin betiko datuak bilduta, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) informazio zabala eman du Unibertsitatera Sartzeko Probako (USaP) emaitzen inguruan, eta agerian jarri nahi izan du Euskarako azterketaren noten inguruan sortutako polemika. Euskarako azterketaren batez besteko nota 6,33koa izan da; tarteko mailan kokatzen da eta beste zenbait ikasgaitan lortutakoa baino nabarmen handiagoa.
Zehazki, Euskara eta Literatura II ikasgaiaren batez besteko nota Gaztelania eta Literatura (6,42) eta Espainiako Historiaren (6,08) artean kokatzen da, eta Fisika (3,98) edo Matematika II (5,06) bezalako ikasgaien gainetik dago. Halaber, unibertsitateak azpimarratu duenez, Euskara ez da izan ez suspentso gehien izan dituen ikasgaia, ez ‘zero’ kopururik handiena pilatu duena, ezta 2tik beherako nota gehien izan dituena ere.
Nota guztien multzoa
Horrela, EHUko errektore Joxe Ramon Bengoetxeak azpimarratu du datuek agerian uzten dutela Euskara eta Literatura IIko azterketaren inguruan “ezohikotzat” jo dena, berez, ohiko egoeraren barruan dagoela eta beste ikasgai batzuetan gertatu dela. Era berean, errektoretzak adierazi du azterketa hori ez ezik, gainerako irakasgaien emaitzak eta aurreko urteetako joerak ere kontuan hartu behar direla.
Errektoretzatik azaldu dutenez, aurkeztutako analisi estatistikoak ez du aurrekaririk; izan ere, horrelako azterlanak egitea ez dagokio EHUri. Hala ere, Euskara azterketaren inguruan sortutako eztabaidari erantzuteko egin dutela argitu dute.
Horretarako, EHUk hainbat adierazleren datuak plazaratu ditu: irakasgai bakoitzeko batez besteko nota, gaindituen ehunekoa, zeroen ehunekoa, bi puntutik beherako noten portzentajea, iazkoarekin alderatuta izandako noten jaitsiera eta kalifikazioen tartea.
Datu horien arabera, Euskara azterketaren emaitzak "normaltasunaren barruan kokatzen dira". Batez besteko nota Gaztelania eta Literatura ikasgaikoa baino 0,09 puntu txikiagoa baino ez da, eta badira batez besteko askoz apalagoak izan dituzten beste hainbat irakasgai ere.
Are gehiago, EHUk jakinarazi duenez, A ereduan ere ikasleen gehiengo zabalak Euskara eta Literatura IIko azterketa gainditu du (%65 eta %76 artean). Lehen aldia da datu hori aztertzen dena; izan ere, PAUn ez da ikasleen hezkuntza-eredua erregistratzen, eta informazio hori lortzeko datuak gurutzatu behar izan dituzte.
Noten jaitsiera
EHUk onartu du Euskara ikasgaiko batez besteko nota 0,48 puntu jaitsi dela iazkoarekin alderatuta. Dena den, nabarmendu du beste zenbait irakasgaitan beherakada handiagoa izan dela, eta Matematikan, esaterako, bi punturainokoa.
Euskara azterketaren kasuan, jaitsiera hori bi arrazoirekin lotu dute: batetik, azterketak aurten gaitasunetan oinarritutako ikuspegi handiagoa izan duelako, beste hainbat irakasgaitan bezala; eta, bestetik, hizkuntzetako gainerako probetan bezala, aurten ortografia-akatsak zigortu direlako.
Ikasle kopurua ikasgai bakoitzeko
Bestalde, EHUk gogorarazi du irakasgai guztietan ez dela ikasle kopuru bera aurkezten. Batzuk derrigorrezkoak dira, eta beste batzuk ikasle bakoitzaren ibilbide akademikoaren araberakoak.
Horren harira, Bengoetxeak adierazi du ikasle gehien bildu dituzten azterketak, hurrenez hurren, Gaztelania eta Literatura, Ingelesa eta, hirugarren tokian, Euskara eta Literatura II izan direla.
Horregatik, EHUk nabarmendu du Euskara azterketan Fisikan baino zero gehiago izan direla kopuru absolutuan, baina Euskara probara lau aldiz ikasle gehiago aurkeztu direla. Ondorioz, proportzioari erreparatuta, Fisikan zeroen pisua askoz handiagoa izan da: kalifikazio guztien % 3,2 izan dira zeroak; Euskaran, berriz, % 1,4.
Era berean, bi puntutik beherako kalifikazioak ez dira Euskararen ezaugarri esklusiboa. Euskaran, bi puntutik beherako notak ikasleen %6,2ri dagozkio. Fisikan, berriz, %24,5era iristen dira; Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematikan, %10,8ra; eta Matematika IIn, %9,9ra.
Bermeak dituen prozesua
EHUk USaPi buruzko beste ondorio batzuk ere plazaratu ditu. Azaldu duenez, epaimahai guztietan antzeko desbideratze estatistikoak atzeman dira, baita Euskara azterketan zero kopuru handiagatik zalantzan jarritako epaimahaian ere. EHUren arabera, epaimahai horretan ere “nota tarte osoa” eman da, “hamarreko notak ere bai”.
Azaldu dutenez, ezohiko desbideratze horiek —batez bestekoarekiko bi puntutik gorako aldeak— 11 ikasgaitan atzeman dituzte. EHUk ere onartu du ikasgai guztien zuzenketan badela nolabaiteko "diskrezionaltasuna", eta zuzentzaileak zorrotzagoak edo malguagoak izan daitezkeela.
Era berean, azpimarratu du USaPen zuzenketa prozesuak berme guztiak dituela. Gogorarazi du sistema sistema ez dela “EHUk asmatua”, Errege-dekretu batean oinarritzen dela, eta ikasleek bigarren zuzenketa eskatzeko aukera dutela, lehen zuzenketa egin duen irakaslea ez den beste zuzentzaile batek azterketa berrikus dezan.
Ildo horretan, EHUk gogorarazi du, bigarren zuzenketan bi puntutik gorako aldea atzemanez gero, hirugarren eta laugarren zuzenketak ere eskatzeko aukera dagoela.
Zure interesekoa izan daiteke
Metro koadroko 15 litro ur bota ditu ordubetean Gipuzkoan
Urola Erdian eta Urola Kostan bizi izan dira kazkabar eta zaparrada gogorrenak. Abisu horia aktibo izan da 22:00ak arte. Astelehena ere egun eguzkitsua eta beroa izango da eta arratsaldetik aurrera ekaitzak izan daitezke berriz ere.
'Bali' baleak jendetza erakarri du beste behin Bilboko kaleetan
‘Bali’ baleak eta haren itsas animalien segizioak beste urte batez ere jendetza erakarri dute Bilboko Kale Nagusiko desfile jendetsu eta tradizionalean. Ekitaldia Aste Nagusiko hitzordu jendetsuenetako bat bihurtu da dagoeneko, eta aurten Txinako Urte Berriari egindako keinuak ere izan ditu
“Hau ez da kultura, hau tortura da” lelopean, protesta egin dute zezenketen aurkakoek Bilbon
“Hau ez da kultura, hau tortura da” lemapean, zezenen aurkako plataformak dozenaka lagun bildu ditu arratsaldean, Bilboko Zezen plazaren aurrean. Aste Nagusiaren barruan zezen korridak egiten dira eta horiekin amaitzea eskatzen dute. Egunero bilduko dira zezen plaza itxi dezaten eskatzeko.
Bi gazte oso larri erreskatatu dituzte La Morea urtegian
Bainulariek atera dute uretatik 20 urteko gizona, eta suhiltzaileek, berriz, 25 urteko emakumea. Bihotz-biriketako bizkortzeko maniobrak egin dizkiete, eta anbulantzia medikalizatuan eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.
Zaparrada trumoitsuek eta kazkabarrak ezustean harrapatu ditu herritarrak Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian
Bero izan da goizean goizetik, bero-hodeiak garatu dira Gipuzkoako hainbat tokitan, eta ekaitzak gogor du Urola Kostan arratsalde erdian. Ondoren, ekaitzak Bizkaiko kostalderako bidea hartu du. Zarauzko pilotalekuko sabaia kaltetu du txingorrak eta partida eten behar izan dute.
TicketBAI sistema txosnetan: aurtengo berritasuna, konpartsen kritiken artean
Kontsumizio bakoitzeko tiketa sortu behar dute, gero Ogasunera helarazi behar duten aitorpenarekin alderatu eta kontrol zehatzago bat egin ahal izateko. Konpartsek salatu dutenez, txosnak jarduera ekonomiko profesionala duten enpresen zakuan sartu nahi dituzte.
Milaka pertsonak erantzukizun politikoak eta suteak prebenitzeko baliabide gehiago eskatu dituzte Jakan
Pirinio Duina Mendiaren Duintasunaren aldeko Mugimenduak deitutako manifestazioan, besteak beste, Peñas de Riglos, Cinco Villas eta Leciñenako suteetan aritu diren suhiltzaileak bildu dira.
Bilbon adin guztietarako jarduerak izan dira Aste Nagusiko lehen orduetan
Bizkaiko hiriburuak Aste Nagusiari ekin dio, eta lehen orduetatik jai-giroa da nagusi bertan. Txikienetatik hasi eta helduenetaraino, denek dute zer egin eta zerekin gozatu.
Bederatzi atxilotu Aste Nagusiko lehen egunean, bi ukituengatik eta beste bat genero-indarkeriagatik
Jai-eremuan (Areatza inguruan eta Euskotreneko geltokian) zein handik kanpo izan dira abusuak.
Tomas Soraluze 'Epelde' trikitilari azkoitiarra hil da 81 urte zituela
'Epelde eta Larrañaga' bikoteko kide izateagatik ezaguna, elkarrekin hiru disko grabatu eta Kupela abesti ezaguna sortu zuten.