Casedan jo dute goia termometroek, 42,1 graduraino iritsi baitira
40 ºC inguruko tenperaturak izan dira gaur toki askotan. Nafarroan eta Araban alerta laranja dago ezarrita, beroagatik.
Iruñea, gaur arratsaldean. Argazkia: EFE
Euskal Herria astintzen ari den bero boladak ezohiko tenperaturak utzi ditu asteazken honetan. Hegoaldean egin du berorik handiena. Toki askotan 40 graduren bueltan ibili dira termometroak.
Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak zabaldutako datuen arabera, Casedan erregistratu da eguneko balio altuena: 42,1 gradu. Iruñeko aireportuan ere 42 graduraino iritsi dira termometroak arratsaldeko lehen orduan.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Euskalmet agentziak jakinarazi du Araban jaso direla tenperatura altuenak: Goiainen, 38,3 gradu; Agurainen, 38; eta Abetxukun, 37,9. Gipuzkoan, berriz, Beasainen jo dute goia termometroek, 35,5 graduraino iritsita.
Araban eta Nafarroan alerta laranja dago ezarrita beroagatik.
Kostaldean giro freskoagoa izan da: iparra sartu da eta apalago mantendu ditu termometroak kostaldetik gertu. Egunaren zati handi batean zeru eguzkitsua nagusitu da, baina arratsaldean ipar partean hodeiak ugaritu dira.
Tenperatura altuei su-arriskua gehitu behar zaie. Araban, baso-suteen arriskuagatiko abisua indarrean izan da 14:00etatik 20:00etara. Nafarroan ere baso-suteak izateko muturreko arriskua dago.
Iparraldean, Météo-Francek abisu horia ezarri du tenperatura altuengatik.
Noiz jaitsiko dira tenperaturak?
Ostegunean hasiko gatzaizkio bero-boladari buelta ematen: tenperaturak jaitsi egingo dira; beraz, abisuak maila horira igaroko dira Araban eta Nafarroan.
Ipar-mendebaldeko haizeak hegora egingo du, eta tenperaturak nabarmenago jaitsiko dira Kantauri isurialdean; bertan, zerua hodeitsu egongo da, behe-hodei ugarirekin. Erkidegoko hegoaldean eta isurialde mediterraneoan, ordea, tenperaturaren beherakada ia ez da igarriko, eta giro bero eguzkitsuak jarraituko du.
Iparraldean beroagatik ezarritako abisu horiari eutsiko diote.
Zure interesekoa izan daiteke
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere