Imarkoainen piztutako sutea egonkortuta dute eta AP-15 autobidea zabalik da berriro
Sua 17:00ak baino apur bat lehenago piztu da, Iruñetik 10 kilometro eskasera dagoen zereal soro batean. Prebentzio neurri gisa, AP-15a itxita egon da tarteka, baita N-121 errepidea ere, eta gertu dagoen trenbide katenariaren argindar hornidura etenda egon da. Haizea itzaltze lanak zailtzen ari da.
Igande arratsaldean Imarkoainen piztutako baso-sutea egonkortzea lortu dute, Nafarroako Larrialdiek 22:00etan egindako azken eguneratzearen arabera.
21:00etan, txanda egin da suhiltzaileen artean, eta arratsaldean inguru horretan lan egin duten Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Cordovillako parkeetako eta BHIF brigadetako langileek Lizarra, Azkoien eta Tafallako suhiltzaileen esku utzi dituzte gaueko itzaltze lanak.
Aginte-postu aurreratua Beriaingo industrialdean ezarri da, suak kaltetutako pinudiaren zaintza errazteko, eta inguruko nekazariak ere lanean aritu dira, Ingurumen Zaindegiak koordinatuta, perimetrazio-lanetan eta suebakiak egiten.
Suak, hala ere, aktibo jarraitzen du, eta, beraz, sua itzaltzeko lanek jarraitzen dute.
Suteak errepide eta tren bidezko trafikoari eragin dio; izan ere, suak batez ere AP-15 eta N-121 errepideen artean dauden zereal soro batzuei eragin die, eta tarteka moztu behar izan dituzte arratsaldean errepideak, keagatik. 20:45ean zabalik gelditu da atzera autobidea.
Sua trenbidearen inguruan dago, eta, hori dela eta, horregatik, katenariaren hornidura elektrikoa eten dute hainbat orduz. Hala, Biurrun eta Noaingo geltokien arteko zirkulazioa eten egin dute. Gainera, Iruñerako noranzkoan zihoan tren bat Unzueko geralekuan geratu da, badaezpada ere. Adifek artatu ditu bidaiariak, trenbidetik gertu dagoen gune batean.
Nafarroako Larrialdietarako Zerbitzuak jakinarazi duenez, 20:50ean Unzueko geralekuan geldiarazitaok trenean zeuden pertsona guztiak ebakuatu dituzte, eta 21:30ean trenbideko zirkulazioa ireki dute berriro, Adifek trenbidea egiaztatu ondoren.
Herritarrei sutearen eremura ez hurbiltzeko eskatu diete, bai segurtasunagatik, bai sua itzaltzeko dispositiboko ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzeko.
Garrak 16:50 aldera hasi dira zereal soro batean, eta hego haize beroaren eraginez, arin zabaldu dira ondoko baso batera.
AP-15a, itxita, bi orduz
Ke zutabe handia ikusi ahal izan da AP-15 autobidetik, eta bertatik grabatu ditu irudiok EITBk, sutea hasi eta gutxira. Iruñeko hegoaldetik ere ikusgai zen kea.
Gerora, autobidea ixtea ebatzi du Foruzaingoak, 56 eta 58. kilometroen artean, bi noranzkoetan. 19:00etan zabaldu dute berriro. N-121 errepidea ere tarteka zarratu dute, larrialdi zerbitzuei pasatzen uzteko.
Foruzainek jakinarazi duenez, pilaketak sortu dira Iruñeko hegoaldeko sarbideetan.
Tafalla eta Cordovillako suhiltzaileak, bi helikoptero, Ministerioaren sua itzaltzeko beste bi abioi, eta basozainak ari dira lanean sua itzaltzeko. Inguruko nekazariak ere euren traktoreekin ari dira laguntzen.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera