Abisu horia ezarri dute ostegunera arte tenperatura altu eta oso altuengatik
Hurrengo hiru egunetan, maximoak 37º-koak izango dira Arabako hegoaldean, 35º-koak Kantauri barnealdean eta 31º-koak kostaldean.
Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du tenperatura altu eta oso altuengatik gaur hasi eta datorren ostegunera bitartean; izan ere, 37 gradu inguruko maximoak aurreikusten dira hiru egun horietan.
Astearte honetarako abisu horia ezarri dute, tenperatura oso altuengatik, 12:00etatik 20:00etara; izan ere, 34º-ko maximoak aurreikusi dituzte trantsizio-eremuan, eta 36º-koak Arabako barnealdean, baina kostaldean 27º-koak izango dira, eta Kantauri barnealdean 31º-koak.
Asteazken honetarako abisu horiak indarrean jarraituko du, tenperatura altu iraunkorrengatik egun osoan, eta oso altuengatik 12:00etatik 20:00etara. Epe horretan termometroa 37º-ra irits daiteke Araba barnealdean, 36º-ra trantsizio-eremuan eta 35º-ra Kantauri barnealdean; kostaldean, berriz, 29º-ra.
Ostegunean abisu horia ezarriko da tenperatura altu iraunkor eta oso altuengatik 12:00etatik 20:00etara. Aurreko eguneko erregistroen antzekoak izango dira: 37º Ebroko inguruan eta 36º trantsizio-eremuan. Egun horretan maximoak zertxobait baxuagoak izango dira barnealdean (33º) eta kostaldean (27º).